Urteko 13. igandea A 2020-06-28

SARRERA

Anai-arrebok! Uda hasi dugu. Jainkoaren Hitzak ez du deskantsurik. Gaurko ebanjelioa eskakizun handia dakarkigu. Eta komentaristaren batek are gogorrago jarri ote digun nago. Horregatik, ebanjelioari erreparatu aurretik, honako hau gogoan har dezazuen gonbidatu nahi zaituztet: Edozertan eta edonon ari garela, geurekin izango dugu Jauna, modu ezkutuan eta isilean bada ere. Ez gara sekula bakarrik biziko. Jauna ikusten eta berari entzuten jakin behar.
Elizkizun honetan modu berezian agertuko zaigu Jauna. Lehen irakurgaiak adierazten digu, Xunameko alargun pobrek hark, Eliseo profetari harrera egitean, Jainkoari berari egin ziola harrera. Bigarren irakurgaian, Paulok diosku, bataiokoan Jesusen beraren bataioan murgildu garela; ondorioz, Jesusen arabera bizi beharko genukeela. Ebanjelioan, Jesusek berariaz diosku: profeta bat edo edozein pertsona beraren, Jesusen, izenean onartzen badu, bera, Jesus bera, onartzen duela.
Saia gaitezen guztiok Jainkoaren Hitzari harrera on-ona egiten.

Lehen irakurgaia Erregeen bigarren liburutik 4,8-11.14-16a.

Xunameko alargun behartsuak zerbait berezia ikusi du Eliseo profetagan, eta harrera ona egin dio. Pentsa, gosete handia jasaten ari ziren, eta berak ere hiltzean besterik ez du pentsatzen; halere, Eliseok eskatu dionean, haren hitzean fidaturik, beretzat eta semearentzat eskuan zuen apurtxoa eman dio. Txundigarria da fidatze hori.
Gure artean, ba al dago fidagarritasunik? Modu horretakorik esan nahi dut. Halere, emakume horrenak bezalako bihotz-begiak zorrozten saiatu beharko genuke. Jakina, usoa bezala xalo, baina sugea bezain zuhur esan ohi da.

Bigarren irakurgaia Erromatarrei egindako gutunetik 6,3-4.8-11

Paulok oso bikain sinbolizatzen du kristau-maitasunaren errotikotasuna. Heriotzaren eta bataioan murgiltzearen konparazioaz baliatu da. Kristau izatea, alde negatiboan harturik, hiltzea da atxikipen edo lotura irracional guztiei dagokienez: familia, arraza, nazio-atxikipen edo lotura irrazionalei guztiei dagokienez hiltzea da. Zentzurik gabeko atxikipen edo lotura guztiak haustea, beraz. Alde positiboan harturik, berriz, harreman guztiak berritzea da; gogoan hartu behar da, batez ere, sufritzen ari den jendea. Kristo aintzat hartzeak hau esan nahi du: gizadi libre berri bat amestea, guztion apaltasuna eta eskuzabaltasuna bilatzea, esperantza indartzea.

Ebanjelioa San Mateoren liburutik 10,37-42

Jesusek ikasleak eskolatzen jarraitzen du. Une honetan gu gara ikasle.
Batetik dio, aita edo ama ni baino gehiago maite duena ez da nire duin. Ez ote ditugu ba maitatu behar aita eta ama? Ez da hori kontua. Hau esan nahi du Jesusek: gizon-emakume guztiak berak maite gaituen bezala maitatu behar ditugula. Esan nahi du, berarena ez bezalako maitasuna ez dela maitasuna.
Bigarren, berriz, hau diosku: profeta bat edo pertsona zintzo bat beraren izenean hartzen duenak, bera, Jesus bera, onartzen duela. Zein dira, ordea, profetak? Batetik, Itun Zaharrean Jesusez mintzatu izan zirenak; bestetik, Itun Berrian Jesusez ariko direnak. Eta zein dira pertsona zintzoak? Mateok, bere ebanjelioaren azken aldera, 25. kapituluan, aipatzen ditu: biluzik dagoena janzten duena, kartzelan dagoena bisitatzen duena, goseak denari jaten ematen diona.
Ez dezagun ahaztu: Jesusek bezala maitatu. Premian direnak Jesus bera balira bezala onartu.

Herriaren otoitza

1.-Elizaren, hau da, Eliza osatzen dugun guztion alde: jakin dezagula geure bizitza arriskatzen, premian direnen alde: gizabanakoak izan, herriak izan, taldeak izan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau guztion alde: gogoan izan eta bizi dezagula konbentzimendu hau: Jesusi jarraitzeak, arraunean haizearen kontra egitea esan nahi duela. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Bizia galtzeko prest egon behar dugula entzuten dugunon alde: jakin dezagula zer esan nahi duen: alegia, txalo bila ez ibiltzea, gaurko gizarteak eskaintzen dizkigun eredu gehienen kontra egin behar dugula. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gizon-emakume guztien alde: nola edo hala, barruak guztioi eskatzen digun solidaritatea indartzen saia gaitzen. Eska diezaiogun Jaunari.