JESUSEN GORPUTZ-ODOL SAINDUEN BESTA B

BESTA BERRI (Corpus Christi)

Lehen irakurgaia

( Lehen Batasunaren finkatzea )

Jalgitza liburutik 24, 3-8

Zinaitik jaustean,
3 Moisek jakinarazi ziozkan herriari Jaunaren hitzak eta lege guziak.
Herri guziak aho batez ihardetsi zion:
“ Jaunak erran guziak beteko ditugu.”
4 Moisek idatzi zituen Jaunaren hitz guziak.
Biharamun goizean, aldare bat egin zuen mendi zolan,
eta hamabi harri ezarri Izraelgo hamabi leinuen izenean.
5 Gero Izraeldar gazte batzueri manatu zioten erre-opariak egiteko,
eta zezenak Jaunari eskaintzeko bake-opari bezala.
6 Moisek odolaren erdia hartu eta untzietan ezarri zuen,
eta beste erdia aldare gainean ixuri.
7 Batasunaren liburua hartu zuen eta herriari irakurtu.
Herriak ihardetsi zuen:
“ Jaunak erran guziak beteko ditugu eta eginen.”
8 Moisek odola hartu zuen eta herria ihinztatu, erranez:
“ Hau da Batasunaren odola,
Jaunak bere hitz guzien bidez zuekin egiten duen Batasunarena.”

Zenbat gauza harrigarri irakurgai huntan! Gure ohiduretarik zoin urrun! (Bainan ez dezagun
ahantz, Mois duela 3000 urte baino lehenago bizi izan dela, ohidura horiek haren denborakoak
direla). Orduko bi herrialderen arteko Elkargo baten erritoak dira, eta egungo irakurgaiak,
Jainkoaren eta herrialde xume baten arteko elkargoa aipatzen du. Moisek errito zahar bat berritu
zuen. Ohidura zaharretik: harriak, zezenen opariak, odolez herria ihinztatzea. Berria dena, Jainkoak
eskaini elkargoa, Legearen dohaina eta herriak egiten duen Lege horien betetzeko agintza.
Horiek guziak elgarri lotuak dira. « Zinaitik jaustean, Moisek jakinarazi ziozkan herriari
Jaunaren hitzak et lege guziak. Herri guziak aho batez ihardetsi zion: « Jaunak erran guziak beteko
ditugu. » Moisek idatzi zituen Jaunaren hitz guziak. » Irakurgaiak garrantzisuena aipatzen du
lehenik : Jainkoaren hitza. Moisen ondokoek testo hau irakurtzean, mezua berehala ulertzen dute: ez
da oparia lehen, bainan bai Elkargoa, Jainkoaren hitzaren alderako leialtasuna.
Ondotik, testoak eskaintzaren erritoen xehetasunak emaiten ditu: aldarea mendi zolan,
hamabi harriak hamabi leinuen izenean, erran nahi baita herri guzia. « Herria » hitza frangotan
erabilia da; elkargoa herriarekin egina baita eta ez lagun bakar batekin. Hamabi harriek hori diote:
herrialde guzien batasuna, denen elkartean egina.
Gero, gazte batzuek zezenak erre-opari eskaintzen dituzte eta ondotik odolaren erritoa:
Moisek aldarea ihinztatzen du, eta berehala Jaunaren Hitzak herriari irakurtzen diozka. Herriak
orduan : « Jaunak erran guziak beteko ditugu. »
Azkenekotz, Moisek herria ihinztatzen du. Errito hunek Elkargoa bizi bilakatzen dela dio,
batasun hori Jainkoak berak bururatu baitu: « Hau da Batasunaren odola, Jaunak bere hitz guzien
bidez zuekin egiten duen Batasunarena. » Eskaintzak helburua ez du bere baitan: Jainkoaren eta
bere Herriaren artean sortarazten dituen maitasunak eta leialtasunak dute balio. Moisetik hunat,
eskaintza ez da errito berezi eta bitxi bat; « hitza hitz » den agintza bilakatu da, eta fedearen
misterioa. Moisek argi eta garbi erraiten du : Jainkoak du elkargo egin zuekin. Ez zaio Izrael bere
Jainkoari hurbildu; Jainkoa zaio bere Herriari hurbildu, askatzen eta biziarazten duen Jainkoa
ezagutaraziz. Juduen fedearen berezitasuna hau da : lehentasuna, Jainkoari doakiola. Jainkoaren
amodioa da lehen; egiten duguna, maitasun horri emaiten diogun errepostua da. « Jaunak erran
guziak beteko ditugu .» Hau ez da Jaunarentzat, bainan gure ongiarentzat. Jainkoak manatuak, gure
zorionarentzat. Manamendueri desobeditzea, gure zorigaitza.
Konfiantza ez da nola-nahika sortzen: haurraren amodioa aitameri egiten zaioten errepostua
da. Jaunak erranak bete aitzin, Jaunaren obrak Herriak ezagutu eta onartu ditu. Legearen dohaina
Egiptotik ateratu ondoan dator, esklabotasunetik ateratu ondoan. Jainkoaren bidez da Herria askatu.
Orain galdetua zaion obedientzia askatasun horren ondotik heldu dela badaki. Hori du Jondoni
Paulok deitzen : « fedearen obedientzia ».

