SANTIAGO APOSTOLUA (2016-07-25)

SARRERA

Senideok, Santiago apostolu eta martiriaren jaia ospatzen dugu. Dakizuenez, Jesusek, jendaurreko bere bizitza hasi orduko, hainbat jende aukeratu zuen. Era berezian «eskolatu» nahi zituen, laguntzaile berezi izan zitezen. Hamabi apostolu aukeratu zituela esan ohi dugu. Beti bezala, «hamabi» zenbaki hori sinbolikoa da: Israelgo hamabi leinuak adierazten ditu. Esan nahi du, Israel osoari hots egin behar diotela Berri Ona Jesusen jarraitzaileek.
Aukeratu berezi horietarik bat, Santiago izan zen; Santiago Handia. «Handia» ezaugarri hau beste Santiago apostoluagandik bereizteko ezarri izan zaio.
Apostolu baten jaia ospatzeak, Jesusen ondoan bizi izan zuen esperientzia berezi eta bizi hartara hurbiltzea esan nahi du guretzat. Fedez eta irudimenez, jar gaitezen Santiagoren larruan; lehenengo, Jesus hil eta piztu aurretik; gero, Jesus berpiztu ondoren; azkenik, Jesusengatik bizia emateko prest agertu zen memento hartan. Zirraragarria izan daiteke hurbiltze hori.
Izan dezagula Santiago beti lagun, Jesusekin, Andre Mariarekin eta gainerako apostoluekin.

LEHEN IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (4,33; 5,12.27-33; 12,2)

Jesus berpiztu eta Espiritu Santua hartu ondoren, apostoluak Jesusen testigantza egiten ari dira. Judu-agintariek debekatu egin diete hitz egitea. Baina erantzun hau emango diete: Jainkoari behar zaio obeditu, gizakiei baino lehen.
Errege Agripa lehenak Santiago hilarazi zuen. Baina kontuan hartu: hiltzaile horri Lukasek ez dio ematen «Agripa» izena, baizik «Herodes» izena; hau da, familiaren izena da: Herodes Handiak Haur Errugabeak hil zituen; Herodes Antipasek Joan Bataiatzailea hil zuen; Herodes Agripa honek Santiago hil zuen.
Jesusi hitzeman zion hura bete du Santiagok: «Gai al zarete nik edan behar dudan kaliza edateko?» galdetu zien Jesusek Santiago eta Joan anaiei, eta haiek: «Bai, gai gara». Hona bada. Santiagok hitzeman eta bete.

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako bigarren gutunetik (4,7-15)

Apostoluek izaten dituzten atsekabeez eta esperantzaz mintzo da Paulo. Egiteko handia du apostoluak: zerbitzu handia; baina apostolua bera ahula eta hauskorra da: geure duintasuna buztinezko ontzian daramagu kristauek.
Kontuan hartzekoak dira hiru esapide hauek: altxorra, hau da, Kristoren ebanjelioa; buztinezko ontziak, hau da, apostoluak eta kristau guztiak; «indar berezia», hau da, Jainkoaren dohainak.
Pauloren ustez, piztuera sinestea da misiolari baten oinarria.
Azkenik, ebanjelioaren mezularien jarduera ez da indibiduala; elkartekoa da.

EBANJELIOA Mateoren arabera (20,20-28)

Santiagoren eta Joanen amak eskari hau egin dio Jesusi: egizu, ene bi seme hauek eser daitezela, bata zeure eskuinean, bestea zeure ezkerrean.
Jesusen galdera: «gai al zarete nik edan behar dudan kaliza edateko?» Eta bi semeek: «Bai, gai gara».
Ez dakite zer esaten duten. Baina Jesusek argitu die, bortxazko hiltzea izango dutela esanez. Halere, zerbait gehiago irakasteko ere unetzat hartu du Jesusek: mundu honetako jendea handikerien bila ibili ohi da; zuek ez horrelakorik. Eta esan die: ni neu ere ez naiz etorri inork zerbitza nazan, baizik zerbitzari izateko etorria naiz.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Santiago lagun dugula, elkarren zerbitzari izaten saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Fedeagatik pertsegituak diren guztien alde: Kristoren piztuera gogoan izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Oporretara joan edo joango diren guztien alde: indarberriturik eta burua argiago dutela itzul daitezen: Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen bildu garenon alde: apostoluen testigantzak fedea, esperantza eta maitasuna handitzera eraman gaitzan. Eska diezaiogun Jaunari.