Ukatzea eta jarraitzea
Urteko 13. igandea C 2019-06-30
Datorren urrian, (6tik 27ra), Amazoniako Sinodoak pertsona ezkonduak, «indigenak, itzal handikoak eta elkarteak onartuak», apaiz ordenatu ala ez aztertuko du. Espero dezagun, erantzuna baiezkoa izango dela, eta munduko beste batzuei ere aplikatuko zaiela hori, apaiz-bokazioen arazoa larria baita. Bokazio-gaia da gaurko irakurgaietan lehenengoa, posiblea den kontrako ukoarekin.
Eliseoren bokazioa (1. irakurgaia: 1 Erregeak 19,16b.19-21)
Jainkoak Eliasi emandako aginduarekin hasi da guztia: Eliseo profeta gantzutzeko agindu dio. Gantzutzea, burura olioa isuriz egina, erregeei egiten zitzaien gauza tipikoa zen, eta, gogoratzen naizenez, hau da profeta baten gantzutze bakarra. Mediterraneo aldeko antzinako pentsaeran, olioa ez zen ona janarirako bakarrik; tasun sendatzaileak ere egozten zitzaizkion (horregatik gantzutu ohi ziren gaixoak), baita erlijiosoak ere (gantzutzeak Jainkoarekin harreman bereziak izatea sinbolizatzen zuen).
Eliasek bete du agindua, baina bete gabe. Eliseoren bila doa; milioi askoko baten semea bide zen Eliseo, hamabi idi-parerekin ari baitzen lurra lantzen. Gantzutu ordez, bere mantua bota zion gainera Eliasek. Honetan bakarrik aipatzen da keinu hau Biblian, baina ezaguna bide zen; izan ere, Eliseo, lehen uneko harriduraren ondoren (ez da aipatzen, baina suposatu egiten da), korrika joan da Eliasi segika eta haren jarraitzaile izateko prest ageri da. Soilik, baldintza bat jarri du: gurasoei agur egitea.
Eskari logikoa iruditu zaio Eliasi, eta azaldu dio adostasuna. Gurasoei agur egite hori, ordea, ez da izan gurasoei besarkada bana ematea. Zerbait handiosagoa izan da eta familia osoari egina: idi-parea hil eta errekia prestatu du bere jende guztiarentzat. Presarik gabe, idi batzuk ez baitira hiltzen bost minutuan, ezta haragia prestatu ere ordu laurden batean, ezta jaten ere hori dena unetxo batean. Agurrarena, egun bat edo gehiago iraun zuena, bukaturik, Eliasen ondoren hasi da Eliseo eta haren zerbitzura jarri.
Ukatzea eta jarraitzea (Ebanjelioa: Lukas 9,51-62)
Igande honetarako aukeratu duten zatiak lau eszena labur dakartza. Azken hirurek Jesusi jarraitzearen gaiarekin zerikusia dute; lehenengoa kontrako jarreraz ari da: ukatzeaz.
Lehen eszena: samariarren ukoa (Lukas 9,51-56)
Samariarrek eta juduek gorroto zioten elkarri K.a. X. mendeaz gero, Salomon hil ondoren iparraldea (samariarrak) hegoaldetik bereizi zenetik. Baina dirua diru da beti. Eta hau zuten samariarrek beren jokabidea: Jerusalemera joateko beraien lurraldetik igarotzen ziren galilearrei ez zieten ezer saltzen; baina itzulian, Galilearakoan, ez zuten izaten inolako arazorik behar zuten guztia saltzeko, egoki ordaintzen bazieten (horixe gertatzen da Joanen ebanjelioan, ikasleak jatekoa erostera joan direnean, Jesus emakume samariarrarekin hizketan ari den bitartean).
Gaurkoan, Jesus eta ikasleak Jerusalemera doazelako, normala da, beraz, samariarrek harrerarik ez egitea. Santiagok eta Joanek, eguna trumoika ematen bide baitzuten («trumoikume» izengoitia ezarri zien Jesusek), mendekua proposatu die Jesusi: zerutik tximista jaitsarazi eta kiskali ditzala. Erreakzio hau, guretzat hain neurriz gaindiko eta arraroa, ulertzeko, Elias profetaren tradizio bat gogoratu beharko genuke (2 Erregeak 1,10-14). Behin batean, Israelgo erregeak kapitain bat bidali zion berrogeita hamar soldadurekin, esatera: «Profeta, bera ikustera joateko agintzen dizu erregeak». Eliasek erantzun zion: «Profeta banaiz, jaitsi dadila tximista bat eta kiskali zaitzatela zu zeu eta zeure gizonak». Eta halaxe gertatu zen. Agindu bera errepikatu zuen erregeak beste kapitain batekin eta beste berrogeita hamar soldadurekin, zeinak kiskalirik gertatu baitziren lehenak bezala. Hirugarren saioan, kapitainak ez dio ezer agindu; profetaren aurrean ahuspeztu eta bizirik uzteko eskatu dio, bera eta beraren lagunak. Elias amore eman eta erregea bisitatzera doa. Hau da kontaera honen irakasbidea: profetari begirunerik handiena zor zaiola, eta errespeturik ez dionak zerutiko tximista batek kiskali dezan merezi duela. Horixe uste dute Santiagok eta Joanek. Jesusi, profeta handiari, begirune guztia zor zaio; samariarrak, harrerarik egin ez badiote, jaitsi dadila tximista bat eta kiskali ditzala.
