Mesfidantza, gaitzespena, onarpena (Markos 3,20-35)
Urteko 10. igandea B (2018-06-10)

Hainbat jai (Mendekoste, Irutasuna, Corpus) ospatu ondoren, Urteko deitzen dugun aldira itzuli gara, eta Jesusen jardueraren hasierara. Markosen kontakizunari gagozkiola, Bataioaren eta Tentazioen ondoren, Jesusek Nazareteko sinagogan predikatu du eta hainbat mirari egin du. Alabaina, beraren jarduera-moduak, ideiek eta asmoek fariseuen aurkaritza eragin dute; hauek, izan ere, «herodestarrekin bat eginez, hasieratik hartu dutenJesus garbitzeko asmoa» (Markos 3,6). Baina denbora asko falta da oraino nekaldira eta heriotzara iristeko. Jesus gero eta herrikoiago ari da bihurtzen alde guztietan (3,7-12); hamabiak ere aukeratu ditu (3,13-19).

Une honetan hasi da gaurko ebanjelioa. Hiru pasadizo dakartza, Jesusen aurrean jendeari nabari zaizkion hiru jarrera islatzen dute: 1) mesfidantza: beraren familia ez da fidatzen Jesusez eta burutik dagoela uste du; 2) gaitzespena: deabruduntzat salatu dute lege-maisuek; 3) onarpena: badira Jesusen zinezko familia bihurtu diren pertsona batzuk.

Familiaren mesfidantza

Aldi hartan, Jesus etxera itzuli zen bere ikasleekin. Berriro ere jendetza handia bildu zen,eta ezin zuten otordurik ere egin Jesusek eta ikasleek. Jesusen ahaideak, hori jakitean, hura hartu eta eramateko asmotan etorri ziren, burutik egina zegoela esaten baitzuten.

Lege-maisuak eta fariseuak eskandalizatu egin dira Jesusek egiten eta esaten duenarekin. Jesusen beraren familiaren erreakzioa bestelakoa da. Jateko ere astirik ez duela jakin duenean, uste du burutik egina dagoela, «bere onetik aterea dela» (evxe,sth), eta beharturik eraman nahi dute Nazareta. [Itzulpen liturgikoak hobeto uzten du familia; ez du itzuli: «uste zuen», baizik «esaten baitzuten [jendeek]», familia jendearen iritziarekin guztiz bat ez baletor bezala]. Hasieran ez da ageri garbi zein diren «bereek» (oi`parV auvtou/). Azkenean, Kafarnaumera iritsiko direnean, jakingo dugu «beraren ama eta beraren anai-arrebak» direla. Familia osoa.

Mateorentzat eta Lukasentzat, onartezina zen errezelo hutsa, «bere onetik aterea» zela uste izatea, eta beren ebanjelioetan, txatal hauek kendurik. beste hau diote: ama eta anaiak Jesus bisitatzera jaitsi dira; ez, ordea, mespidati direlako. Halaz guztiz, San Joanen ebanjelioak baietsi egin du anaien (ez Mariaren) mesfidantza: «beraren anaiek ez zuten sinesten harengan» (Joan 7,5). Jesus ezagutu nahi badugu, oinarrizkoa dugu datu hau. Lege-maisuen eta fariseuen kritikak, apaizen ukoa, entzule askoren axolarik eza, mingarri gertatu zitzaizkion inondik ere Jesusi; baina beraren familiaren mesfidantza benetan gogorra gertatuko zitzaion, imajina dezakeguna baino areago. Halaz guztiz, hori guztia jakitea kontsolagarri gertatuko zitzaion lehen mendeko kristau askori, zeinentzat kristau bihurtzea norberaren familiarekin aurrez aurre jartzea izango baitzen.

Lege-maisuen gaitzespena

Jerusalemdik jaitsitako lege-maisuek hau zioten Jesusi buruz: «Beeltzebul dauka honek barruan», eta «Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu honek deabruak».
Jesusek beregana deitu eta parabola hauen bidez hitz egin zien: «Nola bota dezake Satanasek Satanas? Bere baitan zatiturik dagoen erreinuak ezin du iraun. Bere baitan zatiturik dagoen familiak ezin du iraun. Era berean Satanasek ere, bere buruaren aurka jaiki eta zatiturik baldin badago, ezin du iraun; harenak egin du. Ez daiteke inor sartu indartsu baten etxean lapurretara, aldez aurretik hura lotzen ez badu; orduan, bai, harrapa ditzake haren etxeko ondasunak.
Benetan diotsuet: Dena barkatuko die Jainkoak gizakiei, bekatuak eta esan litzaketen birao guztiak; baina Espiritu Santuaren aurka birao egiten duenak ez du sekula barkamenik izango; errudun izango da betiko». Espiritu gaiztoa zeukala ziotenei erantzun zien hau.

Moisesen legea sakon ezagutzen omen zutenek, lege-maisuek, iritzi errotikoagoa jaulki dute: «Beeltzebul dauka honek barruan», eta «Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu honek deabruak». Esan daitekeen gogorrena, noski, Jainkoaren izenean jokatu eta hitz egin nahi duen batentzat. Guri harrigarri gerta dakiguke ebanjelaria gai honetaz hain luze aritzea, baina defendatu beharra sentitu zuen Jesusek, eta kristau-elkarteek jakin beharra zuten salaketa larri honi nola erantzun. Gauza bitxia, Jesusek ez zuen erreakzionatu haserre bizian. Maisu bezala dihardu, bere ikasleei gogoeta eginarazi nahi die, eskolatu egin nahi ditu. Beraren hitzaldi laburrak argudio bat, irakaspen bat eta mehatxu bat ditu.

