Santu guztiak 2017-11-05
HOMILIA

Anai-arrebok!

Santu guztien eguna ospatzen dugu gaur. Tartean geure familiartekoak ospatu nahi ditugu: aitona-amonak, gurasoak, senideak, adiskideak, lagunak…

Baina, halere, jai honi modu berezian eman beharko genioke kutsu unibertsala. Eliza katolikoan salto handia egin dugu, alde honetatik, Vatikano II.a kontzilioan. Hor dugu, adibidez, Lumen Gentium izeneko konstituzioa, Elizari buruzkoa; hona zer dioen 13. zenbakian: «Gizaki guztiak dira Jainkoaren herri berria osatzera deituak». Eta 5. kapituluari titulu hau ezarri dio Kontzilioak berak: «Santutasunerako bokazio unibertsala Elizan» (39. zenb).

Lehen irakurgaian ere, Apokalipsi liburuan, unibertsaltasun hori aipatzen da. Hori adierazten duten sinboloez baliatu da liburu hori. Deskriba ditzagun labur-labur zifra sinboliko batzuk: 3ak Jainkoaren mundua adierazten du; 4ak gure mundua adierazten du, lau haizeetakoa; horregatik ageri dira lau aingeru; 7ak betetasuna adierazten du, Jainkoari eskainitako laudorio osoa, alegia; zazpi hitzekin adierazten da laudorio oso hori: gorespena, aintza, jakinduria, esker ona, ohorea, ahalmena eta indarra; 12 zifrak ere (hiru aldiz lau) osotasuna adierazten du; hemen Jainkoak aukeratu duen herria; herri horrek, Israel herri zaharrak, 12 leinu zituen; 1000 zifra askotarikotasunaren sinboloa da.

Testuan aipatzen den 144.000 zifra biderketa baten emaitza da: 12 x 12 x 1000 = 144.000. Ez da zenbaki mugatua. Gizaki guztiak adierazten ditu; Jainkoaren zerbitzari guztiek salbazioa adierazten duen marka dute kopetan; bataiokoan krismaz egiten den igurtzia; erromatarren armadan soldaduei marka ezartzen zitzaien kopetan; gauza bertsua Jainkoaren Erreinuko soldaduei. Hitz batean, Apokalipsi liburua gizon-emakume guztien salbazioaz mintzo zaigu. Esperantza itsasteko mezua dakar liburuak. Pozaren esperantza

Beste horrenbeste esan behar dugu Mateoren ebanjelioko Mendiko Hitzaldiaz. Gaur hitzaldi horren zatitxo bat bakarrik entzun dugu: Zoriontasunak izena ematen diogun zatitxoa.

Kristautasunaren historian, batez ere ebanjelioa mailarik apalenean bizi izan denean, Zoriontasun horien indarra epeldu egin nahi izan da; esan izan da, Zoriontasun horiek pertsona berezi batzuentzat bakarrik zirela. Baina ebanjelioa xume eta jakinduriaz harturik, ez dago arrazoirik horretarako: gizon-emakume guztiei dagozkie zoriontasun hauek. Hona zer dioen frantses nobelagile Gilbert Cesbron-ek: «Niretzat, giza historiako testurik garrantzizkoena da, den-denei doakie, fededun eta fedegabe, eta bere indarra gorde du 20 mendeen ondoren ere; argi eta distira egiten duen argi bakar bezala da, Mendebaldeak, bere harrokeriagatik eta egoismoagatik, bizi duen indarkeriaren, beldurraren, bakardadearen ilunpean».

Eta salbazioaren unibertsaltasuna aitortu ondoren, bi hitz Zoriontasunen muinaz. Mateok Zoriontasun bakoitzari bigarren zati bat gehitzen dio. «Zorion» hitz hori ez da hitz neutro bat, baizik irrintzi bat bezala da; Biblia osoan du kutsu hori hitz horrek. Poza, esperantza aldarrikatzen eta ematen duen irrintzia da Zorion hitz hori.

Hona lehen zoriontasuna: «Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, halakoena baita zeruetako erreinua». «Nolatan, ordea, hori?», galdegin genezake. Behartsua, Biblian, bere buruaz husten dena da, ustekeria orori uko egiten diona; Jainkoaren egitasmoari lekua uzteko. Gogora ditzagun Arantzazuko eliza-sarrera gaineko apostoluak: urdail-barrunbe guztia husturik ageri dira, Espiritu Santuaz bete ahal izateko (Jorge Oteiza eskultoreak berak argitu zigunez).

Zoriontasun hau da lehenengoa. Ez bakarrik zerrenda-buru delako, baita beste guztiak bere baitan biltzen dituelako ere.

Zorionekoak negar dagitenak. Negar dagitenak, munduan indarkeria nagusi delako. Ebanjelioa hain gutxi itsatsi delako.

Zorionekoak bihotz gozokoak, otzanak. Jarrera ez oso herrikoia. Baina barnean bake handia bizi dutenez ari da. Jesusek berak esana dugu: «ikasi nigandik, otzana bainaiz…» (Mt 11,29). Eta salmogileak: «Apalak izango dira herrialdearen jabe, bake osoaz gozatuko dira» (Sal 37 [36],11.

Mateok mendian jarri du Jesusen hitzaldi hau. Horrekin, Sinai mendian Jainkoaren aginduak hartu zituen Moisesi erreferentzia egin nahi izan dio. Esateko, Moisesek ez bezalako kutsua eman diola Jesusek gizadiaren bideari. Horrela hartu beharko genituzke Zoriontasunak eta ebanjelio osoa. Azken hitza ez du zoritxarrak. Zorionerako deia da ebanjelioa. Utz diezaiogun hitz egiten nori bere bihotzean Jesusen Espirituari. Lagundu diezagutela gure aurretik hitz hori entzuten eta betetzen saiatu izan direnek.

Dionisio Amundarain