Urteko 14. igandea A 2020-07-05

HOMILIA

Anai-arrebok!

Pozik nago berriro zuekin izateaz. Lehenik koronabirusak, gero ebaketak: biek behartu naute fisikoki zuengandik urrun bizitzera. Baina, egia esan, bihotzez antsia handia bizi izan dut, elkarrekin eukaristia ospatzeko. Eskerrak Jesus Jaunari eta Andre Mariari, eta eskerrak zuei, otoitzean gogoan izan nauzuelako.

Gaurko irakurgaiek pozik bizitzera gonbidatzen gaituzte. Bai Zakarias profetak, bai Jesusek. Zoragarria da gaurko ebanjelioa: Jesusek eskerrak damazkio Jainko Aitari. Zergatik? Gauza hauek guztiak jende xume eta apalari agertu dizkiolako. Eta bukatzeko: zatozte nigana nekaturik eta zamaturik sentitzen zaretenok.

Erreparatu diezaiogun Jesusen esan honi: gauza hauek jende xumeari agertu dizkiozulako.

Gaurko pasarte honen aurrekoan, bera eta beraren ebanjelioa onartu ez zutenen kontra aritu da Jesus. Gaurko honetan, jende xume eta umila goraipatzen du. Jende harroak ezin ulertu du, ezin onartu du, ez Jesus, ez Jesusen ebanjelioa. Bihotzaren erdian beste gauza batzuk dauzka: dirua, erosotasuna, familia, lagunartea… Hitz batean, Jainkoarentzat lekurik ez. Eta gauza jakina da: Jesus eta Jesusen ebanjelioa onartzea, azken batean, Jainkoaren dohaina da. Fedea, esperantza, Jesusen araberako maitasuna: hauek Jainkoaren dohain dira. Eta jende xumeak bakarrik ulertzen ditu: bihotzean erdigunea Jainkoari ematen diolako. Dirua, erosotasuna, familia, lagunartea… Jainkoaren begiez ikusten ditu. Senideok, har dezagun gogoan: fedea Jainkoak doan ematen digun erregalua da. Egiogun txoko bero bat bihotzean.

Bestetik, zein errukitsua den Jesus. Nekaturik eta zamaturik sentitzen zaretenok, zatozte nigana. Zertatik libratuko eta arinduko gaitu Jesusek? Bizitzan zailtasunak izatetik? Gogor jokatu behar izatetik? Gaixotasunetik? Heriotzatik? Ez, ez, ez.

Jesus eta Jesusen ebanjelioa Jainkoak ezarritako legetzat hartzetik libratu nahi gaitu. Jesus ez da lege bat. Jesus pertsona bat da. Gurekin bizi den pertsona bat. Gu gizon edo emakume egiten ikusi nahi gaituen pertsona bat.

Jakintsuek eta adituek beste modu batean ulertzen dute gizon edo emakume egite hori. Esate baterako, emaiogun begiratu bat gaur egun zenbait jendek bizi duen eztabaidari: feminismoaz, generoaz (mugimendu feminista bat alderdi politiko batetik kanporatzea planteatzeraino); batez ere, ordea, erreparatu diezaiogun jarrera eta jokabide honi: milioika pertsona goseak bizitzeari garrantzirik ematen ez dion jendearen jokabideari.

Jesusen Jainkoa, ordea, jende xumearen, jende pobrearen, jende ahaztuaren… Jainkoa da.

Jende xumea da Jainko hori ulertzeko gai dena: azken hitza ez da zoritxarra, ez da gosea, ez da heriotza. Zamaturik eta nekaturik sentitzen zaretenok, zatozte nigana. Ni neu ere gaizki tratatu ninduten, gurutzean hiltzeraino. Baina Jainko Aitak aintzat hartu zuen nire jokabidea: ez nintzelako izan egoista, saiatu nintzelako jende zapaldua besteen mendetik ateratzen. Zatozte nigana. Nire zoria izango duzue, zuek ere, zeuen azken zoria. Baina izan ezazu gogoan: nire zoriona ez zen izan piztu ondokoa bakarrik. Neure gogoz eman nuen nik bizia: zorion eta atsegin izan nuen neure bizia emate hura bera ere. Zorion hil aurretik, zorion hil ondoren.

Dionisio Amundarain