Urteko 12. igandea B (2015-06-21)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioa sinboloz betea dago. Oso oker ibiliko ginateke hor ageri den «mirariari» begira geldituko bagina. Jesusen garaian mirari deitzen zutenak ez du zerikusirik gaur mirari esaten dugunarekin. Evely idazle katoliko handia izan zen; esaten zuen: «Gure arbasoek mirariengatik sinetsi zuten; guk mirariak izan arren, mirarien gainetik sinesten dugu». Inporta zaiguna, antzinako haiek zuten hizketa ulertzea da.

Emaiogun, beraz, begiratu bat ebanjelioari.

Lehenik eta behin, itsasoaz beste aldera joatera gonbidatu ditu Jesusek ikasleak. Itsasoaz beste alde hori, lurralde paganoa da. Beraz, mundu osora joatera gonbidatu ditu Jesusek. Horra lehen sinbolismoa. Mundu guztiarentzat etorri da Jesus.

Itsasoa antzinakoentzat gaitzaren indarrez betea dago. Kristauen artean sortu lehen «ekaitza» horixe izan zen: Jesusen mezua paganoei ere ematen hastea. Baina ekaitza eta guzti, itsaso horretara jo beharra du kristauak. Bestaldera joate horrek, antzina, Egiptotik ihes egitean, Itsaso Gorria zeharkatu izana iradokitzen du, eta basamortuan zehar hitzemandako lurralde aberatsera iritsi izena, basamortuan une latzak bizi ondoren. Jesusen obsesioa den Jainkoaren Erreinua gauzatzeko, beharrezkoa da ebanjelioa mundu guztira zabaltzea.

Gaurko ebanjelioa ikasleek jasan duten itsasoko ekaitzaz mintzo da. Garai batean, Jonas profetak ere jasan behar izan zuen ekaitza, lurralde pagano batera Jainkoaren mezua eramatera zihoanean. Jonas ere lo zegoen itsas ontzian, gaurko honetan Jesus bezala. Itsasoa arriskutsua zen. Jainkoaren esku bakarrik zegoen itsasoa. Jainkoarengana jo beharra zuten. Hala, Jonas zeramaten marinelek Jainkoagana jo zuten. Jesusen ikasleek Jesusengana jo dute. Ondo dakite Jesusek baduela ahalmena itsasoa baretzeko. Baina duda dute nahi izango ote duen: «Ez al duzu axola gu galtzea?», galdetu diote.

Jesusek haserre agindu dio haizeari: «Isildu hadi». Beste kasu askotan espiritu gaiztoei esan izan dizkien hitz berak dira.

Ondoren, ikasleei mintzo zaie: «Ez al duzue oraindik konfiantzarik?» Ez da galdera huts bat. Jesus konturatu da: ez dutela konfiantzarik, ez beragan, ez beren buruagan. Beste behin ageri da, zein garrantzizkoa den fedea; baina egiazko fedea, egiazko konfiantza. Fedea ez da aspaldiko kontzilio haien testuak buruz jakitea. Duela gutxi, familia batean aipatu nuen Apokalipsi liburuko esaldi bat: «ez bero, ez hotz zarelako ahotik botako zaitut»; Asia Txikiko zazpi elizetako bati esana dela adierazi nuen. Eta batek: «zazpietako zeini?» Eta nik: «Ez naiz gogoratzen». Eta besteak, errumaniar eliza mendekostalekoa da: «Jakin beharko zenuke, ba, apaiz izanda». Harentzat, mezua ezagutzea baino inportanteagoa da zertzelada espazio-tenporalak ezagutzea. Baina ez. Fedea pertsona batengan konfiantza izatea da: Jesusengan konfiantza bizia izatea.

Azkenik, ikasleen erreakzioa: «Zein da, ordea, hau?», diote ikasleek. Garbi dago, ikasleek ez zekiten, artean, Jesus zein eta zer zen. Markosen ebanjelioan izen asko emango dizkiote Jesusi. Baina hildakoen artetik piztu arte ez dute ezagutuko benetan. Jesus ezagutzeko esperientzia pertsonala behar da.

Gaur geuri dagokigu ikasleen esperientzia bera bizitzea. Itsasoaz bestaldera joatera gonbidatzen gaitu. Egin-egina dugun biziera aztertu eta norabide zuzenago bat ematera. Beldurrik gabe. Gaurko ebanjelioan, itsasoa igarotzean bezala, Jesus lo sumatuko dugu. Ez dugu ikusiko geure ondoan. Halere, gurekin doa. Bidelagun dugu.

Gure konfiantza handitzeko laguntza eskatu, eta ezina edo zaila denari ekin: horra gure jokabidea. Zailtasun handiak ditugu bizitzan: eroso bizi nahia, Jainkoa geure neurriko egin nahia, beharrean direnei ezikusiarena egin nahia, horiek ez dira gutakoak esan eta kasurik egin gabe utzi nahia, etab.

Jainkoari egiten ahal diogun konplimendurik handiena, honelako zerbait esatea eta egitea: Jauna, badakit, zuk lo egin nahiko duzula, baina, hor konpon, ni, itsasoratzera noa, lanera noa, mundua hobetzera noa. Ez dut alperrik galdu nahi dudan abildade txiki hau.

Dionisio Amundarain