Urteko 11. igandea B 2015-06-14
HOMILIA

Anai-arrebok!

Barka iezadazue, neure bizitzako esperientzia txiki bat kontatuz hastea.

Urte batzuk badira. Madrilen zen. Gazte batzuen aurkako auzian parte hartu beharra izan nuen, itzultzaile gisa. Bezperan, auzikoa pixka bat prestatzeko, abokatu defendatzaileekin afaldu nuen. Jakina, gauza asko nahasi genituen. Memento batean, abokatuei egindako galde hau atera zitzaidan: «Zuen bizitza profesionalean, hain arrakasta txikia ikusirik, nondik ateratzen duzue indarra bide berean aurrera egiteko?»

Gaur egun ere, galdera bera datorkit: geure bizitzan, jardun eta jardun, lan egin eta lan egin, saiatu eta saiatu, eta hain fruitu txikia ateratzen dugula ikusirik, nondik ateratzen dugu indarra eta adorea?

Erantzuna, gaurko ebanjelioak eman digu.

Betetik, ereileak hazia ereiten du. Baina ez du bere esku hazi horren ibilbidea. Hazi horrek bere baitan du indarra. Indar hori ez dio eman ereileak. Haziak bere izaeratik dakar indar hori.

Bestetik, mostaza hazia oso txikia da. Baina zuhamuxka edo arbola koxkor bat bihurtzen da.

Ez dakit nondik atera duen, baina Mexikoko gotzain batek idatzi du. Arabiar kristau-familia bat Israel iparraldean bizi omen da. Palestinar indar batzuk babesturik bizi diren leku batean. Behin eta berriz, sortzen omen dira borrokak palestinar horien eta israeldarren artean. Liskar horietan, ereindako soro guztia galtzen omen du arabiar kristau-familia horrek, behin eta berriz. Atzerritik etorritako ikasle batzuek galdetu omen zioten familia horri: «Nolatan ereiten duzu soro horretan, handik gutxira dena hondatuko badizue». Eta erantzuna: “Ereiten badugu, b adugu esperantzarik. Besoak gurutzaturik gelditzen bagara, etsipenak joko gaitu».

Senideok, egoerarik txarrenean ere, erein egin behar da; problemak eta guzti, erein egin behar da; etsipenaren aurrean, erein egin behar da.

Jainkoaren Erregetza edo Erreinua da Jesusen obsesioa. Ez da egintza handi-mandietan eraikitako erreinua. Txikiekin eta pobreekin eraikitako erreinua da. Zuzentasunean eta egiazko bakean eraikitako erreinua. Horixe izan zuen Jesusek bere arazo handia. Horregatik bizi izan zen. Horregatik hil zuten.

Gaurko irakurgaiek horixe adierazten dute.

Lehenengo irakurgaian, Ezekiel profetaren arabera, Jainkoak zedro arbola baten muskil bat, adar bat hartu du, eta lur elkorreko mendian aldatu du. Handi egingo da. Hartara etorriko da jendea. Erbestean bizi den israeldar herriari emandako esperantza da.

Ebanjelioan, berriz, mostaza haziaren parabola agertu digu Jesusek. Hazi txikia, baina zuhamuxka egiten da. Txoriak bertan habia egiteko moduko.

Esan nahi digu, egindako gauza txikien bidez lortuko dugula mundua gizakoiago egitea. Bizileku atseginago egitea.

Badu, ordea, mostaza haziaren parabolak beste irakasgai bat ere: hazia ereiten duzu, baina ez duzue zeure esku haren ibilbidea. Bere baitan du hazten joateko indarra. Zure egitekoa, hura haziz joateko baldintza egokiak jartzea da.

Senideok, Jainkoaren Erreinua ez da gauzatzen eskandaluaren eta gezurrezko propagandaren bidez. Pixkana-pixkana gauzatzen da. Iraunkortasunez. Saiatuz. Isilik lan eginez. Madrilen abokatuei egin nien galderak, gaurko paraboletan dute erantzuna. Ez dakit zertaraino ezagutuko zituzten abokatu haiek parabola hauek. Baina bazuten beren barruan argi bat. Nork emana?

DIONISIO AMUNDARAIN