URTEKO HAMABIGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Jainkoa itsasoaren jaun eta jabe )

Joben liburutik 38, 1.8-11

1 Jaunak ekaitzaren erditik Jobi erran zion:
8 “ Nork hetsi zuen itsasoa atez,
amaren sabeletik indarka atera zenean?
9 Hedoia soinekotzat eman nion, eta lanoa xatar-oihaltzat.
10 Nik eman niozkan mugak, ateak eta morroilak ezarri.
11 Erran nion : “ Hunaraino etorriko zira, ez aitzinago,
hemen lehertuko da zure uhainen harrokeria.”

Bibliak alegia bat, ipuin bat kondatzen dauku, irakaspen baten argitzeko idatzia.
Behin bazen Job izeneko gizon bat, aberatsa, zorionean bizi zena. Bat-batean denak galdu
zituen, familia eta ontasun. Alta gizon zuzena zen. Orduan zergatik sofrikarioa ? Jobek galdera hori
Jainkoari zuzenean egiten dio. Gaur irakurtu dugun pasarte hau Jainkoaren errepostuaren hastapena
da. Jainkoak ez du “zergatik sofrikarioa” galderari erreposturik emaiten. Ez du ere Job gaitzesten
Jainkoari konduak eskatzen diozkalakotz. Jainkoaren errepostua poema luze bat da, kreazione
miresgarriari eskainia. Olerki horren bidez -hemen jasta baizik ez da emaiten- Jainkoak, ezti-eztia,
Job bere lekuan ezartzen du : Job, ez duzu mundua kreatu, ez eta itsasoari bere mugak ezarri; ez
diezu argiari, euri eta elur ekaitzeri manatzen, ez zira izarreriaren nausia…
Job ixiltzen da : Nor naiz Jainkoari konduen galdegiteko ? Neure ezjakinean mixterio
harrigarriak harrotu ditut.
Zertan da poema hunen erakaspena ? Jainkoak bere ahala Jobi oroitarazi badio
kreazionearen bidez, hau onartarazi nahi lioke : hori guzia egin badut, zuretzat egin dut. Konfiantza
egidazu, Job. Ene eskutan zira. Zure biziko ekaitz guzietan zurekin naiz, ez zira hondatuko, onik
aterako zira.

Salmoa 106

Leloa: Jaunari kanta, ona baita:
Amodioa betiko baitu betikoa.

Eskerrak eman, eskaintzak egin Jainkoari:
Harek eginak guziek aipa, kantuz ari.
Jaunaren lana ikusi dute agerian,
Ikusi haren miragarriak uhainetan.
Hak hitz bat eta heien gainerat zer galerna,
Itsas-uhainak betbetan goiti zabiltzana.
Jaunari oihu egin diote beren hartan,
Eta hersturak joan diozkate, hersturak joan.
Galerna zuen ixiltzeraino arrunt hezi,
Eta betbetan itsas-uhainak maltso utzi.
Bai ona baita, eskerrak denek Jainkoari:
Gizonarentzat egin du ainitz miragarri.

Frango luzea den salmo hunek izraeldarren biziko lau egoera aipatzen ditu. 1. Izrael
Egiptotik atera eta basamortuan gose eta egarri. 2. Izraeldarrak Babiloneko desterruan (6. mendean
J.K.aitzin). 3. Izraeldarrak behin baino gehiagotan deskuraiatuak. 4. Mariñel batzu itsasoko ekaitz
batean itotzeko hirriskuan.
Azken zati hau daukute emaiten gaurko bertsetek.
Lau pasarte hauetako jendeak fededunak dira : Jainkoari dei egiten diote beren hersturan.
Lau aldiz salmoak errepikatzen du : « Jaunari oihu egin dute beren hartan, eta hersturak joan
diozkate, hersturak joan. » Jainkoak bere laguntza eman diete ziren ateka gaixtotik ateratzeko :
Basamortuan ziren izraeldarrak « bide zuzenetik ereman zituen, egarri zirenak ase, gosetuak
ontasunez bete. » Babilonian preso zirenak « ilunperik beltzenetik atera zituen eta heien lokarriak
hautsi. » Etsituak zireneri « bere hitza igorri zioten sendagarri eta hondamenditik atera. » Itsasoan
galtzera zoatzinentzat « ekaitza haize gozo bilakatu zuen, eta uhainak ixildu ziren. »
Zer izaiten ahal ziren fededun horien guzien sendimenduak Jainkoari buruz, eskerren
bihurtzeaz besterik : « Gorets bezate Jauna bere maitasunagatik, gizasemeen alde egiten dituen
gauza harrigarriengatik. »
Gogoan atxik dezagun Jainkoak Age profetaren bidez errana : “Ene Izpiritua zuen artean
duzuenaz geroz, ez beldur izan.” (2,5)

Bigarren irakurgaia

( Jesu Kristo baitan kreatura berri gira )

Jondoni Paulok Korintiarreri 5, 14-17

Haurrideak,
14 Kristoren maitasunak hertsatzen gaitu,
jakinik bat denentzat hil dela, eta beraz denak hil direla.
15 Kristo denentzat hil da,
bizi direnak ez daitezen berentzat bizi,
bainan heientzat hil eta piztu den harentzat.
16 Horrengatik, hemendik aitzina,
guk ez dugu nehor giza moldez ezagutzen;
eta Kristo giza moldez ezagutu badugu ere,
orai ez dugu hala ezagutzen.
17 Beraz, norbait Kristoren baitan badago, kreatura berri da.
Lehengo mundua joana da, berria jadanik sortua da.