Argudioa zentzumenari dagokiona da: Satanas, deabruak botatzeko, Jesusengan sartzen bada, bere buruaren aurka ari da, bere burua desegiten. Zoro batek bakarrik esan dezake Jesusez: «Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu honek deabruak».

Irakaspenak Jesusek Satanasen gain lortutako garaipena du erdigune. Ikasleek, Jesusen mirariak eta deabrudunak sendatzen ikustean, gertaera bakantzat har ditzakete, beren artean loturarik gabeko bezala. Jesusentzat, berriz, bera Satanas, itxuraz indartsu den hura, garaitzera etorri dela adierazten dute, eta, horrela, bere biktima guztiak kentzen ahal dizkiola eskutik. Gaurko lehen irakurgaia, Hasiera liburutik hartua (3,9-15), honengatik aukeratu dutela uste dut: Jesusek deabruaren gain lortu duen garaipena iragartzen duelako.

Mehatxua lege-maisuei zuzendua da eta haiek bezala pentsatzen dutenei: Jesus deabruduntzat hartzen duena, biraoka ari da Espiritu Santuaren aurka eta ez du izango barkaziorik sekula. «Espiritu Santuaren aurkako bekatu» famatua da; nahasgarri gertatzen zitzaion hau nire adiskide bati, ez zekien nola interpretatu. Halere, gauza aski erraza iruditzen zait: Jesusek bekatuak barkatzen dituen bakoitzean, Espirituaren indarrez egiten du; espiritu hori deabrua dela esaten duenak itxi egiten dio bere bihotza barkazioari, Satanasek ezin barkatu duelako.

Onarpena

Jesusen ama eta anai-arrebak etorri ziren eta, kanpoan gelditurik, deiarazi egin zuten. Jende asko zegoen Jesusen inguruan eserita, eta esan zioten: «Aizu, hor dituzu kanpoan ama eta anai-arrebak, zeure bila».
Jesusek erantzun zuen: «Zein dira nire ama eta anai-arrebak?» Eta, inguruan eserita zituenei begiratuz, esan zuen: «Hauek ditut Nik ama eta anai-arreba. Jainkoaren nahia egiten duena, horixe dut Nik anaia, arreba eta ama».

Jesusek bukatu du bere hitzaldi laburra, eta adierazi diote kanpoan duela bere familia, bere bila. Beste behin, galdera bat eginez hasi da: «Zein dira nire ama eta nire anaiak?» Sokratesek egin ohi zuen bezala, jendea pentsatzen jar dadin nahi du, nahiz eta, seguruenik, inork ezer erantzungo ez dion. Baina horrela indar handiagoa du ondorioak: «Jainkoaren gogoa egingo duena, hura da nire anaia eta nire arreba eta nire ama». Inguruan entzule dituenei esan dizkie hitz hauek. Izan ere, Jainkoaren gogoa egiteko ezinbesteko baldintza da Jesusi entzutea. Eta hala egin dute beraiek. Beraiek dira Jesusen familia.

Gure gizartean, askok uste izaten du harro samar garrantzizko familia bat «ezagutzen duela», behin batean aurrez aurre ere ikusi duela, are gehiago: eskua ere eman izan diola hartako norbaiti. Guk arrazoi askoz handiagoa dugu harrotzeko: Jesusen familia gara… baldin eta entzuten badiogu eta esaten duena betetzen badugu.

Oharpen pastorala homiliarako

Ebanjelioan bi arazo daude, aski korapilatsu gerta daitezkeenak (lehen irakurgaia ez aipatzeagatik, hartan dena baita korapilo).

1.-Jesusen familia. Markosek berak dakartza geroago anaien izenak: Santiago, Jose, Judas eta Simon. Ez dut uste pena merezi duenik, homilia batean, gai honetaz ditugun eztabaidak harrotzea: Joseren lehen ezkontza bateko semeak ote ziren (San Jeronimok ukatua jada), lehengusuak ote ziren («anaia» kontzeptua gure artean baino askoz zabalagoa da herri semiten artean), etab.
2.-Deabruaz hitz egitea gustukoa dutenek, gai oparoa dute igande honetan. Beste batzuei, ordea, gogaikarri gerta dakieke gai hau aipatzea. Mateoren eta Lukasen etsenplua irakaspen deigarria da. Markosengan jendearentzat eskandalagarri edo estraino zen zerbait aurkitzen zutenean, alde batera uzten zuten.

Hauxe iruditzen zait funtsezko gaurko ebanjelioan: Jesusek berak eragiten dituen jarrera desberdinak, gaur ere gertatzen direnak. Ez dut uste Jesus gaur egun deabruduntzat inork joko duenik (gero eta gutxiago dira deabruengan sinesten dutenak); berari uko egitea, edota «bere onetik aterea» den ameslari hustzat emanik Jesus beheratzea, berriz, sarritan gertatzen diren erreakzioak dira. Beraren familia txikia (gero eta txikiagoa) den arren, arreta berorri eskaintzea aholkatu nuke.

José Luis Sicre