URTEKO HAMAHIRUGARREN IGANDEA C
Lehen irakurgaia
( Elizeok denak uzten ditu Eliri jarraikitzeko )
Erregeen lehen liburutik 19, 16b.19-21
Jaunak erran zion Eliri:
16 “ Kontsekra zazu Elizeo, Xafaten semea, zure ondoko profeta.”
19 Eli joan zen.
Eta Elizeo, Xafaten semea aurkitu zuen iraulden.
Bazituen hamabi golde iraultzeko, eta hamabigarrenean zen.
Eli haren ondotik iragan zen, eta soingainekoa bota zion gainera.
20 Elizeok, orduan, idiak utzi zituen,
Eliren ondotik joan zen lasterka eta erran zion:
“ Utz nezazu aitari eta amari musu emaitera,
eta gero jarraikiren nizaitzu.”
Elik ihardetsi zion:
“ Zoaz, itzul gibelerat; ez dut deus egin.”
21 Joan zen Elizeo, idi-parea hartu eta oparitzat hil zuen;
uztarriaz sua egin, haragia erre eta jatera eman zion jendeari.
Gero xutitu zen, eta Eliri jarraiki zitzaion,
eta haren zerbitzuko jarri zen.
Eli eta Elizeo Testamendu Zaharreko bi profeta handienetarik dira. Heien eginak eta erranak
Erregeen liburuetan dira. Liburu horiek iduri dute historia liburuak. Bortz mende Jesu Krixto aintzin
kondatzen dute, Iparraldeko eta Hegoaldeko bi leinuen historia, zeren Salomonen erresuma izan
baitzen bi partetan zatitua : Iparraldekoa Izrael erresuma, Hegoaldekoa Juda erresuma.
Bainan Erregeen liburuak ez dira historia liburuak, oraiko historia liburuak bezala, gauzak diren
bezala kondatuz. Heien xedea ez da hori, bainan Jainkoari buruzkoa. Erraiten daukute zoriona
ukanen dugula, Jainkoak eskaini elkargoari leial egoiten bagira.
Preseski, liburu horiek kondatzen dituzte bi erresuma horietan izan ziren hitz-jateak, erregeek
zein gaizki gobernatu zituzten, zer zorigaitzak atera zitzaizkioten hortik: gerlak, etsaigoak,
zuzengabekeriak. Gertakari horiek argitan emaiten dute Jainkoaren manamenduen errespetatzeak
dituela ekartzen zuzenbidea eta bakea ; aldiz, Jainkoaren eta haren manamenduen ahaztea,
zuzengabekeriaren eta indarkeriaren ereitea dela.
Elik eta Elizeok, bat bestearen ondotik, 9 mende Jesu Kristo aintzin, eman zituzten beren biziak
eta indarrak populuari egiazko Jainkoaren ezagutarazteko. Igande huntan irakurtzen dugu Elizeoren
bokazionea: «Jainkoak erran zion Eliri, kontsekra zazu Elizeo, Xafaten semea, zure ondotik jinen
dena ». Testo hunek nahi dauku erakutsi Jainkoak berak hautatua duela Elizeo eta hau dela Eliren
ondokoa.
Elizeo iraulden ari zen. Lehen oharra : egun guzietako lanen erdian deitzen du Jainkoak.
Testament zaharreko gizon handiak deituak izan dira egun guzietako lanetan zirelarik. Mois, David
eta Amos deituak izan ziren artzain zirelarik; Gedeon ogi joiten ari zen, Samuel lo zagon, Saul bere
aitaren astoen bila joana zen. Gauza bera gertatzen da Testament Berriko gizonendako. Matiu
aduanako bulegoan zen eta bertze dizipuluak arraintzan zirelarik deituak izan ziren.
Testoak segitzen du erranez : « Bazituen hamabi italdi iraultzeko eta hamabigarrenean zen ».
