Suizida bat eta Jainkoaren errukia
Duela urte asko zen. Puerto Ricon. Gizon batek bere buruaz beste egin zuen.
Beharrezkoak hartu, eta Funerariarantz irtetera nindoan. Parrokiako Bulegoko emakume boluntario batek (gaztelaniaz, noski): «Aita, bere buruaz beste egin duen bat da, e!». Ez dakit juxtu zer esan nion. Gutxienez, Jainkoaren errukia aipatu nion. Eta beste hau ere bai: joanak dira horrela hildakoei kanposantuan lur ematea debekatua zegoen garaiak.
Itzulian luzeago aritu nintzen arazoaz, aipatu bulegari boluntarioarekin.
Joan nintzen bada, Funerariara. Jende asko. Ohikoan baino gehiago. Bidean, gogoratzen naiz, otoitz labur bat egin niola Jesusen Espirituari, egoki samar hitz egiteko dohaina eskatuz.
Jende asko negarrez. Hildakoa oso ezaguna zen. Estimatua ere bai. Zer esango ote nuen, jendea adi-adi nabaritu nuen. Ahal nuen barruenetik hitz egin nuen, eta otoitz sanoa errezatu genuen. Ez zen izan infernu, gaitzespen, kondena, bekatu, suizidio… konturik.
Bukaeran, jendea beste aurpegi batekin nabaritu nuen. Alde egin nuen. Neure buruarekin aski konforme atera nintzen.
Gaur pena bat sentitu dut. Egun hartan ez nuen ezagutzen gaur irakurri dudan testigantza bat. Ars-eko Joan Mari Vianney santuarena. Behin batean, emakume bat etorri zitzaion. Dena negar. Senarra hil berria zuen. Bere burua zubitik ibaira botaz. Etsirik mintzo zen emaztea, senarra infernuan zegoela irudikatuz. Baina, Joan Mari Vianney-k, santua izaki, esan zion konbentzimendu osoz: «Aizu, kontu egizu, zubiaren eta errekaren artean Jainkoaren errukia dago». Bai ederra.
Dionisio Amundarain