URTEKO 10 IGANDEA C (2013-06-09)

SARRERA

Senideok, pazkoaldia bukatu dugu, Hirutasunaren eta Corpus jaiak ere ospatu ditugu. Gaur, Urtekoa deitzen dugun aldia hasten dugu. Hobeto esan, berriro ekiten diogu, Garizuma aurreko Urteko igandeei jarraipena emanez.
Aurten, bereziki, San Lukasen ebanjelioa entzungo dugu. Ebanjelio honek azpimarratzen du gehiena, ebanjelio guztien artean, Jainkoaren errukia, Jesusen bizitza dela medio.
Gaur, hain juxtu, erruki hori agerian jartzen diguten bi pasarte entzungo ditugu. Batetik, lehenengo irakurgaian datorrenez, Jainkoak, Elias profetaren bidez, hilberria duen semea bizirik itzuli dio Sareptako ama alargunari. Bestetik, ebanjelioan datorrenez, ama alargun bat bere seme bakarrari lur ematera doa. Ustekabean, Jesusek topo egin du hileta-segizioarekin. Berehala konturatu da Jesus ama haren egoera errukarriaz. Hileta-segizioa geldiarazi du Jesusek, eta hila zuen semea bizirik eman dio amari. Kasu batean eta bestean, agerian ipini du Jainkoak bere errukia.
Senideok, gure gizartean heriotza asko da: heriotza fisikoa, heriotza espirituala, heriotza morala, heriotza kulturala. Jesusek, bere etsenpluaz, bizi-sortzaile izatera gonbidatzen gaitu. Errukitsu izatera, alegia.

LEHEN IRAKURGAIA Erregeen Lehen Liburutik (17,17-24)

Elias profeta oso pertsegitua izan zen; batez ere, bere garaiko agintariek pertsegitu zuten. Hain zuzen ere, Jainkoaren zuzentasuna predikatzeagatik eta zuzentasun hura gauzatu nahi izateagatik.
Egoera horretan, askotan gertatu zen Elias ihes egin beharrean. Eta, babes bila, pobreen etxera joan ohi zen. Hori egin zuen Sidongo Sareptako emakume alargunagana joatean; Sarepta Israel lurraldetik kanpo zegoen.
Baina, zergatik ez dakigula, seme bakarra hil zaio emakume alargunari. Honek pentsatu du, semea hil bada, Elias etxean duelako hil dela. Eliasek ikusarazi nahi izan dio pentsamendu okerra duela. Hartarako, Jainkoari otoitz eginik, hila zegoen semea bizirik eman dio ama alargunari.
Honetan, gauzarik inportanteena alargunaren aitorpena da. Aitortu du Eliasek harreman bereziak dituela Jainkoarekin. Eta aitortu du, batetik, Jainkoagandik datorkiola indarra Eliasen hitzari; bestetik, aitortu du, Jainkoa ez dela heriotzaren Jainkoa.
Senideok, gai izan beharko genuke guk ere munduan Jainkoaren eskua ikusteko; gai izan beharko genuke, ikusteko, on egiten ari den hainbat eta hainbat jenderengan Jainkoa bera ari dela: Jainkoa errukia dela, Jainkoa biziaren Jainkoa dela aitortzeko.

BIGARREN IRAKURGAIA Galaziarrei gutunetik (1,11-19)

Entzungo dugun pasarteak San Pauloren biziera, kristau egin aurretik, nolakoa izan zen adieraziko digu. Berak dio, Moisesen legearen, arbasoen ohituren jarraitzaile sutsua eta itsua izan zela. Gaur berean, zenbat kristau ez ote da ari, sutsu, Kristorena ez den bidea hots egiten. Setatsu, itsu-itsu.
Pauloren konbertsioan, berriz, gauza misteriotsu bat ageri da; berak dio, bere konbertsioa ez diola zor inongo gizakiri, baizik eta Jainkoagandik datorkiola. Egiaz, esan dezakegu, egiazale izatearen fruitu izan dela haren konbertsioa; benetan, egia maite izan duelako, ikusi ahal izan du Jainkoaren benetako bidea. Paulok Itun Zaharreko liburuak askotan irakurri ditu; baina debozioz, egiaren bila, Yahvek zer adieraziko bihotza irekirik irakurri ditu. Horrek eraman du, azkenean, Paulo, Jesusen eta beste kristau askoren bizitza Jainkoaren egintza dela interpretatzera. Bai indar handia duela otoitzak, munduan gertatzen diren gauzetan Jainkoaren eskua ikusteko!
Kristau egin ondoren, lehengo su eta egiazaletasun berak agertuko ditu Paulok bide berria hots egiteko.
Gure bizitzan ere egiazaletasuna giltzarri dela adierazten digu honek guztiak. Garrantzizkoa dela bihotza irekirik bizitzea Jainkoaren eskua ikusteko: bai otoitzean, bai lanean, bai munduko gertaera guztietan.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (7,11-17)

Jesus, ikasleekin, Naim herrixkara doa. Galileako herrixka da Naim, Nazaretetik hurbil.
Bat-batean, kontrako bidean doan beste gizatalde batekin egin du topo: emakume alargun bat, beste gizatalde batekin, semeari lur ematera doa. Emakume alarguna ikustean, hunkitu egin da Jesus. Grekozko hitzak erruki bihozkoia adierazten du, erruki sakona. Mezaren hasieran entzun dugu, Lukasen ebanjelioak azpimarratzen duela, gehiena, Jainkoaren errukia, Jesusen portaera dela medio. Jainkoa aberats da errukiz.
Ama alargunaren malkoak poz eta bake bihurtu dira, Jesusen egintzaren bidez bizira etorri den hildako semea besarkatzean. Eta jendeak deiadarka dio: «Profeta handi bat agertu da gure artean. Jainkoa bisitan etorri zaio bere herriari».
Senideok, «bisita, bisitatu» hitza asko azpimarratu beharko genuke geure bizitzan. Jainkoa bisitan datorkigu. Ez gaitu bakarrik utzi. Gure bizitzara dator, pozaldian eta nekealdian. Jainkoa bisitan datorkigu salbazioa eskainiz, salbaziorako bidea eskainiz. Saia gaitezen Jainkoaren bisita hori beste jende bati eramaten.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Zeruko Aita, kristau guztien alde, zu beste izen baten pean adoratzen zaituztenen alde, zu ezagutzen ez zaituzten guztien alde: egizu, goza dezagula guztiok, jakiteaz, zu geure bihotzean zaitugula. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Zeruko Aita, Elizaren alde: egizu, egunetik egunera askatzaileago, alaiago, errukitsuago, bere ardien artzainago izan dadila. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Zeruko Aita, guztien onaren bila, erantzukizun-postu bereziak dituztenen alde, bai Elizan, bai gizarte zibilean: egizu, joka dezatela anai-arreba arteko bihotz handiagoz. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Zeruko Aita, gosea, bakardadea, indarkeria, zuzengabekeria, gaixotasuna, parekotasun-eza, kartzela jasaten ari diren guztien alde: egizu, gu, zure seme-alabok, izan gaitezela gai haien bidelagun izateko eta haiei bizitza errazten saiatzeko. Eska diezaiogun Jaunari.