Andre Maria Jainkoaren Amaren jaia
Hiru jarrera urte berrirako (2020-01-01)
Aldaketa bitxi bat 1970ean
Judu orok daki haur ar bat erdaindu egin behar dela jaio eta 8. egunean. Hala agindu zion Jainkoak Abrahami: «Jaio eta 8. egunean, belaunaldiko zuen haur ar guztiak erdaindu egin behar dituzue» (Hasiera 17,12). Ondorioz, Elizak abenduaren 25a Jesusen jaioteguntzat hartu zuenean, urtarrilaren 1a erdainkuntza-egun bihurtu zen eta Jesus izena ipintzearen egun.
Bazen Andre Mariaren, Jainkoaren Amaren, egun bat ere; ekialdeko Elizetan 500. urte inguruan txertatutako festaburua; Erromako Eliza urriaren 11n hasi zen ospatzen jai hura. Baina ematen zuen, estuago lotu beharrekoak zirela Andre Mariaren amatasun-jaia eta Jesusen jaiotza. Horregatik, 1970etik urtarrilaren 1era pasatu zuen jai hau.
Honek garrantzizko bi ospakizun egun berean ospatzea ekarri zuen: Jesusen izena eta Andre Maria Jainkoaren Amatzat ospatzea. Gutxi bailitzan, Paulo VI.ari Munduko Bakearen Eguna ere urtarrilaren 1ean ospatzea otu zitzaion.
Kristau elizkoienak ere Urte Amaiera ospatzen dutenez eta biharamunean burua argiegi izaten ez dutenez, urtarrilaren 1eko ospakizunak zertxobait arintzea erabaki dute.
Eta gutxiena espero zuenak nozitu du. Jesusen Izenaren jaiak festa-maila galdu egin du, eta urtarrilaren 3an ospatu ohi dugu, nahiz eta urtarrilaren 1eko Mezan biak aipatzen diren: erdainkuntza eta izena ipintzea.
Zenbakiak izeneko liburu biblikoa ez zuen idatzi Asisko San Frantziskok (Zenbakiak 6,22-27)
Jende askok uste du bedeinkazio hau Asisko San Frantziskorena dela. Baina, mende asko lehenago idazle bibliko batek idatzi zuen, apaizek israeldarren gain jaulki edo esan zezaten.Hain laburra da, hain argia eta hain sakona, non edozein komentariok narrastu besterik ez bailuke egingo.
Hiru jarrera urte berrirako (Lukas 2,16-21)
Testuak bi gertaera oso desberdin erlazionatzen ditu, 8 eguneko distantzian gertatuak. Lehena, artzainen bisita, abenduaren 25eko bigarren Mezan, egunsentikoan, irakurri genuena bera da. Eszenan hainbat pertsonaia ageri dira: lehenik, artzainak: Betleemera doaz korrika eta Jainkoa goretsiz eta aintzatuz itzuli dira; hor dago talde anonimo bat ere; ostatuko beste jendeari egindako aipamentzat har liteke, baina segur aski kristau guztiok ordezkatzen gaituzte, artzainek diotenaz miretsirik. Azkenik, pertsonaia inportanteena, Maria ageri da, entzundako guztia gorde eta hausnartzen duena.
Hiru jarrera hauek elkarren osagarri dira: mirespenak gogo-ematera garamatza eta, azkenean, Jainkoa aintzatzera. Hiru jarrera oso gomendagarri, datorren urterako.
Bigarren eszena handik 8 egunera gertatu da. Guretzat hain garrantzizkoa eta estimatua: Jesusen izenarena, Lukasek oso hitz gutxitan kontatua. Soiltasun honek hausnartzera gonbidatzen gaitu, eta eskerrak ematera Jesusek gure bizitzan izan duen eta duen garrantziagatik.
Asmo eta gogo onen ordez, lagunarte on bat
Urte-hasiera aukera bikaina izan ohi da behin ere beteko ez diren promesak egiteko. Zoriontasun desirak ere botatzen dira, eskuarki formula ohikoan bildurik: osasuna, dirua eta maitasuna.
Liturgiak beste mundu batera, oso desberdinera, garamatza. Urtea hasi, bedeinkatzen eta babesten gaituen Jainko Aitaren lagunartea, salbatzaile dugun Jesus, gertatu guztiaz hausnartzen duen Maria eskainiz hasten du.
José Luis Sicre