JESUSI JARRAITU BELDURRIK GABE Mateo 10,26-33

Urteko 12. Igandea A 2020-06-21

Jesus gurutzean eraila izanaren oroitzapena oso bizirik zegoen artean. Kristau-elkarteetan Jesusen nekaldiaren bertsio desberdinak zebiltzan. Denek zekiten ezen arriskutsua dela hain azken txarra izan duen baten jarraitzaile izatea. Gogoan zuten Jesusen esaldi hau: «Ikaslea ez da beraren maisua baino handiago». Berari Beeltzebul deitu badiote, zer ez dute esango beraren jarraitzaileez? Jesusek ez zuen nahi bere ikasleak ustekerian erortzea. Ezin uste izan du inork ere berari jarraitzen diola, era batera edo bestera beraren zoria partekatu gabe. Uneren batean norbaitek uko egingo digu, tratu txarrik emango, irainduko edo gaitzetsiko. Zer egin?

Barnetik irten zaio Jesusi erantzuna: «Ez izan haien beldur». Kaltegarria da beldurra. Ez luke elkortu behar inoiz ere Jesusen ikaslea. Ez dute isildu behar ikasleek. Ez diote utzi behar haren mezua zabaltzeari, ezergatik ere.

Pertsekuzioaren aurrean nola jokatu argitu die Jesusek. Berarekin hasia da, jada, Jainkoaren Berri Ona agertzen. Konfiantza izan behar dute. Askorentzat artean «tapaturik» eta «ezkutuan» dagoena, egun batean agerian geratuko da: ezagun-ezagun bihurtuko da Jainkoaren Misterioa: bai gizakiari dion maitasuna, bai haren egitasmoa, guztientzat bizitza zoriontsuago egitea.

Jesusen jarraitzaileak deituak daude agerpen-prozesuan oraintxetik parte hartzera: «Nik gauez diotsuedana, esan zuek egun-argi betean». Arratsean, atsedetera joan aurretik, esan diena, beldurrik gabe aldarrikatu behar dute «egun-argi betean». «Nik belarrira diotsuedana, aldarrikatu zuek teilatu gainetik». Bihotzean sakon sar dakien belarrira xuxurlatzen diena, jendaurreko egin behar dute.

Beldurrik ez izateko errepikatu die. «Nire alde jarri denak», ez du zertan ezeren beldur izan. Halakoarentzat, ezusteko gozo izango da azken auzia. Epailea, «zeruko nire Aita» izango da, mugarik gabe maite zaituztena. Defendatzailea ni neu izango naiz, «zuen alde jarriko naizen hau». Zeinek ematen ahal digu esperantza handiagorik probaldietan?

Jesusek bere jarraitzaileak sinestedun-talde bezala irudikatzen zituen, beldurrik gabe «beraren alde jartzen» dakitenen talde bezala. Eta guk, nolatan dugu hain askatasun txikia, Jesusekin leialago diren bideak urratzeko orduan? Zergatik ez gara ausartzen planteatzera, era xume, argi eta zehatzean, ebanjelioaren funtsa?

Jose Antonio Pagola