URTEKO 14. IGANDEA A 2017-07-09
SARRERA
Senideok, gaurko irakurgaiek pozik bizitzera eta poza agertzera eragiten digute. Itun Zaharrean berean, dei hori nabarmen ageri da askotan. Baina zergatik poztu?
Hona zer esaten digun Isaias profetak, Mesiasi buruz ari dela: «Zuk ugaldu egin duzu alaitasuna; handitu egin duzu poza» (9,2). «Oihu egin bezate pozik eta garrasika» (12,6) dio Isaiasek berak.
Beste horrenbeste agertuko digu gaurko lehenengo irakurgaian Zakarias profetak.
Eta ebanjelioan, Jesus gonbit eta erregu horien oihartzun egingo da: zeruko Aitari eskerrak eman dizkio, gauza hauek jende xumeari agertu dizkiolako.
Beraz, poz izateko arrazoia, Jainkoak gugana Mesias, Salbatzailea, Askatzailea bidali izana da. Baina Mesias hori ulertzeko modua, goitik behera aldatu da, ikuspegi batetik bestera. Ez da Daviden moduko Mesias gerlaria, ez da Mesias handi eta boteretsu bat. Pobre egin den Mesias da. Pobreekin bat egin duen Mesias: «Zatozte nigana nekaturik eta estuturik bizi zareten guztiok, eta nik arinduko dut zuen zoria» esango digu Jesusek ebanjelioan.
Horra pozik eta alai bizitzeko arrazoia: apala eta errukitsua dugu Mesias, salbatzailea eta askatzailea.
LEHENENGO IRAKURGAIA Zakarias profetaren liburutik (9,9-10)
Zakarias profetaren liburuko azken zatitik hartua da gaur entzungo dugun pasartea. Ematen du, Kristo aurreko bost ehun eta hemezortzigarren urte inguruan predikatu zuela Zakarias profetak; herriari animoak emateko, desterrutik itzuli ondoren; zehazki, Tenplua berregiten ari ziren neke handiko lanean.
Liburuaren bigarren zatia, gaurko pasarteari dagokiona, geroagokoa da. Garai honetan, profeta-jende gutxi ageri da. Jainkoaren parte hartzea gehiago azpimarratzen da. Eta Mesiasi buruzko ikuspegi finagoa ageri da. Mesias hori, pertsonaia misteriotsu bat izango dela aurreikusten du autoreak; errege bakezale eta apala izango dela. Baina ez da Mesias ergel bat. Egiteko handi bat izango du. Misiolari izango da. Bake-ekarle.
Benetako Mesiasen, Jesusen, argazkitik askoz ere hurbilagoko ikuspegia da Zakarias profetaren hau. Fariseuek eta garaiko apaizek pintatuko zutena baino hurbilagokoa. Gure Eliza mateak historiako une askotan agertu izan duela baino hurbilagokoa
Senideok, saia gaitezen zinezko Mesias hori geure bihotzaren jomuga bihurtzen.
BIGARREN IRAKURGAIA Paulok Erromatarrei egindako gutunetik (9,9.11-13)
Paulo aztertzen ari da, zein erlazio duten Jesusen ebanjelioak eta momentuan bizi duten munduko ordenuak: bekatuaren eta legearen mendean bizi den munduaren ordenuak.
Paulo oso baikor ageri da Erromatarrei egindako gutun honetako zortzigarren kapitulu honetan: aurrera begira jartzen da, eta gauza segurutzat du, azkenean Jainkoak garaituko duela.
Gaurko pasartean, bi pertsona-mota ditu begi-bistan Paulok: bata, «haragiaren» arabera bizi da; bestea, «espirituaren» arabera bizi da.
Jakina, «haragi» eta «espiritu» kontzeptu hauek ondo ulertu behar dira. «Haragiaren» arabera bizitzeak, hau esan nahi du: Jainkoa aintzat hartzen ez duen munduaren balioen arabera bizitzea. Beraz, kreatzailea aintzat hartzen ez duen munduaren balioez ari da. «Espirituaren» arabera bizitzeak, berriz, hau esan nahi du: Jesus berpiztu duen Espirituaren arabera bizitzea. Azken batean, Jesusek erakutsi eta irakatsi digun bezala bizitzea.
JESU KRISTOREN EBANJELIOA San Mateoren liburutik (11,25-30)
Jesusen esker-otoitzaz ari da gaurko pasarte hau nagusiki. Jainkoak bere Berri Ona jende xumeari agertu diolako pozten da Jesus. Ez da pozten jakintsuek onartu ez dutelako. Bere ideia nagusia, jende xumeak onartu izana da. Jainkoak bere mezua nekaturik eta estuturik bizi den jendeari agertu diolako.
Jende xumea esatean, hauek ditu gogoan: gizarteak bazter utzia duen jendea: zerga-biltzaileak, bekatariak…
Jesusek esan nahi digu, Jainkoa aintzat hartzea ez dagoela jende burutsua, adimen azkarrekoa izatean. Jainkoa ezagutzeko Jainkoaren beraren argia behar da, eta argi hori Jainkoak txikiei eta xumeei eskaintzen die; hobeto esan, Jainkoaren eskaintza unibertsala jende xumeak bakarrik onartzen du. Bere buruaz betea dagoen jendeak ez du sentitzen Jainkoaren beharrik. Bere burua pobre ikusten duenak, irekia izaten du bihotza entzuteko eta ikusteko.
Pasartea bukatzeko, hona Jesusen erregua: nekaturik eta lur jota zaretenok, etorri nigana, eta nik arinduko dut zuen nekea.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Gure Eliza maitearentzat: jende xumearen, pobreen, atsekabetuen adiskide izan eta agertu dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gure erakundeak gidatzen dituztenentzat: zuzentasunean eta parekotasunean oinarritutako gizartea egiten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Modu batean eta bestean, mundu hau bizitzeko erosoago bihurtzeko, lan egiten duten guztientzat: on egiteak ematen duen barneko pozak indarra eman diezaien aurrera jarraitzeko. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Duintasunez bizitzeko behar den baliabiderik ez dutenen alde: baliabide-ezak etsipenera eraman ez ditzan, baizik eta ekinaren ekinaz ahalegina egiten jarrai dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.