Hamabi zenbaki horrek osotasuna erran nahi du, eta Elizeo hamabigarrenean zen, beraz lana
bururatua zuen. Lehengo bizia ere, orai bertze bizi bat hasten du. « Elik soingainekoa bota zion
gainera » eta Elizeok berehala ulertu zuen jestu horrek zer erran nahi zuen. Soingainekoa Elizeoren
gainera botaz, Elik gomitatzen zuen mezuaren zabaltzera harekin. Orduan, Elizeok idiak uzten ditu
eta lasterka joaiten da Eliren ondotik eta erraiten dio : « Utz nezazu aitamen besarkatzera eta gero
jarraikiko nitzaizu ». Badaki egiazki deitua dela bainan hartzen du denbora bere eginbideen
betetzeko : aita eta ama agurtuko ditu eta azken aldikotz heiekin janen. Elik errepostu : « Zoaz, itzul
gibelerat ; ez dut deus egin ». Ateraldi horrek harritzen gaitu ; zonbaitek uste dute Eli kexu dela.
Elik ez zuen soinekoa hartu : Jainkoak emaiten du, eta emaiten dolurik gabe. Elik Elizeori
orroitarazten dio libro dela, denbora berean ulertarazten ere, onartzen badu hautua, geroari buruz
itzuli behar duela, denak utziz.
Testoak erraiten dauku zonbait hitzez bi gizonek elgar aditu dutela. Askatasun handienean
Elizeok despedidak egin ditu eta haren jestua adierazkorra da : idi-parea hiltzen du, uztarria
erretzen, eta apairu bat emaiten etxeko guzieri. Ez du gehiago deusik, Eliren mutil izanen da
Jainkoak nahi duenarendako. Erran nahi dauku haustura bat egin duela lehengo biziaganik,
bortxurik gabe, familiarekin eta adixkideekin bakean.
Gero Eli zerurat alxatuko delarik, Elizeok bilduko du haren soinekoa. Erraiteko manera da
Eliren mezuarekin beztitua izanen dela. Jondoni Paulok irudi bera erabili du konprendiarazteko Jesu
Kristoren mezuan parte hartu behar dugula : « Zuek, Jesu Kristoren baitan bataiatuak izan
zireztenek, Jesu Kristo jauntzi duzue ».
Salmoa 15
Leloa : Zu zaitut, Jauna, ontasuna !
Zaude nere zain, Jainko Jauna: Zuri bainago, zuri dena.
Zu zare bai zu, nere Jauna: Jauna, zu zaitut ondorio
Nik zer eskerrak Jainkoari: Betitik baitut aintzindari.
Bihotza daukat gauaz ari: Hago Jaunaren erranari!
Biziko urrats guzietan Jauna dut beti aintzinean.
Egoiki baitzait eskuinean, Nork nau joko ni, nork sekulan.
Bihotza dut nik lorietan, Zer boza dudan nere baitan!
Gorputza ere zer bakean, Pausatuko zait hilobian
Nere arima duzulako Zuk ifernutik aterako.
Zure den huni ez etzaio Bere gorputza ustelduko.
Bizirat nauzu lagunduko, Gozo nasaiez han beteko.
Zure ondoan zuhauri so, Zer zoriona sekulako.
Salmo hunek levitar bat aipatzen dauku. Levitarrak ziren Jerusalemeko Tenploaren zaintzaleak
gau eta egun. Huna salmoak zer erraiten duen: “ Jauna zu zaitut ondorio ». Berset horrek jakitera
emaiten dauku, levitarrek parte berezia ukan zutela Paleztina leinuen artean zatitu zutelarik. Levi,
Jakoben hirugarren semearen leinuak ez zuen lur zatirik ukan; levitarren zatia Jainkoaren etxea zen.
Haren zerbitzuko izan behar zuten bizi guzian, ez zuten beraz nihundik mozkinik. Heien saria zen
bakarrik, orai erran ginezaken bezala, apez-paga. Levitarren estatu berezi horrek argitan emaiten du
ere nola Jainkoaren populua hautatua izan zen bertze populu guzien erdian, Jainkoaren zerbitzuko.
Biblia gauza bera erran eta erran ari da, zendako? Jainkoak hautatua izaitea bat baita, beste bat
araberan bizitzea. Hautu horrek baditu bere zailtasunak. Elizeok hautua egin behar ukan zuen,
burua gibelerat itzuli gabe, Elik dei egin ziolarik. Ber gisan Jainkoak hautatu populuak egin ditu
hautuak, elkargoari leial egoiteko. Eli eta Elizeoren borrokek erakusten daukute Jainkoari leial
egoitea neke dela. Orroit Eliren borroketaz jainko faltsuen kontra.
