AMA (Lukas 2,16-21)
Andre Maria Jainkoaren Ama 2020-01-01
Jende askori gerta dakioke txundigarri, urte zibilaren lehen egunean Elizak Andre Mariaren, Jainkoaren Amaren, jaia ipini izana. Halaz guztiz, esanguratsua da: IV. mendeaz gero, Elizak, Salbatzailearen jaiotza goraki ospatu ondoren, urteberri-eguna Mariaren, Salbatzailearen eta gure Amaren, babespean jarri nahi izan du.
Gaur egungo kristauek galdera egin beharko genuke: zer egin dugu azken urte hauetan Mariaz? Izan ere, geure fedea pobretu egin dugu, segur aski, Andre Maria geure bizitzatik gehiegi urrunduz.
Segur aski, borondate onez, geure bizipen erlijiosoa garbitu eta fede sendoago bat aurkitu nahiz, alde batera utzi ditugu gehiegikeria eraspentsu edo deboziozko, neurriz gaineko, ohitura azaleko eta desitxuragarri asko.
Sasi-mariolatria gainditu egin nahi izan dugu; haren arabera, izan ere, Kristoren ordez Maria genuen jarria, eta salbazioa, barkazioa eta erospena Mariagandik zetozkigula uste genuen, benetan jokatuz haiek Mariaren Semeagandik espero behar genituenean.
Hori guztia desbideratze haiek zuzendu eta Maria, Jesu Kristoren Ama eta Elizaren Ama denez, dagokion lekuan ipintzeko izan bada, poztu egin beharko ginateke eta geure jarrera berretsi.
Baina, horrela izan al da zehatz? Ez al dugu Maria alde batera utzi, gehiegitxo? Ez al dugu zokoratu geure bihotzaren txoko ilun batean, balio gutxi dutela uste dugun beste gauzekin batean?
Maria alde batera uzteak, beraren egitekoan eta gure bizitzan izan beharko lekuan gehiago sakondu gabe, ez du aberastuko sekula gure kristau-bizipena; pobretu egingo du. Segur aski, gehiegizko mariolatriak egin ditugu iraganean; orain, ordea, Maria geure bizitzatit at, kasik erabat, uztearekin geure burua pobretzeko arriskua dugu.
Maria Kristoren Ama da. Baina beraren erraietatik jaio zen Kristo hark, hazteko eta berari anai-arreba asko atxikitzeko misioa zuen, egun batean beraren Hitzaz eta graziaz biziko ziren gizon-emakume asko eta asko atxikitzeko misioa, alegia. Gaur Maria ez da Jesusen Ama soilik. Kristo osoaren Ama da. Fededun guztien Ama da.
Mesedegarri izango dugu, urteberria haste hau geure begiak Mariagana jasoz ospatzea. Egunak joan egunak etorri, lagun izango dugu bera ama baten arduraz eta txeraz. Berak zainduko ditu gure fedea eta gure esperantza. Ez dezagun ahaztu Andre Maria urte osoan barna.
Jose Antonio Pagola