DENA EZ DA LAN EGITEA (Markos 4,26-34)
Urteko 11. igandea B 202106-13
Parabola gutxik eragin lezake gaurko parabola labur honek baino ukapen handiagorik gure ekoizpen-, emankortasun- eta efikazia-kultura honetan: Jesusek Jainkoaren erreinua haziaren hazte misteriotsuarekin konparatu du, hazte hori ereileak esku hartu gabe gertatzen delarik.
Parabola honek, hain gutxietsia gaur egun, pazientziaz esperoan dagoen ereilearen eta hazia era geldiezinean haztearen arteko kontrastea nabarmentzen du. Ereilea lotan den bitartean, hazia ernez eta haziz doa «bera bere gisa», nekazariak esku hartu gabe eta nekazariak «nola ez dakiela».
Ohiturik gaude bakarrik, kasik, efikazia eta ekoizpena aintzat hartzera, eta ahaztu egin dugu ebanjelioa, emankortasunaz mintzo denean, ez dela ari gure ahaleginaz; izan ere, Jesusek uste du gizakia haztearen oinarrizko legea ez dela lana, baizik eta Jainkoagandik hartuz goazen bizitzari harrera egitea.
Egungo gizarteak hartarainoko indarrez eragiten digu lanera, jarduerara eta emankortasunera non jadanik ez baitugu sumatzen zertaraino pobretzen garen den-dena lan egitera eta efikaz izatera murrizten dugunean.
Izatez, «efikaziaren logika» hori egungo gizakia biziera tirandurazkora eta estura arrastatzen ari da, munduarekin eta jendearekin dituen harremanak gero eta gehiago narriatu eta hondatzera, bere burua barnez hustera eta «immanentzia-sindrome» horretara (José María Rovira Belloso) [dena mundu-maila soilean ikustea] non Jainkoa ezkutatuz baitoa pixkana pertsonaren zeruertzetik.
Bizitza, ordea, ez da lana eta emankortasuna soilik, baizik eta Jainkoaren erregalua da, esker oneko bihotzez onartu eta gozatu beharko genukeena. Gizatar izateko, pertsonak jakin beharra du bizitza bizitzen: ez jarrera ekoizleaz soilik, baita jarrera kontenplagarriaz ere. Bizitzak maila berri eta sakonago bat hartzen du Jainkoaren maitasun doako, kreatzaile eta dinamizatzailearen esperientzia bizitzea lortzen dugunean.
Ikasi beharra dugu adiago eta erneago bizitzen geure bizitzan erregalu dugun guztiaz; barnean iratzarri eta esnatu beharra dugu esker ona eta gorespena; liberatu beharra dugu «efikaziaren logikatik» eta eremuak ireki beharra geure bizitzan doakotasun denarentzat.
Eskerrak eman beharra dugu geure bizitza alegeratzen duen hainbat eta hainbat jenderi, eta kontenplatuak izateko bakarrik sortuak diren hainbat eta hainbat paisaiari iskin egiteari utzi beharra. Bizitza graziatzat ahogozatzen du maita dezaten uzten duenak, eguneroko onak harritu dezan uzten duenak, Jainkoari graziaz bete eta bedeinka dezan uzten dionak.
Jose Antonio Pagola