Konprenditzeko, behar ginuke orduko jendearen pentsa-moldeetan sartu. Bixtan da, orai
guretako, Jainkoa bakarra dela errex da erraitea, bainan Moisen denboran eta ere Eli eta Elizeoren
denboran, nehork ez zuen aipu Jainko bakarrik. Izrael populuak bazuen bere Jainkoa eta bertzeek
berenak. Ondoko erresumetako erregeekin hitzarmen batzu egiten zituzten Israelgo erregeek, hala
nola printzesekin ezkonduz. Hauek dote gisa ekartzen zituzten beren jainkoen irudiak. Baziren ere
Baal jainkoaren apezak, haren profetak ( hori gertatu zen Izraeleko errege Akab ezkondu zelarik
Jezabel, Sidoneko erregearen alabarekin).
Hastapenetan Profetek ez zuten gerla egiten jainko faltsueri, heien borroka zen Izrael populuari
orroitaraztea behar zuela leial egon bere Jainkoari. Berantago ohartuko dira, Izraelen Jainkoa
populu guzien Jainkoa dela. Hori irakurtzen dugu Jonasen liburuan, lehenago ezin asmatuzkoa zena.
Izraelen Jainkoa zorrotza da : anitz galdegiten du. Hitzemaiten dio populuari askatasuna eta
zoriona, bainan ordainez, debekatzen dio bertze jainkorik eta heien irudirik ukaitea. Salmo hunek
erakusten dauku zer guduka egin behar duen Izraelek egiazko fedeari leial egoiteko : «Zu zare bai
zu, nere Jauna: Jauna, zu zaitut ondorio ».
Salmo huntan ez da aipu piztea. Ezin asmatuzkoa zen orduan. Ainitz berantago jin da piztearen
esperantza, Jesu Kristo aitzineko bigarren mende aldean. Populuak badaki Jainkoak ez dituela
sekulan utziko debalde. Bixtan da, orai, zonbait menderen buruan, azken pertsuak zorionezkoak
dira: «Bizirat nauzu lagunduko; Gozo nasaiez han beteko. Zure ondoan zuhauri so, Zer zoriona
sekulako. Ez duzu utziko zure adixkidea ustelzera. Zure aintzinean zoriona! Eskuinean, betiko
atsegina! »
Bigarren irakurgaia
(Maita zure lagun hurkoa zure burua bezala)
Jondoni Paulok Galaziarreri 5, 1. 13-18
Haurrideak,
1 libre izaiteko libratu gaitu Kristok.
Beraz iraun sendo, eta ez jar berriz esklabutzaren uztarripean.
13 Zuek, haurrideak, libertaterat deituak izan zirezte.
Bainan libertate hori ez bekizue aitzakia izan
zuen gutizia tzarren arabera bizitzeko;
aitzitik, maitasunak egin zaitzatela elkarren zerbitzari.
14 Zeren lege osoa betetzen baita manamendu bakar hau betez:
Maita zure lagun hurkoa zure burua bezala.
15 Bainan elkarri ausikika eta elkar iretsi beharrez ari bazirezte,
kasu : azkenean elkar suntsituko duzue.
16 Beraz, hau diozuet: bizi zaitezte Jainkoaren Izpirituaren arabera,
eta ez zirezte haragiaren gutizieri jarraikiko.
17 Alabainan, haragiaren gutiziak Izpirituaren kontrakoak dira,
eta Izpirituarenak haragiarenen kontrakoak.
Bi indar horiek elkarren kontra dabiltza,
horrengatik ez baituzue nahi zinuketena egiten.
18 Izpirituak gidatzen bazaituzte, ordea,
ez zaudezte Legearen menpean.
Jondoni Paulo judua da eta libertaterat ekarria. Herria Egiptoko esklabotasunetik libratua izan
zen. Mendez mende populu horrek gogoetak egin ditu libertate horren handitasunaz : erakusten
daukute gizona arras gizona dela libertate osoan jartzen delarik bertzeen zerbitzuko.
