URTEKO C 13 ig OHAR 2019-06-30
SARRERA
Senideok, urteko 13garren igandea ospatzen dugu gaur. Lehen irakurgaian eta ebanjelioan, berari jarraitzeko deia egin digu Jaunak. Bokazio-dei dira..
Kreatuak izate hutsak, berekin dakar bokazio bat. Izan ere, Jainkoak, kreatu gaituenean, ez gaitu kreatu ezer ez izateko edo ezer ez egiteko. Geure burua haziz edo kreatuz joan gaitezen kreatu gaitu.
Bestetik, Lukasek dio ebanjelioan funtsezko erabakia hartu duela Jesusek. Lukasen ebanjelioan Jerusalem du Jesusek helmuga. Lukasen ebanjelioan, Jesusen haurtzaroko kontaera egin ondoren, Galilean barna ageri da Jesus, Jainkoaren Berri Ona hots egiten. Gaurko pasartetik aurrera, berriz, Jerusalemera bidean aurkeztu digu Lukasek Jesus. Bide zaila eta neketsua. Han bidaliko du bere Espiritua ikasleen bihotzera. Ikasle horiek han hartuko dute Jesusen egitekoa beren egitekotzat.
Senideok, gaur egun, 2019an, gu geu gara Jesusen ikasle. Gure gainera bidali du Jesusek bere Espiritua, beraren egitekoa aurrera eraman dezagun, eta egiteko hori Jesusek hasi zuena bera da: Jainkoaren erreinua hots egitea gizon-emakume guztiei. Bihotz handiz, fedez, esperantzaz, maitasunez.
LEHEN IRAKURGAIA Erregeak lehen liburutik (19,16b.19-21)
Erregeak izeneko lehen liburuko pasarte bat entzungo dugu. Liburu hau, «joera deuteronomista» deitzen dugunekoa da. Ikuspegi horren arabera, Jainkoa bere alde aterako zaio herriari, leial baldin bada; bestela, zigortu egingo du. Jakina, gaur egun ezin dugu onartu ikuspegi hori: Jainkoa leial da beti, eta ez du inor zigortzen.
Nolanahi dela, profetek ikuspegi horretan oinarritu zuten beren predikua. Profeta horien artetik, gaurko irakurgai honek bi aipatu ditu: Elias handia eta Eliseo. Eliasek idolatriaren kontra jokatu zuen beti.
Zahartzarora iritsirik, beste norbaiti utzi nahi dio Eliasek bere egitekoa, eta Eliseo hautatu du.
Eliseoren bokazio honek gaurko ebanjelioak aipatzen dituen bokazioetara garamatza. Aldi berean, geure bokazioan pentsatzera.
BIGARREN IRAKURGAIA Galaziarrei egindako gutunetik (5,1.13-18)
Galaziarrei egindako gutun hau Efeson idatzi zuen Paulok, ematen duenez. Bai Galazia, bai Efeso, gaur eguneko Turkian zeuden.
Paulok kristau-askatasuna azpimarratu nahi du. Kristok libre ikusi nahi gaitu, bai bekatutik, bai oinarritzat arauak eta legeak dituen erlijiotik.
Baina askatasuna ez da edozer gauza egiteko. Pertsona bezala hazten, garatzen eta handitzen joateko da. Lagun hurkoaren zerbitzari izatea dakar horrek.
«Haragiaren» mendeko ez izatea aipatzen duenean, berriz, egoismoa adierazi nahi du. Zerbitzari izan ordez, nor bere kolkora begira bizitzea esan nahi du egoismoak.
Gauzak zehaztuz, aske eta libre bizitzera deitzen gaitu Jaunak.
.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (9,51-62)
Hitz hauekin hasi du Lukasek gaurko pasartea: «Mundu honetatik eramana izateko garaia zetorkiolarik, Jerusalemera joateko erabaki sendoa hartu zuen Jesusek».
Lukasen ebanjelioaren erdigunea da. Jesusek bere egitekoa Jerusalemen bukatu nahi du. Bide luze eta zaila izango du. Ez da ari bide geografikoaz, baizik bide espiritualaz. Jesusek aurre egin beharko die boteretsuei eta buruzagiei.
Ebanjelioko bigarren zatia: gaurko pasarte honetan, ikusmolde desberdin bat ageri da Jesusen eta ikasleen artean, beste behin. Ostaturik eman nahi ez dietelako, ikasleek suntsitu egin nahi dituzte samariarrak; Jesusek, berriz, haserre begiratu die bi ikasleei; Jesus ez dator inor galtzera; guztiak salbatzera dator.
Hirugarren zatia: bere bidea hartzeko esaten dio Jesusek jendeari. Bai. Jesus deia da, gonbita da, erregua da. Baina ez du inor engainatu nahi. Berari jarraitzeak zer esan nahi duen garbi utzi die. Ez da arrosa-bidea. Nahiz zorionbidea den.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Jesusi jarraitu nahi diogun guztientzat: gure keinuak, hitzak eta egintzak, geure inguruko guztientzat, askatasun- eta ongizate-aukera izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gure haurrak eta gazteak hezteko ardura duten guztientzat: Jesusen tankerako biziera eragin diezaieten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduan agintari diren guztientzat: beti herriarentzat lan egin dezaten, ahulenak direnen askatasuna eta ongizatea bilatuz. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Eliza osoko elkarteen alde: elkarte irekiak izan daitezen, harrera ona egiten dakiten familia izan daitezen, bizitzeko era desberdinak onartzen dakiten talde eta pertsona izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.