Urteko 10. igandea B CORPUS (2015-06-07)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Corpus Christi eguna ospatzen dugu gaur. Jesusen gorputz-odolen eguna. Hobeto esan, Jesusek bere burua gizon-emakume guztioi eman izanaren eguna. Guk «gorputza» terminoaz euskaratu dugun eta grekoz «soma» terminoaz eman duten hebreerazko terminoak «pertsona osoa» adierazten du: gorputza, arima, espiritua. Halaxe da. Jesusek ez digu ema, ez bere «gorputza», ez bere «arima», ez bere «espiritua». Jesusek bera den guztia eman digu.
Zer esan nahi du, ordea, Jesusen eskaintza horrek? Zer esan nahi du Jesusen eskaintzen horrek, gizon-emakume guztiek eskaintza egiteko beren barruan eta bihotzean duten joeraren baitan harturik? Zer esan esan nahi du Jesusen eskaintza hori egiteko modu horrek, munduan izan diren eta diren eskaintza hori egiteko moduekin konparaturik?
Gaurko bigarren irakurgaiak Jesusen eskaintzaren eta israeldarren eskaintzaren arteko aldea edo kontrastea agertzen digu.
Lehenengo irakurgaiak israeldarrek Jainkoaz egindako esperientzia handi bat dakarkigu. Sinai mendikoa. Jainkoak bere nahia agertu die Moises dela medio. Eta israeldarrek gogotik erantzun diote: «Jaunak esandako guztia beteko dugu». Baina gauza bat esatea; beste bat egitea. Bere historian behin eta berriz urrunduko da Israel herria Jainkoagandik. Bekatu horretaz konturatzean, Jainkoarekin berradiskidetzera joko du. Horretako, animaliak eskainiko dizkio opari.
Jesusek, ordea, beste era batean jokatuko du. Jesusek ez du uste Jainkoak berradiskidetu beharrik duenik. Ez du uste Jainkoa haserre dagoenik. Ez du uste Jainkoak gizon-emakumeei ordain bat eskaintzen dienik.
Jesusek berak agertu du, Jainkoa ez dagoela haserre. Jainkoa haserre egon balitz, Jainkoaren Semea ez zen mundu honetara etorriko. Ez. Jainkoa ez dago haserre. Jainkoak ez du eskatzen zorren ordainik.
Gizakiaren zor bakarra, bere buruari zor diona da. Bere buruari ukatu dion zoriona bilatu beharra du. Horra zer izan den Jesusen oparia. Ez dio eskaini Jainkoari animaliarik. Bere burua eskaini dio. Eta horixe eskatzen dio gizakiari ere: «Egizue hau nire oroigarri».
Senideok, Jesusen opari hori berritzen dugu Eukaristian. Jesusen eskaintza bera eskaintzen diogu zeruko Aitari, geure opari eginik.
Alabaina, Eukaristian ez dugu Jesus eskaintzen. Jesus zatitua eta banatua eskaintzen dugu: «Ogia hartu, zatitu eta banatu egin zien: Hau da nire gorputza; hau naiz ni, esan zien ikasleei. Horixe digu esaten guri: Ogi zatitua eta banatua.
Kontatzen da, behinola, aspaldi, oso aspaldi, tribu bat biziro pozik jarri zela «sua» aurkitu zuenean. Hain mesedegarria ikusi zuenean. Eta pozaren pozez, beste tribu bati suaren berri ematera joan zen. Handik urtebetera, A tribu hura joan omen zen B tribura, suarekin pozik zeuden galdetzera. Eta ikusi zuen, suari eta eman zizkioten tresna guztiei etxola polit eta eder bat egin zietela; baina ez zirela baliatu, ez suaz, ez beste tresnez, ezertako.
Horrelako zerbait gerta dakiguke guri ere Eukaristiarekin. Etxola politean gorde. Kandelak piztu. Erreberentzia handiak egin. Baina ezertako baliatu ez. Baina, Eukaristia ezer baldin bada, gizon-emakumeon zorionerako da: elkartasuna, konpromisoa, laguntza, bizia, osasuna, kultura… bilatzera eragiten digu.
Eukaristia bizitzea Jesus ezagutzea eta aintzat hartzea da: doan iturri den hura, gizon-emakumeok merezi gabe etorri den hura, bere bizia doan eman duen hura, gurutzea hil den hura, bere saihetsetik odola eta ura isuri dizkigun hura.
Gaur, azkenik, Caritas eguna ospatzen dugu. Laguntza emateaz batera, galdera sakon bat egitera eragiten digu egun honek: Zergatik da munduan pobrerik, zergatik gure artean etxe gaberik, zergatik gure artean otordu egokirik egiteko modurik ez duen jenderik? Jesus kontuan hartuz gero, galdera horiek egitezko erantzuna ematera eragiten digute.
Argitu, adoretu, lagundu gaitzala Jesusen Espirituak. Salmoarekin esan dezagun: Jaunak ez du ikusi nahi hiltzen berak kreatu duen gizakia.
DIONISIO AMUNDARAIN