Jondoni Paulok letra hau Galaziako girixtinoeri igortzen diote. Grekoen artean, esklabutza
oraino bizi da: nausiak mutila erabiltzen du gauza bat balitz bezala. Pauloren denboran, nausia ez
bazen kontent esklabo batez, saltzen zuen gauza bat bezala bertze nausi bati. Horra zendako Paulok
testo guzian aipatzen duen esklabutza hori. Paulorendako, Jesu Kristo da erakusbide berezia :
gizonaren libertatea eta haren girixtinotasuna. Jesu Kristok du “libratu” gizona. Paulok badaki arras
ongi libertateaz mintzo delarik ez dela aise hartarat heltzea : « Libre izaiteko libratu gaitu Kristok»
edo : « Libertaterat deituak izan zirezte ».
Izkirioz bi zutabe egiten baginitu, Paulok zonbait aldiz egiten duen bezala, bat libertatearena eta
bertzea esklabutzarena, lehenbizikoan idatz ginezake : Jar zaite bertzeen zerbitzuko, amodioz; eta
bigarrenean : berekoitasunean bizi zaitezte ; horien bien artean nun ezar muga ? Paulorendako,
egiazko libertatea ez da uste duguna. Nahi badugu bertzea lagundu, hautu hori egina izan behar da
libertate osoan, Izai eta Jesu Kristok egin duten bezala.
Ikusten dugu Pauloren hitzek oihartzun egiten dutela Joanik Jesusez dionarekin : « Ez dautate
hartzen bizia, emaiten dut neure baitarik ». Hala nola, Markek erraiten du : « Gizonaren semea ez
da jina zerbitzatua izaiteko, bainan zerbitzatzeko ». Lau ebanjelioek zazpi ahalak egiten dituzte
ezagutarazteko Jesu Kristo izan zela kondenatua, joa, libertate osoan, eta burregoak beren
itsumenduaren jostagailu izan zirela.
Paulok itxura azkarrak erabiltzen ditu berekoitasuna gaitzesteko : « Ausikika eta elgar iretsi
beharrez ari bazirezte, kasu ! azkenean elgar suntsituko duzue ». Elgar maitatzeko eginak zirezte ;
amodioak bakarrik zaituzte alxatuko. Bizian, baditugu beti bi bide. Paulok erraiten dauku : « Egon
azkar, ez har esklabutzaren usaiak ». Bizi guzian behar dugu atxiki izpiritua argi. Ibiltzen gira bide
batetik bertzerat. Ez gira egoiten behin betikotz alde batean, izpiritua flako dugulakotz. Iragaiten
ditugu urteak, usaia on baten hartzeko, Jesu Kristoren Izpirituaren arabera bizitzeko.
Azken erranaldiak hau dio : « Izpirituak gidatzen bazaituzte, ez zaudezte Legearen menpean ».
Galaziako juduek betetzen dute Legea haren esklabo balira bezala. Paulok aldiz nahi du legea izan
dadin amodiozko legea, erraiten duelarik:« Legeak kausitzen du bere betea manamendu bakar
batean : Maita zure lagun urkoa zeure burua bezala. Izpirituak gidatzen bazaituzte ez zirezte
legearen menpean izanen » . Amodioa den tokian ez da Legearen beharrik.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Egun Jaunak dei egiten dauku.
Segi dezagun Ebanjelio-bideetan.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 9, 51-62
51 Mundu huntarik eremana izaiteko garaia hurbiltzen ari baitzitzaion,
Jesusek Jerusalemerako bidea deblauki hartu zuen.
52 Mandatariak bere aitzinean igorri zituen;
joan ziren eta Zamariako herri batean sartu,
Jesusi denak prestatzeko.
53 Bainan ez zuten hartu nahi izan, Jerusalemerat zoalakotz.
54 Hori ikusirik, Jakobe eta Joani dizipuluek erran zioten:
“ Jauna, nahi duzu suari mana diezogun
zerutik jauts dadin eta erre ditzan?”
55 Bainan Jesusek, heienganat itzulirik, erasiatu zituen.
56 Eta beste herri baterat joan ziren.
57 Bidean zoatzilarik, norbaitek erran zion Jesusi:
“Noranahi jarraikiko nitzaitzu.”
58 Jesusek erran zion:
“ Azeriek badituzte ziloak, eta zeruko hegaztiek kafiak;
gizonaren Semeak, aldiz, ez du burua non ezar.”
59 Beste bati erran zion:
“ Jarraik neri.”
Harek ihardetsi:
“ Utz nezazu joan nadin lehenik aitaren ehorztera.”