Salmoa 115

Zeru kalitza dut hartuko,
Jaun izenari kantuz ari.

Zer dut Jaunari bihurtuko Jainkoarentzat gauza gaitza
Hainbertze baitaut eman neri? Bere sainduen heriotza.
Zeru kalitza dut hartuko, Zuri naiz, Jauna, dena zuri,
Jaun izenari kantuz ari. Ez dut orai nik deus lokarri.
Nik zor eskerrak sarri zuri,
Jaun izenari kantuz ari.
Nik zer eskerrak Jainkoari!
Jaunaren haurrak, bil kantari.

Lehen irakurgaiaren gai nagusiak salmo huntan ditugu: Jainkoaren askatasunezko lana;
fededunen aitormena; Jaunaren erranak betetzeko agintza. « Ez dut orai nik deus lokarri » Jainkoari
esker, eta salmo hunen idazleak Egiptotik ateratzeari du pentsatzen. Urte bakotx, esklabo izan ziren
ondokoek askatasun horren urratsak gogoratzen dituzte: Moisen bokazionea, faraonari galdeak, utz
ditzan joaitera, erregearen tema, eta Jainkoaren betiko laguntza.
Urte ainitzen buruan, salmo hau kantatu delarik Jerusalemgo tenploan, Egiptotik ateratzea
aspaldian egina da, bainan urrats bat da, bertzerik ez. Egiptotik ateratzea ez da aski herri askatu bat
izaiteko : zenbat esklabotasun lur huntan! Pobretasunaren, miseriaren esklabotasunak;
eritasunarenak; ideienak, razismoa… Bibliako Egiptoak zernahi itxura badauka; eta Jainkoa, beti
eta beti gure lagun kateak hausteko. Jendeen historiak zernahi esklabotasun mota agertzen ditu eta
gure bihotzean den betiko askatasunaren egarria ere. Egarri hori, Izpirituak dauku ezarri. Salmoak
dio: « Jainkoarentzat gauza gaitza bere sainduen heriotza », eta hain zaio gaitza nun biziaren eta
askatasunaren alde egiten ditugun borroka guzietan Jainkoa dagon.

Bigarren irakurgaia

( Kristok bere odolaz gaitu garbitzen )

Hebrearreri epixtolatik 9, 11-15

11 Etortzekoak diren ontasunen apez nagusia da Kristo.
Hura sartu den etxola lehengoa baino handiagoa eta hobea da;
ez da giza eskuz egina,
erran nahi baita, ez da mundu huntakoa.
12 Hartan gaindi sartu da behin betiko zeruko saindutegian,
ez akerren eta zezenen odola ixuriz, bainan bere odola;
eta hola betiko erospena ardietsi dauku.
13 Beraz akerren eta zezenen odolak, edo ur sakratuak,
kutsaturik direnen gainerat ihinztatuz geroz,
axaleko garbitasuna emanez, horiek sagaratzen baditu,
14 zenbatez gehiago Kristoren odolak:
betiereko Izpirituak gidaturik,
Jesusek bere burua eskaini zion Jainkoari itzalgabeko oparitzat;
eta haren odolak garbituko du gure kontzientzia
heriotzerat deramaten egintzetarik,
Jainko biziari kultua emaiteko gai izan gaitezen.
15 Horrengatik Kristo Batasun berri baten bitartekoa da,
bere heriotzeaz
lehen Batasunaren denboran egin hutsak barkatu baititu;
horrela, deituak direnek ukan dezakete
hitzemana den betiereko ondarea.

