URTEKO HAMAHIRUGARREN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
( Herioa ez du Jainkoak egin )
Zuhurtzia liburutik 1, 13-15; 2, 23-24
13 Jainkoak ez du herioa egin,
ez du atsegin bizidunak hil daitezen.
14 Gauza guziak irauteko kreatu ditu;
munduko izakiak osasungarri dira,
ez dute beren baitan pozoin hilgarririk,
eta ez da herioa nagusi lurraren gainean.
15 Ezin hila baita zuzentasuna.
2,23 Jainkoak gizakia ez-hilkor izaiteko kreatu du,
eta bere izaitearen idurira egin du.
24 Bainan debruaren bekaizkeriaz sartu da herioa munduan,
eta harenak direnek jasanen dute.
Hasiera eta Zuhurtzia liburuek hastapen bera dute : gogoetak gizadiaz. Biek arrangura berak
dituzte : bizia, hiltzea eta gizonen loturak Jainkoarekin.
Liburu horien egileak juduak dira, Elkargoaren esperientziaz haziak, bainan beti paganoen
kotsuaren ondoan baitira, arranguran daude, fedearen zintzotasuna eta baikortasuna atxiki nahiz.
Huna zer dion Zuhurtzia liburuak : « Eta egin zuen guzia biziki ona zela ikusi zuen
Jainkoak…Jainkoak jendea bere izaitearen idurira egin zuen. » Bai eta ere : « Jainkoak, bere
iduriko kreatu zuen jendea, Jainkoaren idurira kreatu zuen. »
Erranaldi aipatua bai, bainan ulertzen dituguia horren ondorioak. Zinez, Jainkoak, bere
idurira eginak bagitu, betiere bizitzeko eginak gira : « Jainkoak gizakia ez-hilkor izaiteko kreatu du,
eta bere izaitearen idurira egin du. »
Orduan, Jainkoak hu
Zuzengabekeriaren aitzinean, fedea duenak dio: « justizia betierekoa da. » Bai, paganoak
tronpatzen dira: « Ez dituzte ezagutzen Jainkoaren asmo gordeak, ez dute Jainkozaletasunari
dagokion saririk espero, ez dute sinesten bizitza estakurugabeari dagokion ohorean. »
Huna azken erranaldia: « Debruaren bekaizkeriaz sartu da herioa munduan eta harenak
direnek jasanen dute. » Hemen ez da gorputzeko heriotzea aipu. Heriotze izpirituala da aipu,
Jainkoa gabe izaitea. Zuhurtzia liburuaren arabera justuak baizik ez dira piztuko, paganoak aldiz ez.
Jesu Kristoren etortzea igurikatu beharko da sinets ahal dezagun denak piztuko girela, ezen : «
Jainkoa, gure bihotza baino handiagoa da. »
Salmoa 29
Leloa: Jaunari kantu: zerutik gaitu eskuz hartu.
Zure alderat, nere Jainkoa, nere Jauna,
Egin dut oihu, eta zuk eman osasuna.
Atera duzu nere arima ifernutik,
Zaindua nauzu hil-ziloraino lerratzetik.
Jainko Jaunari haren gizonak has kantari:
Eman gogotik eskerrak haren izenari.
Haren hasarrek apur bat baizik ez diraute;
Bizi guzian gu maitez harek begitarte.
Nuen dolua egin dautazu dantza jauzi,
Kapa kendurik betiko bozez nauzu jantzi.
Zor dautzu, Jauna, nere arimak soinu kantu;
Nahi zaitut zu beti ta beti goraipatu.