60 Jesusek erran zion:
“ Utz hilak beren hilen ehorztera.
Zu, zoazi Jainkoaren erreinuaren berri emaitera.”
61 Beste batek, berriz, erran zion:
“ Jarraikiko nitzaitzu, Jauna,
bainan utz nezazu lehenik etxekoeri agur egitera.”
62 Jesusek ihardetsi zion:
“ Goldeari lotu eta gibelerat behatzen duena
ez da on Jainkoaren erreinurako.”
Gertakari ainitzen ondotik, hala nola: ogien ugaritzea, Petriren fede aitorpena Mesiasi buruz,
Jesus bera Pasioneaz mintzo, Jesusek oraino argitzen dauku bere mixterioa.
Lehenik, Jerusalemerat joaitea: « Hurbiltzen ari baitzitzaion mundu huntarik eremana izaiteko
garaia, Jesusek hartu zuen deplauki Jerusalemerako bidea ». Zamarian pasatzean herri batek ez
du errezibitu nahi Jesus, Jerusaleremerat doalakotz. Hortakotz dizipuluek nahi dute gaztigatu herri
hura, zeruko suari dei eginez, bainan Jesusek erasiatu ditu.
Herra bazen Jerusalemeko et Zamariako jendeen artean ainitz mende hartan. Jesusek nahi ukan
du halere Zamariatik pasatu. Eta hor bertze erabaki bat behar du hartu. Dizipuluek erraiten diote Eli
profeta handiak suntsitu zituela Baal jainko falsuaren profetak, sua igorriz. Bainan, Jesus Eli baino
gehiago da, eta amodioa delakotz, ez du indarkeriaz nausitu nahi ukan.
Badoatzilarik, norbaitek erraiten dio Jesusi : « Norat nahi jarraikiko nitzaizu ». Jesusek
errepostu : « Azeriek badituzte ziloak, xoriek kafiak, Gizonaren Semeak, aldiz, ez du burua non
ezar ». Hemen, kontraerran baten aitzinean gira, Danielen liburuak erraiten dauku, gizonaren semea
jende ospetsua dela, zerutik etortzen dena, Jainkoak errege egina. Bertzalde, Jesusek bere burua
hala dauka eta, huna nun, hemen, bizi den pobreki, Zamariako hiriak bazterrerat emanik. Egungo
egunean erran ginezake « etxerik gabea » dela. Iduri du basamortuko tentazionea. Danielek
mezutzen du Mesiaren garaipena, bainan lur huntan bizi da pobrezian, umiltasunean.
Norbaitek buruz buru egiten du Jesusekin, eta hunek erraiten dio : « jarraik neri ». Gizonak
ihardesten : « Utz nezazu joan nadin lehenik aitaren ehorzterat ». Jesusek errepostu : « Utz hilak
beren hilen ehorzterat. Zu, zoazi Jainkoaren erresumaren berri emaiterat ». Juduen legearen
arabera, burrasoen errespetua eta heien ehorztea eginbide ziren, bainan Jesusek menturaz nahi
dauku erakutsi, Jainkoaren erresumaren mezutzea aitaren ehorztea baino eginbide hertsiagoa dela.
Hiru gizonetarik hunek ez dio deus galdegin, Jesusek du deitu. Amodioz deitzen du, eta maitatzen
delarik uko egin behar da ainitz gauzeri. Beti, bizian, hautu bat egin behar da.
Gizonak erraiten dio : « Jarraikiko nitzaitzu Jauna, utz nezazu lehenik etxekoeri agur egiterat »
Eliseori pentsatzen dugu hitz horien irakurtzean ; harek ere nahi ukan zuen agur egin etxekoeri eta
Elik ulertarazi zion behar direla estekak hautsi. Hemen irakurgai huntan gauza bera da ; Jesusek
erraiten du : « Goldeari lotu eta gibelerat behatzen duena ez da on Jainkoaren erresumarendako ».
Hildoa zuzen egiteko ez da gibelerat so egin behar. Jesusek erran zahar hori errotik bere gain
hartzen du. Ez dezagun ahantz, Jerusalemerat badoala, erran nahi baita Pasioneari eta kurutzeari
buruz, uzten duela etxeko goxotasuna eta hautu bat eginez geroz behar dela joan bururaino.