Botikarik hobenaren bila (2015-06-28)
Urteko 13. igandea B
Matrioska edo errusiar panpina
Ebanjelioetan, mirarien kontakizunak edukiontzi ondo itxiak bezalako dira, bata bestearen ondoan emanak, bata bestearekin nahasi gabe. Gaur irakurtzera goazen Markosen pasarteak, aldiz, errusiar panpinak dakarzkigu gogora: mirari bat beste baten barruan. Neskato bat sendatzera doa Jesus eta bitartean odol-jarioa duen gaixo bat tartekatzen da. Nahasmendu horrek dramatismo eta interes handia ezartzen dio multzoari.
Botika tradizionala: eskuak ezartzea
Kontakizunaren hasierak gauza arrunta ematen du: aita bat larriki gaixo den alabaz kezkatua. Arrunta ez dena, aita horren konbentzimendua da: eskuak ezarri hutsarekin Jesusek senda dezakeela. Gure kulturan, gaixoak asko eskertu ohi dio sendagileari urrunetik ez hitz egitea; auskultatzen eta, behar izanez gero, haztatzen duena du atsegin. Antzinako kulturan, gizaki santuak eta petrikiloak fisikoki ukituz gauzatzen du bere ahalmena. Jesusek eskutik hartuz sendatu du Pedroren amaginarreba; eskuak ezarriz sendatu du hainbat gaixo (Mk 6,5; Lk 4,40), gormutu bat (Mk 7,32), itsu bat (Mk 8,23.25), emakume konkortua (Lk 13,13), begietan buztina ezarriz itzuli dio ikusmena jaiotzez itsua zenari (Jn 9,15); eta ikasleei eskuak ezarriz gaixoak sendatzeko ahalmena eman die (Mk 16,18). Aipamenei erreparatu diena konturatuko zen, ia denak Markosen ebanjelikoak direla. Ematen du, Mateok eta Joanek ez dutela oso gogoko prozedura hori, jendeak magiazko ahalmen bat itxura hartu diezaiokeelako-edo.
Beste errezeta bat: soingainekoa ukitu
Jairo konbentziturik badago Jesusek aski duela, alaba sendatzeko, hari eskuak ezartzea, emakume odol-jarioduna urrunagora doa: aski luke Jesusen soingainekoa ukitzea. Kontakizunak gaixotasunaren larria eta iraupena azpimarratzen ditu (hamabi urte!), baita sendagileen porrota eta sendatu nahiz eralgitako dirutza ere. Bat-batean, aski izan du emakumeak Jesusez hitz egiten entzutea, bere konfiantza guztia harengan ezartzeko; Jesusengan beragan ere ez, soilki haren soingainekoan. Fedea ala etsipena? Lehen kristauetako batzuek, ebanjelio-kontakizunak beren buruari aplikatzen ohituak, aise identifikatzen ahal ziren ebanjelioko emakume honekin. «Neu ere etsirik nengoen, Jesusez hitz egiten entzun nuen, eta dena aldatu zen».
Egiazko botika: fedea
Emakumea bat-batean sendatu da. Baina kontakizunak aire dramatikoa hartu du. Jesus konturatu da indar berezi bat irten dela bere baitatik, eta zeinek eragin duen jakin nahi du. Galdezka hasi da, uko egin die ikasleen aitzakiei, ingurura begira hasi da arretaz, harik eta emakumea aurkeztu zaion arte, beldur eta izu. (Markosek hain modu gizatarrean, ez batere ortodoxoan, deskribatu du emakumea, non Mateori gutxigatik ez baitio eman bihotzekoak, eta ebanjelioko zati hori guztia ezabatu du: Jesusek oso ondo daki zer gertatu den).
Irakurlea, azkenean, Jesusen kontra jarri da eta emakumearen alde. Zergatik behartu du Jesusek emakumea atsekabe hori bizitzera? Markosen jeinuzko baliabidea da, emakume kanaandarraren alaba sendatzean erabili duena bera: irakurlea Jesusen kontra jarri eta erregutzen dionaren alde. Zertako? Azkenean, Jesusek egiazko irakaspena eman dezan.
Irudika dezagun, emakumea sendatu dela eta Jesusek ez duela galderarik egin. Irakurleak esango luke: «Arrazoia zuen emakumeak. Aski zen soingainekoa ukitzea». Agian, gehituko luke: «Egiaz sendatu duena Jesus izan da, eta ez soingainekoa». Alabaina, Jesusek eho duen katramila guztiak beste konklusio bat, oso desberdina, ateratzeko balio izan du: «Ene alaba, zeure fedeak, konfiantzak, sendatu zaitu». Ez Jesusek, ez soingainekoak, baizik «zeure konfiantzak». Baieztapen hau ausartegia, kasik heretikoa, irudi dakieke zenbait teologori. Baina, kasu honetan, Mateo eta Lukas bat etorri dira Markosekin, hitzez hitz: «Ene alaba, zeure fedeak, konfiantzak, sendatu zaitu».
Sendatzeaz gain, berpizten duen botika
Ekintza jatorrira itzuli da, baina era tragikoan: neskatoa hil egin da. Ez da zertan nekerik eman Maisuari. Alabaina, odol-jariodunak erabili duen botika gomendatu dio Jesusek aitari: «Ez beldur izan; izan konfiantza, eta aski da». Etxeraino iritsi dira eta lantu eta negar mundu batean murgildu dira.
Jendea argia da, ez dio utzi Jesusi engaina dezan
Gazte nintzenean, haserretu egiten nintzen jendeak Jesusen bizkar barre egiten zuela irakurtzean, neskatoa ez zegoela hilda, lo zegoela esaten zuelako. Egundoko errespetu-falta iruditzen zitzaidan. Baina oker nenbilen. Jendearen barreak adierazten du, Jesusek ezin duela engainatu jende hori. Ezertan nabarmendu gabe bizi nahi du Jesusek, egiten duena gauza arruntzat aurkeztu nahi du, garrantzirik gabekotzat; baina jendeak oso ondo daki neskatoa hil dela, Jesusek mirari handi bat egin duela. Azken xehetasuna, neskatoari jaten emateko eskatzea, piztuera egiazkoa dela agertzeko izan da.
Piztuerak bizitza honetan eta fedea geroko bizian
Jairoren alabaren piztuera honek (hirurek kontatua: Markos, Mateo eta Lukas) antzeko beste kontakizun batzuk dakarzkigu gogora: Naingo alargunaren semearen piztuera, Lukasek bakarrik kontatua, eta Lazaroren piztuera, Joanek bakarrik kontatua. Nolatan ez datoz bi gertaera famatu hauek lau ebanjelioetan? Egia da, ahozko tradizioak sarri ahazten ditu gauza eta xehetasun batzuk. Baina arraroa da ebanjelari bat bi gertaera hauek ez ezagutzea. Bederatzigarren sinfoniaz hitz egiten entzun ez lukeen Beethovenen biografo baten kasua bezala.
Ebanjelariei ez zitzaien inporta, guri bezala, egintza historikoa bera, baizik kontatzen zuten errealitatea. Garrantzizkoa ez da Jesusek Lazaro piztu izana (urte batzuen buruan berriro hilko zen), baizik eta guztiok piztuko gaituela azken gabeko bizia bizitzeko. «Neu naiz piztuera eta bizia» delako hori da Jairoren alaba piztu izanaren mezua handia
José Luis Sicre