Jesusek gainditu egin du Elias ahalmenez, baita onberatasunez ere, eta beste era batean ikusten ditu gauzak. Lukasek, bukatzeko, adierazi digu: Jesusek itzuli eta errieta egin zien. Errieta nola egin ote zien? Zer esan ote zien? Geroago testu batzuek hitz hauek ipini dituzte Jesusen ezpainetan: «Ez dakizue zein espirituarenak zareten», hau da, «ez duzue ideiarik ere nik dudan pentsaeraz eta sentieraz». Eta beste herrixka batera joan ziren.
Pena bat da testu hau, Lukasek bakarrik dakarrena (ez da ageri ez Markosengan, ez Mateogan), Inkisizioa ─Jesus suaz defendatu nahi izateko era bat da─ eratu zutenek kontuan hartu ez izana.
Bigarren eszena: batek Jesusi jarraitu nahi dio (Lukas 9,57-58)
Ekimena gizabanakoarena izan da, eta ez Jesusena. Badirudi, honek desanimatu egin nahi duela hura, bere pobretasuna eta biziera latza azpimarratuz. Ez dezala uste izan, berari jarraitzea gauza erraza izango duenik, ezta arrakastatsua ere.
Hirugarren eszena: Jesusek beste bat gonbidatu du berari jarraitzera (Lukas 9,59-60)
Oraingoan Jesusena da ekimena. Agindu labur eta zorrotza da gonbidapen baino gehiago: «Jarrai iezadak». Besteak baimena eskatu du, Eliseok egin zuen bezala, ez gurasoei agur egiteko, baizik eta aitari lur emateko.
Gizatasun gabea ematen du Jesusen erantzunak: «utzi hildakoei beren hildakoei lur eman diezaieten». Juduen ohitura zen hildakoari hil orduko lur ematea (Apostoluen Eginak 5.6.7; 8,2). Beraz, kontua ez da eszenako protagonista bere aita beilatzen ari dela eta Jesusek hildakoa bere hartan uzteko eskatu diola berari jarraitzeko. Protagonistak eskatu diona, aitarekin bizitzen utz diezaiola da bera hil arte, ondoren jarraituko diola-eta.
Horrela harturik ere, izugarri zorrotz dira Jesusen hitzak. Jarraitu nahi dionak errotik hautsi behar du familiarekiko lotura, guztiak hilak bailiran, Jainkoaren Erreinua hots egitera joateko.
Gerta daiteke, ebanjelioek, eszena honetan, Jesusi berari gertatu zitzaiona islatu nahi izana. Beraren familiak zoratu egin zela uste izan zuen (Markos 3,21), eta Kafarnaumera joan ziren denak behin batean Jesus Nazaretera eramateko asmoz, atseden har zezan. Joanen ebanjelioak (7,5) berariaz dio «anaiek ez dutela sinesten berarengan» (nahiz eta badakigun, Eginak liburuaren eta Pauloren gutunen bidez, onartu zutela geroago). Jesusengan erabat bete zen familia hildakotzat eman beharra, ebanjelioa hots egiten jarduteko.
Laugarren eszena: beste lagun batek ere egin du bere eskaintza baldintzapean (Lukas 9,60-62)
Hau da Eliseoren bokazioarekin hobekien ahokatzen den pasadizoa. Eguneroko bizitzako garrantzizko gauzak, gurasoei agur egitea adibidez, bateragarri dira Eliasi jarraitzearekin. Ez da inolako presarik. Baina hemen gauza garrantzizkoago eta premiazkoago bat dago jokoan.
Batzuetan komentatu ohi da pertsona hauek ez ziotela jarraitu Jesusi. Lukasek ez dio ezer. Bestetik, arazo hau bigarren mailakoa da. Hau da alderik inportanteena bokazio eta jarraipen-kontaera hauetan: Jesus bera «agertzeko» kontaera direla, Jesus hobeto ezagutzen laguntzen digutela. Garbi gelditu da hau: Jesusen bizieraren gogortasuna, etxerik eta familiarik gabea.
Lehen eszenara itzuliz, samariarren ukora alegia, segidako hirurekin nolabaiteko erlazioa duela ageri da. Jesusek, Jainkoaren Erreinua hots egiteko orori uko egin dionak, ez du jaso trukean guztien esker onik eta onarpenik. Izan da uko egin dionik ere. Baina hori ez du hartuko arrazoitzat, halakoei zigorrik opa izateko.
Azken gogoeta
GURE AITA alde batera utzirik, Jesusek ez zien azpimarratu askorik ikasleei zer eskatu behar zutenaz. Halere, Joanen ebanjelioak eskari oso garrantzizko bat ipini du haren ezpainetan: «Uzta ugaria da, langileak gutxi. Eskatu uzta-jabeari bere uztara langileak bidal ditzan». Igande honetan oso egoki datoz bokazioen alde eskatzea eta nork bere bokazioa betetzen saiatzea.
José Luis Sicre