SANTU GUZTIAK (2016-11-01)

SARRERA

Senideok: jai handia ospatzen dugu gaur, poz-pozik ospatu ere: Santu Guztien Eguna. Milaka urtetan barna, gizon-emakume askok eta askok bizi izan ditu fedea, esperantza eta maitasuna. Haietako batzuk ezagunak ditugu beren santutasunari dagokionez, eta eredutzat ditugu; eta otoitz-gai ere egiten ditugu. Haietako beste asko ezezagunak ditugu santutasunari dagokionez; halere, beste guztiekin batean ospatzen ditugu gaur, Aitaren altzoan direla uste dugulako. Horiek guztiek esperantzaz bizitzera eragiten digute; gainera, kontsolamendurako aukera ematen digu jai honek, gure familiarteko, adiskide eta lagunak horien artean direla uste dugulako. Eukaristia honek lagundu gaitzala santutasun-bidean bizitzen; Jainko Aitak bizi duen santutasunera jo eta jo. Izan ere, bigarren irakurgaiak esaten digun bezala, Jainkoaren seme-alaba gara. Gutun horren egileak begi-bistakoa du horren arrazoia; mirespenez hona zer dioen: «Begira nola maite gaituen; bere seme-alaba deitzen digu, eta izan ere hala gara».

LEHENENGO IRAKURGAIA Apokalipsi liburutik (7,2-4.9-14)

Apokalipsi liburu hau hartu zuen kristau-elkartea paganoen erasopean bizi zen. Horregatik, autoreak sinbolo asko erabiltzen du: kristauek ulertzen zituzten sinboloak, baina paganoek ez. Gaurkoa baino orrialde batzuk lehenago, zapaltzaileek porrot egingo dutela dio autoreak. Gaurko pasarte honetan, berriz, salbatuko direnen azken egoera nolakoa izango den adierazi nahi digu; nola edo hala adieraziz, jakina. Ageri den zenbakia, ehun eta berrogeita lau mila delako hori, zenbaki sinbolikoa da. Bera ere zenbaki sinbolikoz osatua: Testamentu Zaharreko hamabi leinuak bider Testamentu Berriko hamabi leinuak, berdin ehun eta berrogeita lau (12X12=144). Azken zenbaki hau bider mila, berdin ehun eta berrogeita lau mila da (144X1000=144.000). Mila hori salbamen-historiaren zenbakia da. Hamabi leinuek gizadi osoa adierazten dute. Beraz, zenbaki sinboliko hauek ageri dira: hamabi bider hamabi eta mila. Bi hamabi horien emaitza ehun eta berrogeita lau da. Eta ehun eta berrogeita lau hau mila zenbakiarekin biderkatzeak ehun eta berrogeita laua mila ematen du. Zenbaki honek (144.000), berriz, hau adierazten du: salbatuak konta ezin ahala direla. Ez dira zenbaki matematikoak, baizik eta sinbolikoak dira: ezkutuko esanahia dute.
Betiko bizitzan dugun esperantza hori funtsezkoa da gure fedean. Gure esperantza bizia ez bada, gure kristau-bizitzak zentzurik ez du izango. Baina esperantza horrek ahalegina egitera dei egiten digu. Apokalipsi liburuan bertan, bigarren eta hirugarren kapituluetan, indartsu eta adoretsu izateko deia dator; adoretsu, alegia, Jaunari leial izaten jarraitzeko. Ez da falta liburu horretan martiritzari egindako aipamenik. Martiritza eta nork bere bokazioari kasu egitea Jainkoak egin digun deiari erantzutea dira. Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.

BIGARREN IRAKURGAIA San Joanen lehenengo irakurgaitik (3,1-3)

Jainkoa ezagutzea ez da gauza teoriko hutsa. Baizik eta pertsona aldarazi egiten du ezagutzeak, hitz hau Bibliako zentzuan hartzen bada. Gainera, askotan, gatazka sortzen dio Jainkoa ezagutzen ez dutenekin. Sakondu beharko genuke zer esan nahi duen Jainkoaren seme edo alaba izateak. Hau esan nahi du: gero eta haren antzekoago izan behar dugula, jakinik hura Maitasuna dela, hura Errukia dela.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (5,1-12)

Jesusi errukia eman dio jendetzak. Artzainik gabeko ardi bezala ikusi ditu. Hargatik, Jainkoaren erreinuko esperantza eman die. Ebanjelio honek dakartzan Zoriontasunen arabera bizitzeak Jainkoaren Erreinuan sarrarazten gaitu.
Bide bat, erronka bat, proposatzen digu Jesusek. Gizon-emakume guztiei eskaini die hori. Zorionekotzat eman ditu Jesusek, aitortzen duten fedea beren bizitzan gauzatzen saiatzen direnak.
Kontuan izan behar dugu hau: zorioneko garela esatea ez da inolaz ere etsipenerako dei; esperantza bizi-bizirako dei dira zoriontasunak; esaten dute, atsekabeak ez duela azken hitza. Kristo da Zoriontasunak bete-betean bizi izan dituen bakarra; bera da Pobrea, Atsekabetua, Bihotzez Otzana, justiziagatik Gose eta Egarri izan dena, Errukia, Bihotzez Garbia, Bake-egilea, Pertsegitua.
Badugu, beraz, non, nora eta; batez ere, NORI begiratua Zoriontasunak bizi nahi baditugu.

HERRIAREN ESKARIAK

1.-Kristau guztien alde: Jesusen mezua aurkeztean, pozik eta buru-eskaintza eginez joka dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Egoismoz eta maitasun-ezaz hautsia den gure munduarentzat: gure artean ahots profetikoak sor daitezen, guztioi konpromisora eta kristau-testigantza egitera eraginez. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Beren baitan familiakoen arretarik eza, bakardadea eta zokoratzea jasaten ari direnentzat: pertsona direla sentiaraziko dien esku adiskidetsurik aurki dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gure kristau-elkartearentzat: Santu Guztiek bizi izan duten buru-eskaintza kontuan izanik, era santuan bizitzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.