Urteko 11. igandea B 2018-06-17
HOMILIA

Anai-arrebok!

Bai Jesusen garaian, bai gaur, jakintsuek hizkera jasoa erabiltzen dute, munduaz, gizadiaz, gizakiaz, Jainkoaz… hitz egiteko. Munduko jenderik gehienak ezin ulertu izaten duen hizkera jasoa. Jesus, aldiz, hizkera xumeaz baliatu izan da. Egneroko bizitzan gertatzen diren gauzez baliatzen da munduaz, gizakiaz, Jainkoaz… bere mezua emateko. Batez ere parabolak edo ipuinak erabili izan ditu.

Gaurkoan ere, bi parabola entzun ditugu. Bata, arbola edo landare heldu bihurtzen joateko, haziak bere baitan duen indarraz mintzo da; nekazariak ezer gutxi egin dezake horretan. Bigarren parabolak, berriz, hazia hain txikia izanik, zein handi egiten den kontatzen digu; baina nabarmentzekoa da alde edo diferentzia hau: lehen irakurgaian, Itun Zaharrekoan, hazi hori zedro arbola handi eta lerdin egiten da; Jesusen parabola honetan, ez da egiten zedro arbola handi, baizik zuhamuxka edo arbola txiki.

Baina bi parabola horien azalpena eman aurretik, zertaz ari da Jesus? Bistan da: Jainkoaren Erreinuaz. Honelaxe hasi da gaurko ebanjelioa: «Jainkoaren Erreinua gizakiak lurrean hazia ereitean gertatu ohi denaren antzeko da»: Beraz, Jainkoaren Erreinua antzeko da.

Baina «Jainkoaren Erreinua» esatean, zer esan nahi du Jesusek? Hori ulertzeko, Ebanjelioa osoa hartu beharko genuke. Baina bada laburpen bat Ebanjelioan berean. San Lukasen ebanjelioan dator; entzun: «Jaunaren Espiritua nigan dago, berak bainau sagaratu, behartsuei berri ona adierazteko; berak nau bidali gatibuei askatasuna eta itsuei ikusmena hots egitera eta zapalduak askatzera, Jaunak onginahia azalduko duen urtea hots egitera» (Luk 4,18-19). Horra zer den Jainkoaren Erreinua: behartsuak, gatibuak, zapalduak askatzea; baina ez dezagun ahaztu beste hau: Jaunaren onginahia azaltzea: Jainkoak maite-maite gaituela azaltzea.

Beraz, gure egitekoa, gaurko bi parabolen arabera, Erreinu hori aintzat hartzea da. Funtsean, bizia aintzat hartzea da kontua.

Baina zer dio lehen parabolak?. Parabolak dio haziak bere barne indarra duela, hazten joateko. Esan nahi da, Jainkoaren Erreinuak bere barne indarra duela hazten edo handitzen joateko. Hazia erne eta handiz doa isil-isilik, nekazaria kasik konturatu gabe. Askotan hitz egiten dugu Jainkoaren Erreinu guk egin behar bagenu bezala. Baina parabolaren arabera, guk zeharka bakarrik egin dezakegu Erreinu hori. Guri, Erreinu hori, Jesusek proposatu digun Erreinu hori, onartzea dagokigu; Jainkoaren onginahia onartzea dagokigu, maite gaituela onartzea. Baina, jakina, Jainkoaren Erreinu denez, Jainkoaren Herri denez. Esan nahi da, Jainkoak nahi duen mundua eta gizadia onartzea dela. Ez behartsurik, ez presorik, ez gaixorik… ez duen mundua onartzea. Ez da, beraz, ni kontua, baizik gu guztiok kontua.

Eta, jakina, bigarren parabola ere aintzat hartu beharko genuke. Kontua ez da Ezekiel profetaren zedro handi eta lerdena amestea. Ezekielek zedro handi horrekin Israel herria sinbolizatzen zuen: herri handi-mandi bat. Gure ametsa ez da zedro handi eta lerdena bezalako Jainkoaren Erreinu bat; askoz gutxiago, zedro handi eta lerdena bezalako Eliza handi-mandi bat, munduaren jaun eta jabe izango litzatekeena. Jesusek, bigarren parabola honetan, zuhaixka edo arbola txiki batekin konparatu du Jainkoaren Erreinua. Senideok, apaltasunerako deia da bigarren parabola hau.

Bi paraboletan, hazia da aipatzen. Hazia ereitea da kontua. Jesusen hitza eta jokabidea munduan zabaltzea da kontua. Hazia ereiten duen nekazariak esperantza duela agertzen du; ezin egin du hazia erein baizik, haziari lagundu baizik; haziak berak egin behar du gauzarik nagusiera: erne, hazi eta fruitu eman; hau ez dago nekazariaren esku. Gauza bera Jainkoaren Erreinuari dagokionez ere.

Senideok, gaurko ebanjelioak ezperantzaz bizitzera dei egiten digu, esperantzaz jokatzera, esperantzaz hazia ereitera. Esperantzaz Jainkoaren onginahiaz gogoratu, hartaz gozatu, hartan adorea hartu, hura mundu guztiari aldarrikatu.

Andre Maria eredu handia dugu: hitza bihotzean gorde eta hausnartzen zuen. Jesus bera dugu eredu nagusia: hitza erein eta erein jarduen zuen, fruitua ikusiko ez bazuen ere. Argitu gaitzala Jesusen Espirituak, Jesusen Arnasa den Espirituak.

Dionisio Amundarain