SINESTEN OTE DUGU JESUSENGAN? (Lukas 9,18-24)
Urteko 12. igandea C 2016-06-19
Lehen belaunaldiko kristau-elkarteek gaurko ebanjelioko pasadizo honen oroitzapena garrantzi handikotzat eman zuten Jesusen jarraitzaileentzat. Zuzena zen uste hori. Bazekiten Jesusen Elizak behin eta berriz entzun beharko zuela, Zesareako Filipo inguruan, Jesusek ikasleei behin batean egin zien galdera hau: «Zuek, nor naizela diozue?».
Kristau-elkartean Jesusekiko geure fedea itzaltzen uzten badugu, galdua dukegu geure nortasuna. Ezin bizi izango dugu ausardia kreatzaileaz Jesusek gomendatu digun egitekoa; ez gara ausartuko aurre egiten mementoan momentukoari, Jesusen Espirituaren berritasunari begiak irekirik; erdipurdi gelditu eta itoko gara.
Ez da aro erraza gure hau. Jesusengana egia eta leialtasun handiagoz itzultzen ez bagara, zurrunduz joanen gara eta geure bidea galduz; gure hizketa handia sinesgarritasuna galduz joanen da. Garen, diogun eta dagigun guztiaren giltzarri, oinarri eta iturri da Jesus. Nor eta zein da, ordea, gaur Jesus kristauentzat?
Guk, Pedrok bezala, Jesus «Jainkoaren Mesias» dela, Aitaren Bidalia dela aitortzen dugu. Halaxe da izan ere: Hainbesteraino maite izan du Jainkoak mundua, Jesus erregalatu baitigu. Alabaina, ba ote dakigu kristauek Jainkoaren erregalu handi hori onartzen, zaintzen, gozatzen eta ospatzen? Gure ospakizunen, topo egiteen eta batzarren erdigune ote da Jesus?
Aitortzen dugu, halaber, «Jainkoaren Semea» dela Jesus. Jainkoa hobeto ezagutzen laguntzen ahal digu hark, Aitaren onberatasunean konfiantza handiagoa izaten, fede handiagoz entzuten Aitaren deia mundua haurrideago eta guztientzat zuzenago egin dezagun. Alabaina, aurkitzen ote dugu geure elkarteetan Jesusengan haragitu den Jainkoaren zinezko aurpegia? Ba ote dakigu hots egiten eta aldarrikatzen guztientzat albiste handi bezala?
Halaber, «Salbatzaile» izena ematen diogu Jesusi, gure bizitza gizatartzeko indarra duelako, gu geu askatzeko eta giza historia benetako eta behin betiko salbamendura bideratzeko indarra duelako. Alabaina, hori ote gure artean arnasten den esperantza? Hori ote gure elkarteek kutsatzen duten bakea?
Era berean, aitortzen dugu Jesus dela geure «Jaun» bakarra. Ez dugu nahi beste jaunik, ez dugu izan nahi inolako sasi-idoloren mendeko. Alabaina, gure bizitzako erdigunea betetzen ote du Jesusek? Guztizko lehentasuna ematen ote diogu geure elkarteetan? Ororen eta guztien gain jartzen ote dugu? Jesusenak ote gara? Hura ote animatzen eta biziarazten gaituena?
Kristauen egiteko handia, gaur egun, indarrak bateratzea da, bideak urratzea haren Elizan Jesusen zentraltasuna berresteko. Ondoren dator beste guztia.
Jose Antonio Pagola.