29. Salmoa laburra da, bainan ixtorioa behar da jakin oso osoa, ulertzeko :
Asma dezagun norbeit osin batetarat eroria. Oihu egiten du, laguntza galdeginez eta erranez
hilik baino baliosago izanen dela bizirik. Zonbeit ados dira gizona ziloan ikustearekin, trufa egiten
diote. Hura beti laguntza galdez ari da, norbeit menturaz urrikalduko zaiolakoan. Norbeitek entzun
ditu haren oihuak eta zilotik atera. Norbeit hura Jainkoa bera da. Argirat atera delarik, plazerrarekin,
gizona jauzteka hasten da : « Zure alderat, nere Jainkoa, nere Jauna, egin dut oihu, eta zuk eman
osasuna. Atera duzu nere arima ifernutik, zaindua nauzu hil-ziloraino lerratzetik. Jainko Jaunari
haren gizonak has kantari: eman gogotik eskerrak haren izenari. »
Egia erran, Salmo guzietan bezala, irakurgai huntan bi mail behar ditugu ikusi. Ixtorio
hunek erakusten dauku gizon bat eroria zilo batetarat. Bainan alegia bat da : Babiloneko desterrutik
itzuli zelarik, herria bozkariatu zen, Egiptoko itsasotik atera zelarik bezala. Orduan ere kantu,
dantza egin zuen. Babiloneko presoaldia osinerat erortzea bezala izan zen, eta ainitzek pentsatu
zuten populua ez zela sekulan handik ateratuko. Etsaiek goxoki irriten zuten haren ahulezia ikusiz.
Zorigaitz horren denboran, apezek, profetek sostengatu zuten herria, esperantza atxik zezan:
« Zuri dei egin nauzun, Jauna. Jaunari dei egin nion!.. » Herriak, otoitz egiten zuelarik, hau
bezalakoak ateratzen zituen : « Zer irabaziko duzu hiltzen banaiz… » Salmo hau izkiriatua izan
zelarik herriak ez zuen hilen piztean sinesten, uste zuen « Sheol » deitu lurpeko egoitza ilun batean
egonen zela. Orduan, Jainkoari erraiten zion: « Zer irabiziko duzu hiltzen banaiz, errautsak
goretsiko ote zaitu? Zure leialtasuna mezutuko ote du ? »
Eta mirakuilua gertatu da, Jainkoak salbatu du bere herria: « Zure alderat, nere Jainkoa,
nere Jauna, egin dut oihu, eta zuk eman osasuna. Atera duzu nere arima ifernutik, zaindua nauzu
hil-ziloraino lerratzetik. » Populu erreberritzearen ixtorioa kondatua da irudien bidez. Hala nola
Ezekielen ikuskaria : zelai bat hezurrez betea, eta hezurrak haragiz beztitzen eta bizitzen hasten.
Berantxago herriak onartu zuelarik hilen piztea, testo horiek beste argi batekin irakurtu ziren.
« Nigarra dantza bilakatu dautazu, dolu-jantzia besta jantzi… » Hemendik goiti, piztean
sinesten dutenentzat, erranaldi hunek beste sentsu bat hartzen du, “Alleluia” kantatzeko gutizia
emaiten du : « Jainkoak ereman gaitu uztarpetik argirat, trixteziatik bozkariorat, dolutik bestarat,
ilunbetarik argirat, uztarpetik erospenerat. Hortakotz kantatzen diogu, Alleluia! »
Bainan, ustegabean erortzen ahal da putzurat. Salmo egileak erraiten dauku Izraeli hori
gertatu zitzaiola, eta hori izan zela erakaspena Babiloneko deserrian. Ordu artio, Izraelek konfiantza
handia bazuen bizian: « Lasaialdian neure baitan egiten nuen: « Ez naiz sekula kordokatuko. »
Alta, profetak arizan ziren Izrael ezazolkeriatik iratzartu nahiz. Babiloneko hirian ukan zuen
denbora gogoetak egiteko zendako zen zoritgaitzean, eta orduan gertatu da haren jokabidearen
ondorioa: «Zure aurpegia gorde dautazu eta izitu naiz.» Ez badugu nahi berriz erori, leialtasunean
behar dugu bizi: «Nahi zaitut zu beti ta beti goraipatu. »
Bigarren irakurgaia
( Kristo bezala, izan gaiten eskuzabal )
Jondoni Paulok Korintiarreri 2a: 8, 7.9; 13-15
Haurrideak,
7 denetarik ausarki ukan duzue: fedea, mintzatzeko dohaina, jakintza,
kartsutasuna eta zuenganako nere maitasuna;
nasaia izan bedi ere zuen eskuzabaltasuna.
