URTEKO C 13 ig OHAR 2016-06-26

SARRERA

Senideok, urteko 13garren igandea ospatzen dugugaur. Lehen irakurgaian eta ebanjelioan, berari jarraitzeko deia egingo digu Jaunak. Bokazio-deiak dira. Izan dezagun gogoan, bokazioa ez dela pertsona berezi batzuen kontua. Bokazioa, gizon-emakume guztiei dagokie.
Kreatuak izate hutsak, berekin dakar bokazio bat. Izan ere, Jainkoak, kreatu gaituenean, ez gaitu kreatu ezer ez izateko edo ezer ez egiteko. Geure burua haziz edo kreatuz joan gaitezen kreatu gaitu Jainkoak. Eta geure burua kreatuz batean, Jainkoaren lankide izan gaitezen mundua kreatzeko.
Bestetik, Lukasek dio gaur ebanjelioan funtsezko erabakia hartu duela Jesusek. Lukasen ebanjelioan Jerusalem da helmuga. Lukasen ebanjelioaren lehen zatian, Galilean barna ageri da Jesus, Jainkoaren Berri Ona hots egiten. Gaurko pasartetik aurrera, berriz, Jerusalemera bidean aurkezten digu Lukasek Jesus. Bide zaila eta neketsua. Ez geografikoki hala delako, baizik espiritualki: Jesusi bide hori garratza gertatuko zaio. Jerusalemen eramango du betera bere egitekoa: han hilko dute, han piztuko da, han bidaliko du bere Espiritua ikasleen bihotzera. Ikasle horiek han hartuko dute Jesusen egitekoa beren egitekotzat.
Senideok, gaur egun, 2016an, gu geu gara Jesusen ikasle. Gure gainera bidali du Jesusek bere Espiritua, beraren egitekoa aurrera eraman dezagun, eta egiteko hori Jesusek hasi zuena bera da: Jainkoaren erreinua hots egitea gizon-emakume guztiei. Bihotz handiz, fedez, esperantzaz, maitasunez.

LEHEN IRAKURGAIA Erregeak lehen liburutik (19,16b.19-21)

Erregeak izeneko lehen liburuko pasarte bat entzungo dugu. Liburu hau, «joera deuteronomista» deitzen dugunekoa da. Ikuspegi horren arabera, Jainkoa bere alde aterako zaio herriari, hau leial baldin bada; bestela, zigortu egingo du. Jakina, gaur egun ezin dugu onartu ikuspegi hori: Jainkoa leial da beti, eta ez du inor zigortzen.
Nolanahi dela, profetek ikuspegi horretan oinarritu zuten beren predikua. Profeta horien artetik, gaurko irakurgai honek bi aipatzen ditu: Elias handia eta Eliseo. Eliasek idolatriaren kontra jokatu zuen beti.
Zahartzarora iritsirik, beste norbaiti utzi nahi dio Eliasek bere egitekoa, eta Eliseo hautatu du.
Eliseoren bokazio honek gaurko ebanjelioak aipatzen dituen bokazioetara garamatza. Aldi berean, geure bokazioan pentsatzera garamatza. Har dezagun gogoan geure bokazioa.

BIGARREN IRAKURGAIA Galaziarrei egindako gutunetik (5,1.13-18)

Galaziarrei egindako gutun hau Efeson idatzi zuen Paulok, ematen duenez. Bai Galazia, bai Efeso, gaur eguneko Turkian zeuden.
Paulok kristau-askatasuna azpimarratu nahi du gutun honetan. Kristok libre ikusi nahi gaitu, bai bekatutik, bai oinarritzat arauak eta legeak dituen erlijiotik.
Baina askatasuna ez da edozer gauza egiteko. Pertsona bezala hazten, garatzen eta handitzen joateko da. Lagun hurkoaren zerbitzari izatea dakar horrek.
«Haragiaren» mendeko ez izatea aipatzen duenean, berriz, egoismoa adierazi nahi du. Zerbitzari izan ordez, nor bere kolkora begira bizitzea esan nahi du egoismoak.
Gauzak zehaztuz, aske eta libre bizitzera deitzen baitu Jaunak; batetik, lagun hurkoari lagunduz gauzatzen den askatasuna da; bestetik, juduzaleek kristau egiten ziren paganoei ezarri nahi zieten erritualismoa bazter utziz gauzatzen den askatasuna. Legeei ez, baizik Jesusi jarraitzea da kontua.
Honek guztiak jakinaren gainean jarri behar gaitu: erlijiotasunaren izenean inor lotu nahi izatea, Kristoren askatasunaren kontra joatea da. Erlijioa ez da lotura, baizik askatasun bete-beterako bidea.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (9,51-62)

Hitz hauekin hasiko du Lukasek gaurko pasartea: «Mundu honetatik eramana izateko garaia zetorkiolarik, Jerusalemera joateko erabaki sendoa hartu zuen Jesusek».
Lukasen ebanjelioaren erdigunea da. Jesusek bere egitekoa bukatu nahi du. Horretarako, Jerusalemera doa. Bide luze eta zaila izango du. Ez da ari bide geografikoaz, baizik bide espiritualaz. Jesusek aurre egingo die boteretsuei eta buruzagiei.
Halere, Jesusen azken zoria ez da heriotza. Piztuera du bere azken zoria; «mundu honetatik eramana izateko garaia» esan du Lukasek.
Bestetik, gaurko pasarte honetan, ikusmolde desberdina ageri da Jesusen eta ikasleen artean. Ostaturik eman nahi ez dietelako, ikasleek suntsitu egin nahi dituzte samariarrak; Jesusek, berriz, haserre begiratu die ikasleei; Jesus ez dator inor galtzera; guztiak salbatzera dator.
Hirugarren, bere bidea hartzeko esaten dio Jesusek jendeari. Bai. Jesus deia da, gonbita da, erregua da.
Senideok, eska diezaiogun bere Espirituaren argia, «Jerusalemera joateko erabaki sendoa hartu ahal dezagun».

HERRIAREN OTOITZA

1.-Jesusi jarraitu nahi diogun guztientzat: gure keinuak, hitzak eta egintzak, geure inguruko guztientzat, askatasun- eta ongizate-bide izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gure haurrak eta gazteak hezteko ardura duten guztientzat: haurren eta gazteen bizitzan Jesusen tankerako biziera eragin dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduan agintari diren guztientzat: beti herriarentzat lan egin dezaten, ahulenak direnen askatasuna eta ongizatea bilatuz. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Eliza osoko elkarteen alde: elkarte irekiak izan daitezen, harrera ona egiten dakiten familia izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.