Urriaren 2 Asisko Frantzisko Santua

Orduen Liturgiako BIGARREN IRAKURGAIA

San Frantziskok fededun guztiei egindako gutunetik (K. Esser, Fontes Franciscani, Assisi 1995, 79-86 or.) (Frantziskotarren Ordun Liturgia Berezia, Arantzazu 1999)

Guztien morroi naizenez gero,
behartua nago guztiak zerbitzatzera

Guztien morroi naizenez gero, behartua nago guztiak zerbitzatzera eta nire Jaunaren usain gozoko hitzak ematera; eta erabaki dut zuei adieraztea Aitaren Hitza den Jesu Kristo gure Jaunaren hitzak eta Espiritu Santuaren hitzak, espiritu eta bizi direnak.

Aitaren Hitz hau aberatsa izanik, beste ezer baino nahiago izan zuen mundu honetan pobretasuna aukeratzea, bere Ama, Birjina guztiz dohatsuarekin batera. Eta bere borondatea Aitaren borondatearen baitan jarri zuen, esanez: “Aita, egin bedi zure nahia. Egin bedi zuk nahi bezala, ez nik nahi bezala”.

Eta Aitaren borondatea izan zen bere Seme bedeinkatu eta ospetsuak, berak guretzat eman zigunak eta guregatik jaio zenak, bere burua opari eta biktimatzat eskaintzea gurutzeko aldarean odola isuriz; ez beregatik, gauza guztiak beraren bidez egin baitziren, baizik eta gure bekatuengatik, guri ikasbidea utziz, haren urratsei jarrai diezaiegun.

Eta denok beraren bidez salba gaitezela nahi du, eta bihotz garbiz eta gorputz garbiz har dezagula. Oi zeinen zorioneko eta bedeinkatuak diren Jainkoa maite eta Jaunak berak Ebanjelioan esana betetzen dutenak: Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez eta adimen guztiaz, eta lagun hurkoa zeure burua bezala!

Maita dezagun, bada, Jainkoa eta adora dezagun bihotz garbiz eta adimen garbiz, horixe eskatzen baitu beste ezer baino gehiago, hau esatean: Benetako adoratzaileek egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratuko dute Aita. Adoratzen dutenek, izan ere, egiaren Espirituak eraginda behar dute adoratu. Eta eskain diezazkiogun gorespenak eta otoitzak gau eta egun, esanez: Gure Aita, zeruetan zarena, zeren etengabe egin behar baitugu otoitz, inoiz etsi gabe.

Erlijiosoak bereziki, munduari uko egin diotenez gero, gauza gehiago eta handiagoak egitera behartuak daude, esandako hauek huts egin gabe. Ez dugu izan behar giza erara jakintsu eta zuhur; alderantziz, xalo, apal eta garbi behar dugu izan.

Nik, anai Frantzisko, zuen morroi txiki honek, arren eskatzen eta erregutzen dizuet, Jainkoa bera den maitasunagatik eta oinetan musu eman nahi nizuekeelarik, Jesu Kristo gure Jaunaren hitz hauek eta gainerakoak apaltasunez eta maitasunez hartu, bete eta gordetzera behartuak senti zaiteztela. Eta hitz hauek onartzen, ulertzen eta besteei jarraibidetzat bidaltzen dizkieten gizon-emakume guztiak, azkeneraino betetzen irauten badute, bedeinka ditzala Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak. Amen.