9 Badakizue Jesu Kristo gure Jauna zein eskuzabala den:
aberats zelarik, behartsu egin zen zuengatik,
bere behartsu izaiteaz zuek aberats egiteko.
13 Ez duzue beharrean erortzerik, besteen soleitzeko,
guzien arteko berdintasuna dut bilatzen.
14 Aldi huntan, zuen soberakinak heien eskasia beteko du,
egun batez heien soberakinak zuen eskasia bete dezan;
15 hola berdintasuna izanen da,
Liburu Sainduak manaz dion bezala:
Ainitz bildu zuenak ez zuen sobera,
eta guti bildu zuenak ez zuen eskas.
Sosaren galdegitea beti neke da. Hemen Paulok sosa galdegiten du, batian goxoki, bestian
trufa batekin bezala. Ez ginuen Paulo hola ezagutzen. Gosetea izan zen Judean, eta bereziki
Jerusalemen, 46-48 Jesu Kristo ondoan. Flavius Josephe historialariak kondatzen du
Mesopotamiako erregina batek ekarrarazi zituela ogi bihia eta pikoak Alenxandriatik eta Xipretik.
Paulok haste hastetik dirua biltzen zuen pagano girixtinotuenganik Jerusalemeko
girixtinoentzat, zeren haueri esker baitzuten ukan Berri Ona. Ez da ahantzi behar Jerusalemeko
kontzilioan elkartasuna sustatua izan zela. Huna zer erraiten duen paulok berak: « Ezagutu zuten
bada, Jainkoak eman dautan dohaina eta elkarteko habetzat hartuak diren Jakobe, Petri eta Joanik
eskua eman zaukuten Barnaberi eta bieri elkartasun-seinaletzat: guk paganoen artean lan eginen
ginuen eta heiek juduen artean. Hau baizik ez zaukuten eskatu: hango behartsuez oroitzeko. Eta
hortarat entseatu naiz beti. »
Ondoko urtean Paulok urruneko fededuneri laguntza eskatu zioten : « Alabainan,
Mazedoniakoek eta Akaikoek diru bilketa baten egiteko borondatea ukan dute, Jerusalemen diren
haurride behartsuen laguntzeko. Borondatea, diot, bainan zorra ere bazuten heien alderat : zeren
paganoak izpirituzko ontasunetan heien partaide izan badira zuzen baita lurreko ontasunetan heien
laguntza ukan dezaten. »
Bainan hitzak ez dira aski. Iduri du korintiarrak ez direla ados. Paulok, halako malezia
batekin adiarazten du beste girixtino elkarteek plazer hartu dutela behartsuen laguntzeaz : «
Haurrideak, Jainkoak Mazedoniako eliz elkarteetan bere onginahia nola erakutsi duen jakinarazi
nahi dauzuet. Atsegabe handiak jasan behar ukan dituzte, bainan heien bozkarioa neurrigabekoa
izan da eta, gabezia gorrian izanik ere, eskuzabal ageru dira biziki. Ahal zutena eta gehiago ere
eman dutela lekuko naiz. » Berriz ere Paulok dio : « Orai egintza hori bururaino eremazue, hola
hastapeneko xede onaren parekoa izanen da egintzaren bururatzea ere ahal duzuenaren arabera. »
Zenbaitek erraiten bide zuten ahalik ez zutela, bainan Paulok errepikatzen zioten beti:
«Alabainan, xede onetan denari eman dezakeena onartzen zaio; ez zaio besterik eskatzen… ez
duzue beharrean erortzerik besteen soleitzeko, guzien aldeko berdintasuna dut bilatzen. » Gero
Paulok aipatzen du nola desertuan ukan zuten jatekoa nasaiki.
