ZERGATIK GARA HAIN KOLDAR?
Urteko 12. igandea B (2015-06-21)

«Zergatik zarete hain beldurti? Oraino federik ez»? Jesusek ikasleei egin dizkien bi galdera hauek ez dira, Markos ebanjelariarentzat, aspaldiko pasadizo. Jesusen jarraitzaileek beren krisialdian entzun behar izan dituzten galdera dira. Bestalde, gaur egun geure buruari egin beharreko galdera: Zein da, ordea, gure koldarkeriaren sustraia. Zergatik gara beldur etorkizunaz? Ez ote da Jesu Kristogan konfiantzarik ez dugulako?

Laburra da kontakizuna. Jesusen agindu hau du abiapuntu: «Goazen beste ertzera». Ikasleek badakite Tiberiades aintziraren beste ertzean Dekapolis dagoela, lurralde paganoa. Lurralde desberdina eta arrotza. Beren erlijioaren eta sineskizunen aurrean kontrako kultura duena.

Bat-batean ekaitz latza harrotu du, ikasleen taldean gertatu ohi denaren metafora grafikoa. Ontziari latz eraso dioten urakan-haizeak, olatuak, dena hartzen hasi den ura: argi adierazten du egoera horrek guztiak zer egin ahal izango duten Jesusen jarraitzaileek mundu paganoaren etsaigoaren aurrean. Beren egitekoa ez ezik, taldeak bizirik jarraitu ahal izatea ere arriskuan ikusi dute.

Ikasleek esnarazi dutelarik, Jesusek esku hartu du, haizea gelditu da eta bare-bare da aintzira. Harritzeko gauza, ordea, ikasleak «izuturik gelditu izana» da. Lehen, ekaitzaren beldur. Orain, dirudienez, Jesusen beldur.

Halaz guztiz, funtsezko zerbait gertatu da haien baitan: Jesusengana jo dute; ezagutzen ez duten indar salbatzailea nabari diote orain; hura nor eta zein ote den galdezka hasi dira. Sumatzen hasi dira harekin dena dela posible.

Kristautasuna gaur egun «ekaitz gogor» baten erdian da, eta beldurra gutaz nagusitzen hasia da. Ez gara ausartzen «beste ertzera» igarotzen.Kultura modernoa lurralde arrotz eta etsai dela iruditzen zaigu. Geroak beldurra ematen digu. Sormenak gauza debekatua dela ematen du. Batzuek uste dute ezen hobe dela atzera begira jartzea aurrera hobeto egin ahal izateko.

Denok harriaraz gaitzake Jesusek. Berpiztuak badu indarra kristautasunaren historian aro berri bat estreinatzeko. Fedea zaigu eskatzen soilik. Halako beldurretik eta koldarkeriatik libra gaitzakeen fedea, eta Jesusen urratsei jarraiki bide egitera eragin diezagukeen fedea.

Jose Antonio Pagola