Urteko 13. Igandea B 2018-07-01
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko irakurgaiak hiru hitz hauekin laburtu daitezke: heriotza, bizia eta fedea.

Lehenengo irakurgaiak dio: heriotza ez du Jainkoak egin; Jainkoak ez du nahi heriotzarik; bizitzeko kreatu du guztia.

Bigarren irakurgaiak eskuzabaltasuna eskatzen du, Jesusi jarraituz: Jainkoa, aberats eta aintzatsu izanik, pobre egin da, atsekabea eta heriotza jasan ditu, gu askatzeko, guri bizia segurtatzeko. Honek guztiak fedea eskatzen du, konfiantza Jainkoagan

Ebanjelioa: Jesusek garaitu egin ditu sufrimendua, emakume odoljarioduna sendatuz, eta heriotza, hamabi urteko neskatxa piztuz. Alabaren heriotza atzera ezinekotzat jotzen dutenen kontra, «zuk sinetsi» esan dio Jesusek Jairori, neskatxaren aitari. Fedea eta konfiantza.

Heriotza. Ez da bakarrik azken arnasa ematea. Heriotza-mota asko ari gara nozitzen.

Maila pertsonalean: nor bere txokoan bil-bil egitea, nik neurea eta besteak hor konpon, ni pertsona erretiratua naiz eta lan egin dezatela gazteek, ni gaixo nago eta zer egin dezaket? Etab. Horiek guztiak, etsipenaren seinaleak dira. Etsipena, heriotzaren seinalea da, bizia galdu duzun seinalea.

Maila sozialean: munduko aberastasunak gero eta esku gutxiago ari dira biltzen; gero eta axolagabeago ari gara bihurtzen etorkinen arazoez; gizartean bizi ditugun arazoak manifestazio bat edo gehiago egite hutsarekin konpondu nahi izaten ditugu. Heriotzaren seinale dira horiek guztiak: gizaki bezala bizitzeari utzi eta era begetatibo hutsean bizi nahi izatearen seinale dira.

Bizia. Bizia erronka bat da. Pozik bizitzea da, geure izate guztiak dantzan jarriz. Alde onak gozatzen jakitea da, geure gorputzean distiraraziz bihotzean sentitzen eta bizi duguna. Zailtasunei eta ezbeharrei aurre egitea da, geure izate guztia dardaraziz.

Fedea. «Zuk sinetsi» esan zion Jesusek Jairori, hamabi urteko neskatxaren aitari. Eta emakume odoljariodunari, berriz: «Ene alaba, zeure fedeak sendatu zaitu». Kasu batean eta bestean, fedearen fruitu izan dira biak: sendatzea eta piztea.

Horra, senideok: fedeaz borroka egitea da arazoa. Marcel Proust frantsez nobelagile eta pentsalariak esana da: «Ezer aldatzen ez bada ere, ni neu aldatzen banaiz, dena aldatuko da». Eta Virgilio poeta latinoak: «Badezakete, badezaketela sinesten dutelako».

Gaurko irakurgaiak, esan dut hasieran, hiru hitz hauek biltzen dituzte: heriotzak, biziak eta fedeak. Fedeak gidatuko gaitu, neurri handian heriotzaz egina dagoen mundu honetan. Fedeak gidatuko gaitu mundu honetan biziaren arrastoen bila saiatzen. Fedea ez da gauza abstraktu bat; bizi den eta geure bidelagun dugun Jesusengan konfiantza jarri eta haren urratsei jarraitzen saiatzea da. Miresgarria da Frantziako katedral batean ageri omen den irudi hau: Jesus Judasen gorpua bizkarrean duela. Hila ere bere ardurapean hartu du Jesusek, bizi dadin.

Dionisio Amundarain