Urteko 10. igandea C 2016-06-05
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko irakurgaiez idaztean, biblialari batek titulu hau eman dio bere idazkiari: hildako bat pizteko hiru forma.
Jakin-minak, piztutako hiru horiek zein ote diren ikustera eragin dit. Izan ere, lehen begiratuan bi bakarrik ikusi baititut nik pizturik gaurko irakurgaietan. Lehenengo irakurgaian Elias profetak piztu duen mutikoa; Sareptako ama alargunaren semea, eta ebanjelioko Naimgo ama alargunaren semea, Jesusek piztua. Eta zein da hirugarrena?
Ikus ditzagun xehekiago hiru irakurgaiak.
Lehen irakurgaia. Elias profetak pertsekuzio handiak jasan zituen. Israelen bizi zen. Akab erregeak eta Jezabel erreginak pertsegitu zuten. Pertsekuzio-aldi batean Iparraldera, Sidona, ihes egin zuen Eliasek. Eta ama alargun batek hartu zuen etxean. Eta Elias apopilo zuela, semea hil zitzaion ama alargunari. Ez dakigu zergatik. Baina alargunak bere interpretazioa egin zuen: etxean Elias zuelako hil zen semea. Eliasek ikusarazi zion oker zebilela. Hilda zegoen mutikoa hartu, Jainkoari erregutu eta gorpuaren gainean etzan zen. Eta arnasa etorri zitzaion mutikoari. Amari eman zion, eta honek aitorpen handia egin zuen: orain badakit Jainkoaren gizona zarena, eta zuk diozuna Jaunaren hitza dena. Kontakizunak Eliasen ahalmen handia agertu nahi zuen.
Ebanjeliokoa ezagunagoa dugu. Naim herrixka bat zen, Nazaret inguruan. Behin batean, Jesus, ikasleekin, Naimera zioan. Bat-batean beste talde batekin topo egin zuen. Ama alargun bat, adiskide talde bat lagun zuela, bere seme bakarrari lur ematera zioan. Jesus ama gaixoaz errukitu, eta hildakoari esan zion: Mutiko, zuri diotsut, jaiki zaitez. Denak harriturik gelditu ziren, eta hala zioten: Profeta bat sortu da gure artean, Jainkoa gogoratu da bere herriaz.
Jesus errukitu egin da ama alargunaz. Izan ere, ama alargunaren egoera ez zen txantxetakoa. Batetik, semea galdu; bestetik, etxean gizonezkorik ez zuen emakumea egoera errukigarrian gertatu ohi zen.
Eta jendearen erreakzioa. Eliasek egindako piztueraren kasuan, amaren aitorpena handia izan zen: profeta zarela ikusi dut. Jesusen kasuan, jendetzaren aitorpena: Profeta handi batek bisita egin dio herriari. Jainkoa arduratu da bere herriaz.
Eta hirugarren piztuera? Bigarren irakurgaiak ez du aipatzen piztuerarik. Indar eta adore handia duen gizon batez mintzo da: Pauloz. Sekulako suaz pertsegitu ditu Paulok kristauak. Baina halako batean erabat aldatu da. Paulo pertsegitzailea hilda zegoen. Konbertitu zenean, beste pertsona bat zen.
Jesus ezagutzeko laguntza dugu ebanjelioa. Elias handia baino handiagoa da Jesus. Eliasek ez bezala, bere ahalmenez piztu du Jesusek mutikoa; bere erruki handiak eraginda. Jesus benetan ezagutzeko grazia eman dio Jainkoak Paulori.
Paulok ez du ikusi bere errua berez, bere ahalmen hutsez. Jesusen Espirituak argitu dio barrua. Grazia hori Jainkoak doan ematen duen laguntza da. Baina bihotza irekirik eduki behar da. Paulo, bere txarrean, ongiaren bila zebilen; ez zegoen lo. Bila ibiltze horretan beste bide bat ikusi zuen.
Senideok, gaurko munduan hartu eta hartu bizitzeko arriskua dugu. Saia gaitezen bereizten zer hartu, zer baztertu, zer bilatu, zer eskatu. Dudarik gabe, inporta zaiguna Jainkoa bihotz barnez ezagutu eta maitatzea da. Eta Jainkoa maitatuz, lagun hurkoa Jesusek bezala maitatzen saiatzea.
Dionisio Amundarain