«EZ IKUSIARENA EGIN ZAION IRAULTZA» BAT Markos 5,21-43
Urteko 13 igandea B 2021-06-27

Jesusek emakumeen aurrean hain jarrera harrigarria agertu zuen, bere ikasleak berak ere nahasi baitzituen. Judu-gizarte hartan, gizonezkoak dominatuan, ez zen gauza erraza Jesusen jarrera berri hura ulertzea, inolako bereizketarik gabe onartu baitzituen bere jarraitzaileen elkartean gizonezkoak eta emakumeak. Beraren jarduerari zerbait argi eta garbi badario, gizonezkoak eta emakumek duintasun pertsonal bera dutela da, emakumeak ez duelarik zertan izan gizonezkoaren mendeko.

Halaz guztiz, kristauak ez gara izan gai oraino gure Maisuaren jarrerari darizkion ondorio guztiak ateratzeko. René Laurentin teologo frantsesak jaulki izan du, Elizak «ez ikusiarena egin dio iraultza» dela.

Eskuarki, gizonezkoek mugimendu feminista guztiak errezeloz ikusten jarraitzen dugu, eta emakumearen gain dugun geure egoera pribilegiatua arriskuan jar lezakeen edozein planteamenduren aurka jarri ohi gara, isilpean.

Gizonekoek gidatua den Elizan ez gara gai izan gizonezkoek emakumeen aurka, era askotan, bizi dugun nagusitasunak berekin duen bekatua ikusteko. Eta egia esateko, hierarkiari ez zaio entzuten gizonezkoak gonbidatzen, Kristoren izenean, sakon bihotz-berritzera.

Jesusen jarraitzaileok jabetu beharra duzu ezen emakumeen gaineko gizonezkoen nagusitasuna ez dela «berezko gauza bat», baizik eta egoismoak sakon jotako portaera bat eta gure ahalmen matxista zuzengabeki ezarria.

Daitekeena al da gizonezkoen nagusitasun hau gainditzea? Jesusek biziki eskatutako iraultza ez da burutuko bata bestearen aurkako oldarkortasuna sustatuz eta sexuen artean gerla piztuz. Jesusek konbertsiorako deia egin digu, gizon-emakumeon harremanak beste era batean bizitzera eramango gaituena.

Sexuen arteko desberdintasunak, beren jatorrian bizi berri baterako duten egitekoaz gain, lankidetzara, sostengura eta batak bestearen hazkundera bideratu behar dira. Eta, horretarako, gizonezkoek askoz ere aztiago eta egiatiago entzun behar dugu, ebanjelioaren arabera, emakumea sendatzeko «indarra irten zitzaion» gizon haren interpelazioa.

Jose Antonio Pagola