GURE BELDURRAK (Mateo 10,26-33)
Urteko 12. igandea A (2020-06-21)
Gure bihotza maitasun sendo batek edo fede irmo batek hartua ez denean, erraz gelditzen da gure bizitza geure beldurren mende. Batzuetan, izena, segurtasuna, erosotasuna edo ongizatea galtzeko beldurrak kentzen digu erabakiak hartzeko adorea. Ez gara ausartzen arriskatzera geure gizarte-egoera, geure dirua edo geure zoriontasun-apurra.
Beste batzuetan, onartuko ez ote gaituzten beldurrak zurruntzen gaitu. Bakarrik, jendearen adiskidetasunik gabe edo maitasunik gabe geldituko garen ahalbideak eragiten digu beldurra. Eguneroko bizitzari aurre eginbeharrak inoren hurbileko laguntzarik gabe.
Sarritan, geure kezka guztia jendearen aurrean ondo gelditzea izaten da. Barregarri geldituko ote garen, geure egiazko konbentzimenduak esan beharrean gertatu ote garen, geure fedearen testigantza egitea ere beldurgarri izaten dugu. Beldurra izan ohi diegu gainerakoen kritikei, esamesei eta ukoei. Ez dugu nahi izaten inork sailka gaitzan. Beste batzuetan etorkizunaren beldurra izaten da. Ez dugu argi ikusten geure geroa. Ez dugu segurtasunik ezertaz. Agian ez gara inortaz fidatzen. Beldurra ematen digu biharrari aurre egin behar izateak.
Beti izan da tentagarria fededunentzat erlijioan babesa bilatzea, geure beldurretik, ziurtasun-ezetik eta beldurretik liberatuko gaituen aterpe izango litzatekeelakoan. Alabaina, oker handia izango litzateke fedea helduleku erosotzat hartzea: adoregabeentzat, koldarrentzat eta izutientzat.
Jainkoagan jarritako konfiantzazko fedeak, zuzen ulertua denean, ez du eramaten fededuna problemen aurrean bere erantzukizunari ihes egitera. Ez dio eragiten gatazketatik ihes egitera, guztiz eroso bere bakardadean babesteko. Aitzitik, Jainkoaganako fedeak betetzen du bihotza indarrez eskuzabalago eta era arriskutsuagoan bizi ahal izateko. Aitagan ezarritako konfiantza biziak laguntzen dio edozeini koldarkeria eta beldurra gainditzen, Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna ausartago eta askeago defenditzeko.
Fedeak ez du eragiten pertsona koldarrik; aitzitik, pertsona bipil eta ausartak sortzen ditu. Ez ditu hesitzen fededunak nor bere baitan, baizik eta eguneroko bizitza problematiko eta gatazkakora eragiten die. Ez die eragiten trikuarena egitera, alferkeriara eta erosotasunera joz, baizik eta konpromisora kilimatzen ditu.
Fededun batek Jesusen «Ez beldur izan» hitzak bihotzean benetan entzuten dituenean, ez du sentitzen konpromisoari iskin egiteko deirik; aitzitik, halakoei Jainkoaren indarrez aurre egiteko kilima sentitzen du.
Jose Antonio Pagola