Urteko 12. igandea C (2016-06-19)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioan, gairik nagusiena da hau: Nor da Jesus? Baina ez da galdera erretoriko bat. Ez da galdera teoriko hutsa. Jendeak Jesusez esaten duena eta guzti, Pedrok Jesusez esaten duena eta guzti, Jesusek berak sakonkiago agertu nahi izan du bere izaera, bere nortasun. Baita zer esan nahi duen ere horrek guztiak guretzat.

Jesus, gaurko ebanjelioan, oso probokatzaile ageri da: zer dio jendeak nitaz?, eta zuek, ikasleei galdetuz, zer diozue nitaz? Baina probokaziorik handiena beste hau izango da; esan die: ederki hitz egiten ikusten duzuen hau, gauza berriak esaten dizkizuen hau, askatasunaz hitz egiten dizuen hau, gauza miresgarriak egiten ikusten duzuen hau, atxilotu egingo dute, torturatu eta hil egingo dute, baina hilko duten hau piztu egingo da hirugarren egunean, eta zuen argi, bide eta bizi izango da.

Eta probokazio horien aurrean, zer erantzuten du jendeak? Profetaren bat dela. Jendeak ez du hartu Jesus nortasun propioa duen pertsonatzat. Piztu den profetaren bat da soil-soilik.

Eta probokazio horien aurrean, zer diote ikasleek? Zu Jainkoaren Mesias zara, esan dio Pedrok. Baina zer adierazi nahi du Pedrok hitz horiekin? Ba, Jainkoaren Mesias zara, hau da, Jainkoak gantzutu eta sagaratu duen Mesias zara. Herri handi baten aita izateko Jainkoak sagaratu zuen Abraham bezala, Egiptotik herria askatzeko Jainkoak sagaratu zuen Moises bezala, Israel herria gidatzeko Saul erregea edo David erregea sagaratu zituen bezala… Israel herria erromatarren eskuetatik askatzeko sagaratu duen Mesias zara.

Horixe. Bai jendeak, bai ikasleek, Jesus lider politiko bat dela uste dute. Ez al zuten horixe bera aitortu Emausko bi ikasle haiek Jesus berpiztua bidean agertu zitzaienean? «Zer gertatu da, ba?» galdetu zien Jesusek, orduan ere era probokatzailean. Eta bietako batek: «Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zen hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan; baina… gurutziltzatu egin dute. Guk uste genuen berak askatuko zuela Israel» (Lukas 24,19-22).

Eta Pedrok berak zer uste agertu du Jesusez, honek gaurko ebanjelioan berean, bere izaera eta bere egitekoa sakonkiago agertu nahi izan dizkienean? Izan ere, Jesusek Jerusalemen hilko dutela agertu die lehen aldiz. Eta Pedrok erantzun dio: «Ez, horrelakorik ez».

Senideok, Jesus ez dator bat jendearen iritziarekin, ezta ikasleen iritziarekin ere. Ez da etorri lider politiko bezala, lider nazionalista bezala. Hau du Jesusek buruan une honetan: sufritu egin behar duela, uko egingo diotela, hil egingo dutela. Baina badaki, azken hitza ez duela gurutzeak izango. Badaki zeruko Aitak piztu egingo duela.

Esan dugu, Jesusen galdera ez dela teorikoa. Bizieraz aldatzeko egina da. Berari jarraitzera eragiteko egina da. Eta garbi jarri du zer den berari jarraitzea: nork bere buruari uko egitea da, nork bere egunean eguneko gurutzea lepoan hartzea da.

Nork bere buruari uko egitea. Ez da masokismoa. Ez da itxurakerian erortzea. Nork bere egoismoa utzi, eta besteentzat bizitzea da.

Nork bere egunean eguneko gurutzea hartu. Ez da sufrimenduen bila ibiltzea. Badu aski zama berekin egunak.

Hori guztia posible ote den? Hogei mende pasa dira hori esan zela. Denbora horretan guztian, milaka eta milioikoa izan dira hitz hori aintzat hartu eta haragi egin izan dutenak. Lehenengo irakurgaiak eman digu giltzarria: aldez alde zulatu zutenari begiratuko diote. Gurutzean hil den Jesusen laguntza da horretarako tresna eta arnasa. Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.

Dionisio Amundarain