“Kristoren maitasunak” hertsatzen gaitu, “bortxatzen” bezala, “gainean dugu”. Erran nahi
baita Jainkoa ez dela epela. Gure errepostua izari berekoa denez, hori besterik da. Paulorena kartsua
ziteken.
“Kristoren maitasunak hertsatzen gaitu, jakinik bat denentzat hil dela.” Kurutzean da
ikusten norainokoa den Jainkoaren amodioa. Testamendu Zaharrean, zenbait aldiz, Jainkoarekilako
harremana tratu bat bezala zen. Hasierako 18.kapituluan irakurtzen da Jainkoaren eta Abrahamen
arteko elkarrizketa hunkigarria, Jainkoaren urrikalmenduaren erakusgarri. Abrahamek Jainkoari:
Sodoman eta Gomorran 50 justu aurkitzen badituzu, hiri horiek xehatuko ote dituzu ? Jainkoak : 50
justu aurkitzen baditut ez ditut hondatuko. Eta horra Abraham tratuan : eta 45 justu aurkitzen
badituzu ? Eta 40 ? Eta 30, eta 20, eta 10 ? Jainkoak errepostu : “10 horiengatik ez ditut bi hiri
horiek suntsituko”. Jainkoaren urrikalmendu hunkigarria, eta Abrahamen otoitz eraginkorra !
Jeremi profetak urrunago ikusi zuen (6.mendean J.K. aitzin). “Ibil zaizte Jerusalemeko
karriketan; justu bakar bat aurkitzen baduzue, hiriari barkatuko diot.” (Jr 5,1) Justu bakar bat hori
Jesus izanen zen, hari esker deneri barkatua izanen baitzitzaioten.
“Bat denentzat hil da”, gure fedearen bihotza hortan da. Konpreni dezagun “denentzat” hori
behar bezala : “denen alde” erra nahi du. Gertakari horrek gure biziari beste itxura bat emaiten dio :
Jesusen heriotzeak bizia emaiten dauku, bizia ukan dezagun hil da.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Zatozte, ikus Jaunaren lanak!
Itsas-uretan zer indarra Jainko-mintzoak!

Itsas-marrumak jabaltzen Jaunak!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 4, 35-41
Egun guzian, Jesus jendeari mintzatu zitzaion parabolaka.
35 Ilunabarrean, dizipulueri erran zioten:
“ Goazen uraz bestalderat.”
36 Jendea utzirik, eremaiten dute Jesus untzian, zagon bezala;
eta beste zenbait untzi ere baziren harekin.
37 Haize-ekaitza atera zen,
eta uhainek untzia jotzen zuten, ja urez betetzeraino.
38 Jesus, berriz, xopan lo zagon bururdi baten gainean.
Iratzarri zuten, erranez:
“ Irakasle jauna, galduak gira, eta zuk axolarik ez?”
39 Atzarririk, haizea larderiatu zuen, eta itsasoari erran:
“ Xo! Hago ixilik!”
Gelditu zen haizea, eta itsasoa jabal-jabala jarri.
40 Jesusek erran zioten:
“ Zergatik beldur hori? Ez ote duzue oraino federik?
41 Beldur ikaraz gelditu ziren, elkarri erranez:
“ Nor dugu hau, haizeak eta itsasoak obeditzen baitiote?”

Marken Ebanjelio guzian galdera hunen aitzinean gira : “Nor dugu hau?” Errepostua
galderan berean da. Nor da itsasoaren eta izadiaren nausi, Jainkoa bera ez bada ? Hain da
Jainkoa izadiaren nausi nun izadia bere herriaren zerbitzuko ezartzen baitu : Egiptoko
esklabotasunetik atera zelarik itsasoa bi parte egin zen Izraeldarren pasatzera uzteko, Jalgitza
liburuaren arabera.
Galdera egitean berean, dizipuluek errepostua gogoan dute : gizon hau Jainko da. Eta
hortako ditu beldurrak hartzen. Orai arte ekaitzak zituen izitzen. Ekaitza jabaldu ondoan,
Jainkoaren aitzinean izaitearen beldurra nausitzen zaiote. Karfanaumen (1,25) debruaren
haitzatzeko erran zituen hitz berak ditu Jesusek hemen ere : “Hago ixilik”. Apostoluentzat
Jesus gaitz ororen nausi da.
Jesusek erasiatzen ditu izitu direlakotz. Alta bazen arrazoinik ekaitzaren erdian.
Bainan Jesusen ikuspundutik beldurra jauzi zaiote, haren baitan ez dutelakotz sinetsi. Fede
eskas hori zaio Jesusi gaitzitu. Bera ez da izitu, baitaki Aitak eman diola itsasoaren nausi
izaiteko ahala. Eta guk jakin behar dugu gaitza garaitzen ahal dugula Jainkoaren
indarrarekin, laguntza galdegitea salbu.
« Goazen uraz bestalderat » dio Jesusek. Marken gogoan ez ote du horrek erran nahi
Jesus piztu denetik beste mundu batean sartuak girela, kreazione berri batean. Girixtino
izaiteak gure ikusmena aldatzen du : ez da gehiago deus lehenago bezala. Gizaldia bersortu
da. Jesus piztuaren bizi berriaz bizi gira. Jesus bezala bizi gaitezke zerbitzatzeko, ez
zerbitzatuak izaiteko. Jesusi xartatuak gira, haren biziaz bizi; badugu nahikari eta indar
Jesusen borroka beretan garaile izaiteko, gizonen ekaitz guzieri nausitzeko. Girixtino orok
erran dezake Paulok bezala : “Ez naiz ni bizi, Kristo da ene baitan bizi.”