Gutun hunen hitzak Testamendu Zaharrekoak dira, bainan osoki berria dute beren adiera.
Jesu Kristo aitzin, lehen Elkargoan zauden; orai Elkargo berrian gaude. Hebrearreri idatzi gutun
huntan, beharrezkoa da Jainkoaren pazientziaz orroitzea. Hastapenean, Jainkoak Hebrearrak hautatu
zituelarik bere Herria egiteko, beren auzoen erlisionea zaukaten, eta Jainkoaren itxura berezia.
Jainkoa aurkitu arau, beren egintzak aldatu dituzte eta erritoak bestelakatu.
Gutun hunen idazleak Testamendu Zaharreko hitzak goraki aipatzen ditu, goraki erakusteko
gaindituak eta baliogabekoak direla. Bainan adiera berria ulertzeko, Testamendu Zaharreko herriek
egin bidea egitekoa dugu. Hastapenean pentsatzen zen Jainkoa urrun zela, berea zuela gizadiaren
zortea. Nehork ez zezaken ez ikus ez hunki. Nola egin jendeen otoitzak helarazteko eta Haren
graziak aurkitzeko?
Apezak dira beraz ezarri: gizon batzu berexiak Jainkoaren eta jendeen artean bitartekari.
Jainkoaren eremurat heltzeko, jendeen eremua utzi behar dute. Lebiten leinua izan zen hautatua eta
leinu hortan, famili berezi bat. Famili hortan hautatu gizona errito berezi batzuen ondotik zen
apeztua; soineko bereziez beztitua, garbitasunezko arauak errespetatzekoak zituen, sagratu egon
zadin. Apeza ez zen ere Jainkoarekin harremanetan nola-nahika sartzen, ez eta nun-nahi. Tenploak
eta kultuak hola dira sortu. Tenploa sagratua baitzen, jendea ez ziteken han sar. Horrengatik
hoinbertze harresi Jerusalemgo tenploan; apezak bakarrik sar zitezken Jainkoaren eremuan eta apez
nagusia bakarrik Saindutegi Sainduan, Jainkoari hurbil. Horiek hola, Jainkoarekin harremanetan
sartzeko zer egin ? Biziaren nagusiaren gai den oparia eskaintzeko bizi den norbait eskaintzea
asmatu zen.
Izraeldarren Jainkoak ez zuela nahi jendea sakrifiziotan eskainia izan zadin jakinarazi zuen
hastapenetik, bainan kabalen oparia onartzen zuen. Urratsez urrats ikasi du Izraelek. Jesus etorri da
azken urratsa eginarazteko. Hebrearreri igorri gutun hunen idazleak hori dauku erakusten. Ez da
gehiago odolezko oparirik: biziaren Jainkoak gure haurrideen zerbitzari ezartzen gaitu, Jesusek
berak egin bezala eta Harek dauku indarra emaiten egiteko.
Fededunek Kristoren aurpegian Jainkoaren egiazko aurpegia aurkitu dute. Jainkoa Aita dela
badakite.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Ni naiz ogia, dio Jaunak,
Ogi bizia zeruetarik etorria.
Hau jaten duten fededunak
Biziko dire betiere.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 14,12-16. 22-26

12 Altxagarrigabeko Ogien bestako lehen eguna zen,
Bazko-bildotsaren hiltzeko eguna.
Dizipuluek Jesusi erraiten diote:
“ Non nahi duzu prestaketak egin ditzagun zure bazko-afarirako?”
13 Bere dizipuluetarik biga igortzen ditu, erranez:
“Zoazte hirirat, eta pegar bat ur deraman gizon bat
etorriko zaitzue biderat: jarraik hari.
14 Eta sartuko den etxeko nagusiari errozue:
Hau dio Irakasle jaunak:
non da nere dizipuluekin Bazkoa jateko tokia?
15 Hark gaineko gela handi bat erakutsiko dautzue, apaindua eta prest.
Presta zazue han behar dena.”
16 Joan ziren dizipuluak, eta hirirat heltzean,
Jesusek erran bezala aurkitu zuten dena,
eta Bazko-afaria prestatu zuten.
22 Jaten ari zirela, Jesusek ogia hartu zuen,
eta, benedizione-otoitza eginik, zatitu zuen,
eta eman zioten, erranez:
“ Har zazue, hau nere gorputza da.”
23 Gero, kalitza hartu eta eskerrak erranik, eman zioten,
eta guziek hartarik edan zuten.
24 Eta erran zioten:
“ Hau nere odola da, Batasunaren odola, guzientzat ixuria.
25 Egiaz diozuet: ez dut gehiago arnorik edanen,
Jainkoaren erreinuan arno berria edanen dutan egun hura arte.”
26 Salmoak kantatu ondoan, Olibetako mendirat atera ziren.

