URTEKO 11. IGANDEA B 2018-06-17
SARRERA
Senideok, Urteko deitzen dugun aldi honetan, Jesusek JAINKOAREN ERREGETZA edo ERREINUA deitzen duen hori sakontzen joango gara. Mateok, ZERUETAKO ERREGETZA esaten du, Jainkoaren Erregetza esan ordez; bere judu entzuleei hobeto egokitzeko.
Jesusek, esapide horrekin zer adierazi nahi duen errazteko, parabolen bidez hitz egingo digu geuri ere. Ipuin horien bidez, askoz ere errazago ulertuko dugu zer den Jainkoaren Erregetza, baldin eta igandez igande esaten diguna, entzuteaz gain, hausnartzen eta betetzen saiatzen bagara.
Irakasle greziarren irakaspen korapilatsuen aurrean, Jesusen irakaspena argi, garbi eta xume ageri da. Jesus eguneroko bizitzako gauzez baliatu da; adibidez: bere uzta nola salbatuko ari den nekazaria aipatuko du edo sukaldean ari denak gatza nola erabiltzen duen, etab..
Lehenengo irakurgaian, berriz, Ezekiel profeta zedro arbolaz ari zaigu: arbola berezia, bai iraupenez, bai kalitatez. Zedro arbola hori Israel herriaren sinbolotzat eman du Ezekielek. Jesusek, aldiz, zedroarekin ez, baizik arbola koxkorrekin konparatuko du Jainkoaren erreinua. Bi ikuspegi oso desberdin. Guretzat esanahi handiko. Eliza arranditsua, handi-mandia ala Eliza xumea eta apala?
Senideok, saia gaitezen Jesusen hitza entzuten, sakontzen, geure-geure egiten, beste batzuei adierazten. Saia gaitezen hazia ereiten. Haziari geure bihotzean eta gizartean giro egokia prestatzen. Jesusen Espirituak lagundu gaitzala.
LEHEN IRAKURGAIA Ezekiel Profetaren liburutik (17,22-24)
Ondo samar ezagutzen dugu Ezekiel; apaiza eta profeta zen; Jeremias profetaren garaikidea; Jerusalemen suntsipena (Kristo aurreko 586an) bizi izan zuen; ondoren, Babilonian erbestealdia jasan zuen beste herritar askorekin.
Bere lehen idazkietan mehatxuak dakartza Ezekielek, Egiptoko erregeekin hitzarmenak egiten zituzten Israelgo erregeen kontra; Jerusalemen suntsipena aurresaten zuen; izan ere, Jainkoagan ez zuten konfiantzarik. Geroagoko idazkietan, ordea, batez ere, esperantza-kantuak dakartza. Adibidez, gaurko irakurgai honetakoa. Davidi agindutakoari eutsiko zaiola, Israel erreinua berregingo dela, etorkizunean arrakasta izango duela esanez mantendu nahi du esperantza.
Horretako, sinboloez baliatuko da: zedro zaharra dela, Jainkoak haren muskila landatuko duela, modu harrigarrian haziko dela… Zedro zahar eta handi hori Israel herriaren sinbolotzat eman du. Bere hantuste harroa eta guzti, Ezekielek esperantzari eutsi nahi dio
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako bigarren gutunetik (5,6-10)
Korinton ebanjelioa hots egin ondoren, beste herri batzuetara doa Paulo, haietan ere gauza bera egitera. Alabaina, Paulo urrundu orduko, Paulori izena kendu nahi dion pertsona bat iritsi da Korintora.
Paulok jakin du hori. Eta Korintora doa, baina ez du lortu arazoa garbitzea. Efesora joan eta gutun bat egin die handik Korintokoei. Handik gutxira, Tito ikasleak jakinarazi dio Paulori, baretu direla Korintokoak. Pozaren pozez idatzi die Paulok berriro. Besteak beste, gaur entzungo dugun pasarte hau.
Kristau-esperantzarako deia da eta Jainkoagan konfiantza jartzeko deia. Esapide ederrak darabiltza; hau adibidez: «Jaunagandik urrun erbesteraturik bizi gara lurrean, Jainkoa ezin ikusirik gabiltza». Kristau-bizitza deskribatu nahi du: erbesteraturik bizi gara, hau da, Aberritik urrun oraino. Baina, erbestean nahiz aberrian izan, Paulo Kristoz maitemindurik ageri da. Horretara gonbidatzen gaitu: Jainkoarentzat pertsona atsegin izaten saiatu behar dugu; horixe izango dugu geure zoriona.
EBANJELIOA San Markosen arabera (4,26-34)
Jesusen parabolak ez dira ari arbola handiez eta gotorrez, lehenengo irakurgaian bezala. Ezekiel zedroaz mintzo da; arbola lerden, eder eta handiaz. Jesusek, berriz, gure etxe inguruko baratzean aldatu eta hazi daitezkeen zuhaixkez hitz egiten digu; etxeari kalte egin gabe eta inguruko landareei itzal handirik egin gabe hazten diren zuhaixkez.
Gaurko lehenengo parabolan, haziak bere barruan duen indarraz mintzo da; kasik, jabea konturatu gabe ari da hazten. Jabearen lana, lurra prestatzera mugatzen da, esateko. Haziak berekin du hazteko indarra. Indar hori ez dio ematen nekazariak.
Horrelako zerbait gertatzen da Jainkoaren erreinuarekin; kristauaren bizitzan, alegia: bere baitan du bizi-indarra Jainkoaren erreinuak.
Ba al dugu konfiantzarik, guk egiten dugun bizierak, adierazten dugun jokabideak, baduela indar bat bere barruan munduaren legamia izateko?
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau eta ez-kristau guztientzat: beldurrik gabeko jende izan gaitezen; Jainkoagan konfiantza duen jende izan gaitezen; zailtasunetan nahiz pozaldietan bere bizitza partekatzeko gai den jende izan gaitezen. Eska diezaiogun zeruko Aitari.
2.-Jesus Jauna, izan dezagula zurekin sakon eta bizi-bizi topo egiteko zoria; barru-barrutik aldaraziko gaituena; zureak izanik, gainerakoentzat izan gaitezen. Eska diezaiogun zeruko Aitari.
3.-Mundu osoarentzat: gure mundu hau, gure Eliza hau, gure arduradunak erantzukizunez bizi daitezen; Jesus geurekin eta gure artean bizi dela sinetsirik, esperantza eta patxada bizi ditzaten. Eska diezaiogun zeruko Aitari.
4.-Gizon-emakume guztien alde: askatzaile izan gaitezen, mundua aldatzen, jendearen okerrak begi onez ikusten eta gaitzak sendatzen saiatu gaitezen. Eska diezaiogun zeruko Aitari.