URTEKO HAMAHIRUGARREN IGANDEA A

Lehen
irakurgaia

( Jainkoak sariztatzen bere profeta etxean hartu duen emaztea )

Erregeen bigarren liburutik 4,8-11.14-16

8 Egun batez, Elizeo Zunamen barna zoalarik,
hango andere aberats batek bere etxerat ereman zuen bazkaltzera.
Geroztik, Elizeo, handik iragaitean,
harenganat joaiten ohi zen bazkaltzera.
9 Andereak erran zion senarrari:
“ Horra: badakit gureganat etortzen ohi den hori
Jainkoaren gizon saindu bat dela.
10 Egin diezogun etxe gainean gela ttiki bat,
eta han ezar ohea, mahaina, alkia eta argiuntzia,
gure etxerat etortzean, horrarat bil dadin.”
11 Halako batean, harat etorri-eta, gela hortarat bildu zen eta etzan.
14 Elizeok erran zion bere mutilari:
“ Zer egin dezakegu andere hunentzat?”
Mutilak ihardetsi:
“Beha: haurrik ez du, eta senarra zahartua.”
15 Elizeok erran zion: “ Dei egiozu.”
Mutilak deitu zuen, eta anderea atean agertu zen.
16 Elizeok erran zion:
“ Heldu den urtean, sasoin huntan, seme bat izanen duzu besoetan.”

Salmoa 88

Leloa: Zure betiko bihotz ona
Dut aipatuko beti, Jauna.

Jaunaren bihotz onari kantu sekulako,
Haren egia mendez mende dut aipatuko.
Bai betiko du guretzat harek amodio;
Hari egia zeruan berme dagokio.
Bai dohatsuak zuri daudenak dena jauzi,
Zure begien argi betean baitoatzi.
Zure izenaz bozkariotan daude beti,
Zuzentasunak baiteramatza bozik goiti.
Zu zaitugu zu bai indar eta bai dirdira,
Zure graziaz gure kopetak daude gora.
Gure begira badago beti Jauna bera,
Erregearen Jaun eta Nausi baita hura.

Bigarren
irakurgaia

( Bataioaz, Kristoren heriotze eta piztearekin bat eginak gira )

Jondoni Paulok Erromanoeri 6,3-4.8-11

Haurrideak,
3 Jesu Kristoren baitan bataiatuak giren guziak,
haren heriotzean gira bataiatuak izan.
4 Bataioaren bidez harekin heriotzean hilobiratuak izan gira:
Aitaren aintzari esker Kristo hilen artetik piztu den bezala,
guk ere bizi berria bizi dezagun.
8 Kristorekin hil bagira,
sinesten dugu harekin biziko ere girela;
9 Badakigu: Kristo hilen artetik piztuz geroz ez da berriz hilen;
herioak ez du gehiago eskurik haren gainean.
10 Hil da, eta bekatuari zaio hil behin betiko;
bizi da, eta Jainkoarentzat da bizi.
11 Berdin zuek ere: har gogoan bekatuarenzat hilak zireztela,
bainan Jainkoarentzat bizi Jesu Kristoren baitan.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jainkoaren herria, errege populua,
gora kanta Jaunaren miragarriak:
ilunbetarik bere argirat deitu zaituzte.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 10,37-42

Jesusek erran zioten bere apostolueri:
37 “ Aita edo ama ni baino maiteago duena, ez da neretzat on;
semea edo alaba ni baino maiteago duena, ez da neretzat on.
38 Bere gurutzea hartzen ez duena,
eta jarraikitzen ez zaitana, ez da neretzat on.
39 Bere bizia beretzat begiratu nahi duenak, galduko du;
bere bizia neregatik galduko duenak, begiratuko du.
40 Zueri ongi etorri egiten dautzuenak neri daut egiten;
eta neri ongi etorri egiten dautanak
ni igorri nauenari dio egiten.
41 Profeta bati, profeta delakotz, ongi etorri egiten dionak,
profetari zor zaion saria izanen du.
Eta gizon zuzen bati, zuzena delakotz, ongi etorri egiten dionak,
gizon zuzenari zor zaion saria izanen du.
42 Eta ttipi hauetarik bati, nere dizipulu delakotz,
baso bakar bat ur hotx edatera emaiten dionak,
egiaz diozuet, ez du bere saria galduko.”