Azkenean : «Badakizue Jesu Kristo gure Jauna zoin eskuzabala den, aberats zelarik,
behartsu egin zen zuengatik, bere behartsu izaiteaz zuek aberats egiteko. »
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Jesu Kristo gure Salbatzaileak ezeztatu du herioa,
Berri Onaren bidez dirdirarazi bizia.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 5, 21-43
21 Jesus itsasoaz bestalderat untziz itzuli zenean,
jendalde handia bildu zitzaion.
Bera itsas ondoan zagon.
22 Heldu da zinagogako buruzagietarik bat, Jairo deitua.
Jesus ikustean, haren oinetarat erori, eta otoizka eskatzen zion :
23 “ Alaba ttikia hilzorian dut.
Zato eskuak haren gainean ezartzera, senda dadin eta bizi.”
24 Jesus harekin joan zen;
jendalde handia ondotik zoakion, alde guzietarik tinkatzen zuela.
25 Bazen han emazte bat hamabi urte hartan odol-galtzeak zituena.
26 Mediku askorenganik zernahi jasana zen,
zituen guziak xahuturik, batere hobekitu gabea;
Izaitekotz gaizkiago baizik ez zoan.
27 Jesusen berri entzun eta, jende artean gibeletik joan,
eta soinekoa hunkitu zion, bere baitan egiten baitzuen:
28 “ Soinekoa bederen hunkitzen badiot, sendatuko naiz.”
29 Berehala odol-jarioa gelditu zitzaion,
eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean.
30 Ordu berean, Jesus ohartu zen halako indar bat atera zitzaiola,
eta jendartean itzulirik, galdatu zuen:
“ Nork hunkitu dauzkit soinekoak?”
31 Dizipuluek erran zioten:
“ Hainbeste jendek hertsatzen zaituela ikusten,
eta nork
oinetarat erori eta egia osoa aitortu zion.
34 Bainan Jesusek erran zion :
“ Ene alaba, zure fedeak salbatu zaitu.
Zoazi bakean, eta sendatua bekizu gaitza.”
35 Oraino mintzo zela,
zinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, erranez:
“ Hil zaitzu alaba. Zertako eman neke gehiago Irakasle Jaunari?”
36 Bainan, Jesusek hitz horiek entzunik,
zinagogako buruzagiari erran zion:
“ Ez izan beldurrik; zuk sinets bakarrik!”
37 Nehor ez zuen berekin joaitera utzi,
Petri, Jakobe, eta hunen anaia Joani baizik.
38 Zinagogako buruzagiaren etxerat heltzean,
Jesusek hango nahasmendua ikusten du,
jendea nigarrez eta garrasiaka.
39 Sartu eta erraiten diote:
“ Zergatik holako nahasmendua eta nigarrak?
Nexka ez da hila, lo dago.”
40 Heiek irri egiten zioten.
41 Bainan Jesusek guziak kanpo ezartzen ditu,
eta hartzen ditu haurraren aitamak eta berekin zituenak;
gero nexka zagon tokirat sartzen da.
Haurra eskutik hartu eta erraiten dio:
“ Talitha kum “ erran nahi baita: “ Nexka, nik diozut: Jeiki zaite!”
42 Berehala xutitu zen nexka eta ibiltzen hasi;
bazituen hamabi urte.
Guziak ezin gehiago harriturik gelditu ziren.
43 Jesusek zorrozki manatu zioten nehork ez zezan jakin;
eta nexkari jatera emaiteko erran zioten.