Nolako giroa izan zen Jesusen azken afarian, aise asmatzen da. Jerusalemgo hiri guzia,
Bazko antolatzen! Tenploan, zernahi bildots hiltzen zen, gero familietan partekatzeko; etxetan,
altxagarrigabeko ogien lehen eguna zen; emaztek arta ainitzekin garbitzen zituzten etxeak.
Aspalditik Bazkoko erritoek Egiptotik ateratzea ospatzen zuten. Egun hartan, Jainkoak bere herria
libratu zuen; gero Zinai mendian, Elkargo egin zuen bere herriarekin eta hunek « Jaunak erran
guziak beteko ditugu » hitzeman zuen, konfiantza haundia izanez Jainkoa baitan, salmoak dion
bezala: « Zuri naiz Jauna, dena zuri, ez dut orai nik deus lokarri. »
Geroztik, belaunaldi guzientzat, Bazko besta: Elkargo hortan sartzea, molde berri batean
bizitzea zen, altxagarri zaharretik libratua, kate guzietarik askatua. Huna otoitz bat, juduek
Bazkokari erraiten dutena: « Benedikatua zu Jauna, munduko erregea, lurraren barnetik sortu duzu
ogia. Benedikatua zu Jauna, munduko erregea, zure manuez saindu egin gaitutzu eta
altxagarrigabeko ogia janarazi. » Oroitzea ez da oroitzapenen gogoetatzea bainan Jainkoaren
egintzez egun oroz bizitzea.
Jesusek bere azken orduak ikuspegi hortan ezarri zituen. « Hau da nere odola, Batasunaren
odola, guzientzat ixuria. » Bere hiltzeaz eta ixuriko zuen bere odolaz mintzo zen.
Argi da Jesusentzat. Bere hiltzeaz Elkargo berri bati sortzea emaiten dio, bainan opariari
adiera berezi bat emanez. Oze profetak zion bezala: « Nahiago dut maitasuna sakrifizioak baino,
Jainkoa Jainkotzat hartzea erre-opariak eskaintzea baino. » Ozeren arabera, « sakrifizio » hitz
horren egiazko adiera, Jainkoa ezagutzea eta haren iduri izaitea da, urrikalkor agertuz. Biak
elgarrekin doatzi. Nolakoa den Jainkoaren urrikalmendua, Jesusek dauku erakusten: Biziaren
Nagusiaren hiltzaileri barkatzea. Kurutzefikatu dutenari behatzen dutenak eta Jainkoaren aurpegia
ikusten, Kristoren haurride dira: egiazki ezagutzen dute maitasun eta urrikalkor den Jainkoa eta hek
ere maitasunean eta urrikalmenduan bizi dira. Hori da jende libre izaitea, kate kaltekorrenak
guhauren artean ezartzen ditugunak baitira.
Hemen dugu bizi berriaren gomita, ogi altxagarrigabekoak sinbolizatzen duena: horrengatik
du Elizak ohidura hori atxikitzen, ostiak egiteko. Hau dio Jondoni Paulok: « Ez ote dakizue
altxagarri pixka batek ore guzia altxatzen duela? Kenazue altxagarri zaharra eta izan ore berri,
altxagarri gabeko bazko-ogia bezala; alabainan, hori zirezte, Kristo gure Bazko-bildotsa opari
eskainia izan denaz geroz. Ospa dezagun beraz, Bazko-besta, bainan ez altxagarri zaharrarekin,
tzarkeriazko eta gaixtakeriazko altxagarriarekin, altxagarri gabeko bazko-ogiarekin bai, erran
nahi baita, bihotz garbiz eta egiaz » (1 Kor 5,6-8) Jesusek erraitean: « Hau da ene gorputza »,
altxagarrigabeko ogia zuen bere eskuetan: presuna berri, garbi eta libre bat izaiteko gomita zuen
egiten. Jesusek gertakari guziak libreki bizitzen ditu: « Ene bizia, nehork ez du hartu, nik dut
eman. »