ZER DA SANOAGO? (Markos 3,20-35)
Urteko 10. igandea B 2018-05-10
Kultura modernoak osasun fisiko eta mentalaren balioa goratzen du, eta mila ahalegin-mota egiten ditu gaixotasunei aurrea hartu eta kontra egiteko. Baina, aldi berean, guztien artean ari gara eraikitzen gizarte bat, zeinetan ez baita gauza erraza sano bizitzea.
Inoiz ez da egon bizitza hain mehatxatua: desoreka ekologikoa dela medio, kutsadura, estresa edo depresioa direla medio. Bestetik, pertsonari era sanoan haztea eragozten dion biziera bat sustatzen ari gara: zentzuaren falta, balioen gabezia, kontsumismo-mota bat, sexuaren hutsalkeria, inkomunikazioa eta beste hainbat frustrazio direla medio.
S. Freud-ek sumatu zuen, jada, bere El malestar en la cultura obran, gerta daitekeela, gizarte bat bere osotasunean gaixo egotea eta neurosi kolektiboak jasatea, zeinez oso jende gutxi ohartuko bailitzateke. Are gehiago, gerta daiteke, gizarte gaixo baten baitan, gaixotzat ematea, hain juxtu sanoen daudenak.
Horrelako zerbait gertatzen da Jesusekin berarekin, familiarteko batzuek uste izan baitute «burutik dagoela» eta Jerusalemdik etorritako adi-tuek esan baitute «Beeltzebul duela bere baitan».
Nolanahi den, esan beharra dugu, gizarte bat sano, jendearen garapen sanoa faboratzen duen neurrian biziko dela sano. Aitzitik, norberari barneaz hustera, zatitzera, gauza huts bihurtzera edo gizatasuna galtzera eragiten dionean, esan beharra dugu, gizarte hori patogenoa [gaixotasunak joa] dela, hein batean bederen.
Horregatik, aski jende argi eta azti izan beharko genuke, geure buruari galdetzeko, ez ote garen erortzen ari neurosi kolektibo eta jokabide ez-sanoetan, haietaz kasik ohartu gabe.
Zer da sanoago, espiritua lozorrotzen eta jende-aren sormena kamusten duen konfortaren, erosotasunaren eta gehiegikeriaren bizieran erortzea, ala soil eta moduz bizitzea, «ugaritasunaren patologian» erori gabe?
Zer da sanoago, «objektu» bezala funtzionatzen jarraitzea, zentzurik gabeko bizitzan jira-biraka, bizitza «desio eta asetze-sistema» hutsera murriztuz, ala bizitza eraikitzea, egunez egun, fedetik azken zentzua emanez? Ez dezagun ahantz, Carl G. Jung ausartu zela esatera, neurosia «bere zentzua aurkitu ez duen arimaren sufrimendua» dela.
Zer da sanoago, alderdi erlijiosoa erreprimitzea, gure bizitza transzendentziarik gabe utziz, ala konfiantzazko jarrera bizitzea «biziaren adiskide» den Jainko horrengan, gizakiaren betearen betea bakarrik nahi duen eta bilatzen duen horrengan?
Jose Antonio Pagola