Urte Berri. Andre Maria Jainkoaren Ama C
HOMILIA (2016-01-01)

Anai-arrebok!

Gaurko jai honetan, gai asko ditugu hausnartzeko: Andre Maria, Jainkoaren Ama dela aitortzen dugu; Urte Berria hasi dugu; Bakearen Eguna ospatzen dugu; haur jaio berriari Jesus izena ezarri izena gogoratzen dugu.

Gaurko ebanjelioa ere oso aberatsa dugu. Aipatu lau gai horietatik hiru eskaintzen dizkigu hausnartzeko.

Lehenik, artzainen jokabidea agertzen digu. Aingeruaren albistea entzun orduko, Jesus haurra ikustera doaz artzainak. Gauza harrigarria da. Artzainak jende marjinatua ziren. Beren animaliak zituzten lagun bakar. Hain zuzen, jende lohitzat ematen zituen garaiko gizarteak: animaliekin bizi zirelako; bestetik, ez-duintzat jotzen zituen gizarteak, beren lanbidea zutela-eta larunbata ezin zutelako ospatu. Inork ez zituen jaioberri bat bisitatzera gonbidatu, eta hona: orain zeruko aingeruak gonbidatu ditu. Lukasen arabera, Jesus bisitatzera ez da joan Jerusalemgo tenpluko jendea. Gizarteak bazterturik duen jendea joan da Jesusengana: artzainak, jende pobrea, jende xumea.

Eta zer esan die zeruko ahotsak? Lehenik: ez beldur izan. Bigarren: «berri on pozgarria dakarkizuet, bai zuentzat, bai herri osoarentzat». Hirugarren: «gaur haur bat etorri zaizue». Laugarren, zein da ordea haur hori?: Salbatzailea, Kristo, Jauna.

Salbatzailea: lotzen zaituzten gauza guztietatik askatuko zaituzte. Garai hartako, eta gaurko, agintariek gustuko izaten zuten salbatzaile izena hartzea. Jesus izango da, ordea, egiazko salbatzailea.
Kristo: gantzutua, mesias esan nahi du. Itun Zaharrean, titulu hau erregeei eta profetei ematen zitzaien. Jesus da benetako Kristo, benetako mesias. Espero zuten salbatzaileari ere Mesias esaten zioten. Esan nahi da, haur jaio berri hau dela herriak espero duen salbatzailea, askatzailea
Jauna: Jainkoari emandako titulua da.

Eta aingeru-talde handi bat agertu zitzaien artzainei, goraka esanez: aintza Jainkoari; bakea lurrean Jainkoak maite dituen gizon-emakumeei. Bakea. Benetan, gizadiak jakingo balu Jainkoak maite duela, gizakiak jakingo balu bera zer den, jakingo balu Jainkoaren semea edo alaba dela: goitik behera aldatuko litzateke gure mundu hau.

Eta Andre Maria? Mariaz hitz egitean, Lukasek agertzen digu nola bizi zitekeen, nola erreakziona zezakeen Itun Zaharrean hezitako judu batek Itun Berriaren aurrean. Maria, Itun Zaharrean hazia eta hezia izan dena, bat-batean beste mundu baten aurrean gertatu da; ez ditu ulertzen gauza asko; halere, dena bihotzean gordetzen saiatu da eta hausnartzen.

Senideok, ebanjelioa eta Jesus ulertzeko giltzarria, Lukasen berak dakarren pasadizo hura (Lk 11,27-28) dukegu: emakume batek dio Mariaz: «Zorionekoa sabelean eraman zintuen eta bularra eman zizun emakumea!». eta Jesusek erantzun: «Hobeki esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!» Jesus onartzea da kontua, Jesus gure gizartean haragi egitea, Jesus geure bizi egitea, sakontzea, hausnartzea, benetan sinestea.

Maria, benetako ama izan da. Aingeruek haur jaio berria bake-ekarle agertu dute. Aingeruak Joseri agindu bezala haur jaio berriari Jesus izena ezarri diote. Hasi dugun urte berri honetarako agur-zoriona, lehenengo irakurgaiak adierazi digu: «Jaunak bedeinka zaitzala eta zaindu, distirarazi dezala bere aurpegia zugan eta jar dadila zure alde; zuzendu ditzala bere begiak zugana eta eman diezazula bakea». Zorionekoak gu, senideok, Andre Maria bezala gauza hauek guztiak bihotzean gorde eta hausnartzen baditugu.

Dionisio Amundarain