Iduriz, hemen kondatua Kafarnaumen gertatu zen. Hortaz Markek ez dauku xehetasunik
emaiten. Hiru ebanjelistek kondatzen daukute gauza bera: Jairok galdegin zuen alabaren sendatzea,
gero izan zen emazte batena, eta segidan nexka baten berpiztea. Hamabi urte emaztea eri zela,
haurrak hamabi urte zituen. Medikuek eginahalak eginak zituzten : « Bazen emazte bat hamabi urte
huntan odol-galtzeak zituena…Medikuen askoren ganik zer nahi jasana zen, zituen guziak
xahuturik batere hobekitu gabe, izaitekotz gaizkiago baizik ez zoan. » Horra orai nexkarentzat
izkiriatua dena: « Hil zaitzu alaba; zendako eman neke gehiago Irakasle Jaunari ? »
Markek nahi du erakutsi gizonen ahalgabetasuna, hobekiago agerrarazteko Jainkoaren
indarra, haren indarra hain da handia nun hilak pizten baititu. Markek sendiarazi nahi du ere zer
desberdintasuna den Jesusen eta profeten artean. Elik piztu zuelarik Zareptako alarguntsaren semea,
eta Elizek Xunamitaren semea, biek, lehenik, Jainkoa otoiztu zuten. Aldiz Jesusek erraiten du
Jairori: «Ez izan beldurrik, zuk sinets bakarrik. Zergatik holako nahasmendua eta nigarrak? Nexka
ez da hila, lo dago. » Hola Markek erraiten ahal du Jesus dela biziaren Jauna, herioa loaldi bat dela, eta Jesusek iratzartuko gaituela.
Jairoren alabaren piztea gure piztearen irudia da. Jesusek nexka eskutik hartu zuen bezala,
gu ere, bakotxa, eskutik hartuko gaitu. Izaik Jainkoaz erraiten zuen bezala: « Ni, Jauna, zure
Jainkoa, eskutik lotzen nitzaizu eta erraiten :Ez beldur izan, nik laguntzen zaitut. ». Egun batez,
gizadi guziari Salbatzaileak erranen du: « Talitha koum » erran nahi baitu : « nexka, xuti zaite! »
Markek ezagutzen ote zuen, lehen girixtinoen bataio-kantua, Paulok efesoarreri izkiriatu ziotena:
« Atzar zaite, lo zauden hori, jeiki hilen artetik eta Kristok argituko zaitu. »
Nahi balinbadugu Jesusen pizte ahalean parte hartu, baldintza bakar bat baizik ez da,
sinestea : « Ene alaba, zure fedeak salbatu zaitu. » Markek segurtatzen dauku fedea aski dela. Jairo
zinagogako nausi handia da, bainan emaztea arras xumea, eritasunaren gatik odola galtzen duena.
Beraz lohi da legez, jendeen artean egoiten ahal ez dena. Jesusek sendatuko du eta hari esker,
emaztea sartuko da bere herriaren batasunean. Marki laket zaio erraitea Jesusek ez duela nahi nehor
kanpo egon dadin : hor dugu lekuko lepradunaren ixtorioa. Libro gira trufatzaileen alde izaitera, edo sinestera Jainkoaren baitan, edo urrun egoitera. Markek erraiten dauku oraino: « Dena ahal du
sinesten duenak. »
Jesusek, hiru dizipulu, beti berak, Petri, Jakobe eta Joani hezten ditu; horiek ziren
Itxuraldaketan lekuko izan zirenak, horiek dira izanen Elizaren buruzagi handiak: « Jakobe, Zefas
eta Joani Elizako habetzat hartuak. »
Jesusek galdegina zioten gertakari horiek nehori ez aipatzeko : « Jesusek zorrozki manatu
zioten nehork ez zezan jakin.» Zendako? Menturaz ez zuen nahi jendeek gaizki ulert zezaten egiten
zuena, zeren errekesta handia baitzuen. Badugu froga: « Alabainan, ainitzak sendatu zituen, eta
gaitz bat zuten guziak gainerat zoazkion hunki nahiz. » Urruntxago erraiten du: « Jesus joaiten zen
hiri, herri edo etxaldeetan eriak plazetarat ateratzen ziozkaten. Soinekoaren litsa bederen
hunkitzera uzteko otoizten zuten eta hunkitzen zuten guziak salbatuak izan ziren. »