Beldurrik ez hitz egiteko, beldurrik ez hiltzeko, eta Jesus aitortzeko adorea
Urteko 12. igandea A (2020-06-14)
Corpus jaiaren ondoren, Urteko deitzen dugun aldira itzuli gara, Garizuma aurretik alde batera utzi genuenera. Esan bezala Garizuma aurretik eten genuen Mateo irakurtze hori, Garizuma, Aste Santu, Pazkoaldi, Hirutasun eta Corpuseko bereziak irakurtzeko. Orain, Mateo irakurtzeari berrekitean, zinera berandu joango bagina bezala da, duela asko hasia zen pelikulara.
Zer gertatu da azkenean irakurtzen ari ginen Mendiko Hitzalditik? Jesusek hamar mirari egin ditu, agerian ipiniz bere aginpideak gaitasuna ematen diola, ez bakarrik Moisesena baino irakaspen goragoko bat proposatzeko, baizik eta baduela aginpiderik gaixotasunaren, naturaren eta deabruen gain ere. Beraren jarduera haziz doa, hamabiko ikasle-taldea elkartu du eta hitzaldi bat zuzendu die, gauzatu behar duten misioaz eta horrek izango dituen ondorioez,
Misio-hitzaldia (Mateo 10,5-42)
Hitzaldi horren lehen zatiak irakaspenak dakartza, zeini hitz egin (israeldarrei bakarrik), zer egin (Erreinua hots egin eta sendatu), nola egin (urririk eta behartsu), eta non ostatu hartu (10,5-15). Arraroa dirudien arren, jarduera honek aurkaritza eta pertsekuzioa harrotuko ditu; hitzaldiaren bigarren zatian, berriz, −oso luzea da−, zailtasunetan agertutako kemenaz eta eskuzabaltasunaz mintzo da Jesus (10,16-42).
Hitzaldi luze hau lantzeko, Jesusek bere bizitzako une desberdinetan jaulkitako esaldiak bildu ditu Mateok, eta bere elkartearen egoerara egokitu, Jesus hil eta berrogeita hamar urte inguruan, pertsekuzioak eta gatazkak sarri bihurtu direnean. Igande honetarako aukeratu duten puska bi zatitxotan bana dezakegu.
Ez beldur izan hitz egiteko, ez hiltzeko (Mateo 10,26-31)
Lehen zatitxoan atentzioa ematen du hiru bider esateak: «Ez beldur izan». Hitz horiek Itun Zaharrean askotan erabiltzen diren arren, ez ditugu hartu behar hitz kristaldutzat, balio eskasekotzat. Ikasleek une batzuetan beldurra sentituko dute. Isilik egotera eragingo dien beldur izugarria, erailtzeari ihes egiteko. Hoztasun handia eragiten du Jesusen hitz egiteko erak gai honetaz ari denean; hiru argudio desberdin aipatzen ditu: 1) gorputza hiltzeak ez du inolako garrantzirik, arima hiltzea da axola duen; 2) beraz, ez da zertan izan gizakiaren beldur, baina bai Jainkoaren beldur; 3) benetan, ordea, ez duzue zertan izan Jainkoaren beldur ere, harentzat zerbait handi baitzarete; lurrera eroriko bazarete ere, txolarreak bezala, bera arduratuko da zuetaz.
Izan adorea ni aitortzeko (Mateo 10,32-33)
Zatitxo hau beste gai batez ari da; oso desberdinaz: arriskua oraingo honetan ez datza isilik gelditzean, baizik eta Jesusi uko egitean. Plinio Gazteari, Bitiniako gobernadoreari, kristauren bat ekartzen ziotenean, hiru bider galdetzen zioten kristau ote zen, hala izanez gero mehatxu eginez. Uneen eta lurraldeen arabera, zigorra ondasun guztiak galtzetik kartzelara joan beharrera hedatzen zen, baita bizia kentzera ere. Kinka larri horietan bihotz emateko, Jesusek darabilen argudioa ez da Jainkoarekiko beldurra, baizik eta Jesusek «Aitaren aurrean izango duen bere erreakzioa»: norberak nirekin bezala jokatuko dut nik norberarekin. Ezaguna da esaera: «Zuek zein neurri erabili, hura bera erabiliko dute zuekin».
Laburpena
Lehen kasuan, apostoluek beldurra izan behar diotena Jainkoa da, hark bakarrik hil dezake arima. Bigarren kasuan, beldurra izan behar dioten bakarra Jesus da, berak ukatu baititzake zeruan Aitaren aurrean. Nolanahi den, beldurrik izan behar ez diena gizakia da.
Duela gutxi Egipton, Sirian eta beste lurralde batzuetan kristauen kontra egin diren hilketak gogoan hartzean, gizarte lasai eta seguru batean, askatasun erlijiosoa eta guzti, bizi garenok uste izan genezake Jesusen hitz hauek ez-gizatar direla, krudel ere bai kasik. Halaz guztiz, esan genezake, gauza segurua dela hitz horiek aldi guztietako kristau pertsegituei egundoko esperantza eta energia eman dizkietela, beren fedea aitortzeko. Nahiago izan dute hil, Jesus arnegatu baino; nahiago izan dute Jesusen alde jarri, arima salbatu gorputza baino lehen.
Jeremias, apostolu eta anti-apostolu (Jeremias 20,10-13)
Lehen irakurgaiak ebanjelioarekiko paralelismoa eta kontrastea eskaintzen dizkigu. Anatot-en jaio zen Jeremias, Jerusalemetik 4 km-ra zegoen herrixkan (gaur egun hiri modernoaren barnean dago). Krisi politiko larri baten aldian, babiloniarrak arrisku bizi direnean, herriak tenpluan ezarri zuen bere konfiantza, salba zezakeen kutun-edo izango bazen bezala. Jeremiasek gogor salatu zuen konfiantza idolatriko hori, eta bihotz berritzera eragin die eta jokabidez aldatzera. Osterantzean, tenplua hondamen bilakatuko da. Sakratuena duten horren aurkako eraso honek guztien kritika eta gorrotoa ekarriko dizkio, lehenak Anatot bere herrikoak direlarik, herio-mehatxua egin baitiote.
Profeta honen erreakzioa aukeratu da Jesusek ikasleei iragarritako pertsekuzioen adibide zehaztzat. Baina alde handi bat dute. Profetak, bukaeran, bere etsaien kontrako mendekua eskatu dio Jainkoari. Jesusek ez die iradoki sekula ikasleei horrelakorik. Aitzitik, bera hil dutenei barkatzeko eskatuz hil da.
José Luis Sicre