Urteko 14. Igandea B 2018-07-08
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko irakurgaiek erronka handia bota digute: Sinesten al dut Jesusengan?, federik ba al dut?, konfiantzarik ba al dut Jesusengan?
Joan den igandean bi fede-lekuko edo testigu eskaini zizkigun ebanjelioak: odol-jarioa zuen emakumea eta oso larri zegoen 12 urteko neskatxaren aita, Jairo.
Gaur bi irakurgaiek, lehenak eta ebanjelioak, beste batzuen guztiz kontrako jarrera dakarkigute begi aurrera.
Lehen irakurgaian, Ezekiel profetari dei hau egin dio Jainkoak: «nire kontra jaiki den herri batengana bidaltzen zaitut; zuri kasu egin ala ez, jakinarazi behar diezu, izan dutela beren artean profeta bat».
Ebanjelioan, berriz, bere herrian berean, bere jaioterrian, egin diote uko Jesusi. Jesus bera harritzeraino. Eta ezin egin izan du miraririk bere jaioterri horretan.
Senideok, bai erronka handia! Bai tristea Israel herriaren jarrera! Bai negargarria nazaretarren jarrera! Eta nirea? Eta gurea?
Kafarnaumen oso gogotsu hartu dute Jesus. Aitzitik, Nazareten, bere jaioterrian, porrota jasan du. Nazareteko hau, israeldarrek, oro har, emango dioten erantzunaren sinboloa da. Buruzagi erlijiosoek ezin ulertu eta jasan izan dituzte Jesusen jokabidea eta jarrera. Herriak, berriz, nazaretarrek bezala, azken batean ez dio eskaini harrerarik: gauza berriegiak proposatzen ditu Jesusek, konforme daude dauden daudenean: zertan arriskatu?
Jesus ezagunegia dute. Galilean galdutako herri batekoa da. Zer onik etor daiteke handik? Modu gizatarregian interpretatu dute Jesus eta Jesusena. Bista-motz jokatu dute. Okerrena, Jesus bera gertatu zaie oztopo beraren mezua onartzeko: bere ideia egina zuten Jesusez, eta ez dute jakin aurrez egina duten ideia hartatik irteten. Bista-motz, berri esateko.
Egun hauetan, kolonbiar baten mezua irakurri ahal izan dugu. Kontatzen du, Bogotan, hiriburuan, bazela familia bat, ekonomiko eroso baino erosoago bizi zena. Baina alaba gaztea jende pobrea jasotzeaz arduratu ohi zen kongregazio batean sartu zen. Behin batean, beste lagun batekin, hirira diru-eskale irteteko agindu zioten. Halako batean, moja egin aurretik festa-lagun izan zituen mutil gazte batzuekin topo egin zuen; burla eginez agurtu zuten moja berria. Eta taldeko batek, iseka eginez, esan zion: «Musu ematen badidazu, emango dizut limosta». Moja gazteak, eskuan zuen zorroa bere lagunari eman, belaunikatu eta oinak musukatu zizkion mutiko kaskarinari; zutitu eta eskua luzatu zion limosna eske. Limosna eman eta lotsa-lotsa eginda alde egin zuten gazte festazaleek. Jesusi egindakoaren antzekoa, neska honi ere.
Jesusi Nazareten eta, oro har, Israel osoan egina, behin eta berriz errepikatu ohi da munduan. Egia esateko, ez da gustagarri izaten norberaren herrian, norberaren ezagunen artean, ebanjelioa predikatzea. Ezagunegia izan ohi da bat, eta nazaretarren erreakzioa errepikatzen da askotan: zer esan diezaguke honek guri?, ez al dugu ezagutzen beraren jokabidea? Halere, Ezekiel profetari bezala, Jesusi bezala, gertatu ohi da. Duela egun batzuk, Frantzisko aita santuak esana da: «Kristauek laguntza eta hurbiltasun handiagoa eskain beharko liekete apaizei beren bakardadean». Baina ez da ardura apaizei bakarrik eskaintzearen kontua. Zenbat jende baztertzen dugun!, zenbat mezu galtzen dugun!, hain justu ezagunegia dugulako delako pertsona hori.
Neure esperientzia propioan, kasu bat adierazi nahi nuke; jende askori bidaltzen dizkiot astero-astero Jose Antonio Pagolaren homilia eta beste batzuena. Behin batean, hartzaile horietako batek: «Hemendik aurrera ez iezadazu bidali zure asterokorik; ideologia-arazoa dago jokoan». Eztabaida zorrotz samarra izan berria nuen, beste arazo guztiz desberdin batez. Ez nuen jakin zein zen ideologia-arazoa: Pagolaren testuaren ikuspegia ala bidaltzailearekin konforme ez egotea.
Edozein kasutan, horrelako jokabidea ez zait batere arrazoizkoa iruditzen; askoz gutxiago ebanjelikoa. Pagolaren testuarekin konforme ez egotea bada, on izaten dugu geurea ez bezalako ikuspuntua ere ezagutzea. Bidaltzailearekin konforme ez egotea bada, zorakeria iruditzen zait, mezu on bat hartzeari uko egitea, bidaltzailearekin konforme ez nagoelako. Geure bizitzan guztiz inportantea da bereizmena. Funtsezkoa da. Gauzak bereizten jakitea.
Hasieran esan dut, gaurko irakurgaiek erronka handia bota digutela: konfiantzarik ba al dut Jesusengan? Jesusen Espirituak argitu gaitzala. Bata besteari argibiderik ematen saia gaitezela.
Dionisio Amundarain