Beldurrik ez hitz egiteko, beldurrik ez hiltzeko
Urteko 12. igandea A (2017-06-25)
Igande honetako ebanjelioa, Mateok Jesusi egozten dion bigarren hitzaldi handiaren zatia da. Apostoluei mintzo zaiela, irakaspen batzuek emanez hasia da Jainkoaren Erreinua nola hots egin behar duten; probetxurik eza eta pobretasuna azpimarratu ditu (Mt 10,5-15). Ezin dute imajinatu ikasleek, mezu hau hots egiteak edota gaixoak sendatzeak, batez ere ordainetan ezer eskatu gabe eginik, kalumnia eta pertsekuzioa erakarriko dizkiela. Halere, Jesusen mezua errepikatzeak eta hura bezala bizitzeak ezinegon handia eragiten dute ingurune batzuetan. Horregatik, argi eta garbi iragarri die ikasleei, oso pertsegituak izango direla (10,16-25). Horiek horrela, bi arriskuren aurrean gertatu dira: batetik, isildu, saltsa handietan ez nahasteko; bestetik, heriotzaren beldurrak jota gelditu. Jesusek gai honen aurrean agertu duen jarrerari sekulako hoztasuna dario, hiru argudio desberdinez baliatu delarik: 1) gorputza hiltzeak ez du nolako garrantzirik, arima hiltzea da axola duena; 2) gerta dakizuen guztia Jainkoagandikoa da; 3) nirekiko hartuko duzuen jarrera bera hartuko duk nik zuekiko.
Mateok, zati honetan, Jesusek bere bizitzako une desberdinetan jaulkitako esaldiak bildu ditu. Horregatik, nahasgarri gerta daitezke hein batean. Lehen kasuan, apostoluek beldurra izan behar diotena Jainkoa da, hark bakarrik hil dezake arima. Hirugarren kasuan, beldurra izan behar dioten bakarra Jesus da, berak ukatu baititzake zeruan Aitaren aurrean. Nolanahi den, beldurrik izan behar ez dienak gizakiak dira; txatal apur hauetan hiru aldiz errepikatzen da ideia hau.
Duela gutxi Egipton, Sirian eta beste lurralde batzuetan kristauen kontra egin diren hilketak gogoan hartzean, gizarte lasai eta seguru batean (gure kexuak gorabehera) bizi garenok uste izan genezake Jesusen hitz hauek ez-gizatar direla, krudel ere bai kasik. Halaz guztiz, daitekeena da, gauza segurua ere bai, hitz horiek kristau pertsegitu horiei egundoko esperantza eta energia ematea, beren fedea aitortzeko. Nahiago izan dute hil Jesus arnegatu baino; nahiago izan dute Jesusen alde jarri, arima salbatu, gorputza baino lehen.
Lehen irakurgaiak kontrastea egiten du (berau aukeratu zutenak ez ziren konturatu, agian, xehetasun honetaz). Jeremiasen zoriak, Anatot-eko herrikideek eta Jerusalemgo agintari erlijioso eta politikoek kalumniatua eta pertsegitua delarik, Jesusek bere ikasleei iragarri diena gogorarazten digu. Baina alde handi bat dago lehen irakurgai horren eta ebanjelioaren artean. Profetak azkenean bere etsaiak mendeka ditzan eskatu dio Jainkoari. Jesusek ez die sekula iradoki horrelakorik bere ikasleei. Aitzitik, hiltzaile izan dituenei barkatuz hilko da.
José Luis Sicre