SANTIAGO APOSTOLUAREN JAIA
2012ko uztailaren 25a

1.-Santiago Joanen anaia zen: biak apostolu, Zebedeoren seme. Boenerges deitzen zieten: trumoi-semeak; hain suhar zirelako. Santiagori Handia esaten zaio, Santiago Txikiagandik bereizteko.

2.-Ebanjelioetan hainbat aldiz aipatzen da Santiago, Jesus hil aurretik. Ondoren, ez dakigu ezer hartaz, martiri hil zela baizik.

3.-K.o. 41 eta 44 urte bitartean hil zuten, Jerusalemeko kristauek sufritu zituzten pertsekuzioetako batean. Herodes Agripa I.ak, Herodes Handiaren bilobak, hilarazi zuen ezpataz.

4.-Tradizio erlijioso batek dio Compostelako Santiagon hots egin zuela ebanjelioa. Baina ez du ematen egia denik. Madrileko La Casa de la Biblia delakoaren komentarioan dator hau: horregatik, «oso gertagaiztzat eman daiteke hura gure artean bizi eta ebanjelioa hots egin izana, beste arrazoi historiko batzuk kontuan hartu gabe ere». Horrek ez dio kentzen balio ebanjelizatzailerik Compostelako Santutegiari.

5.-Kristau batentzat, apostolu baten jaiak garrantzi handia du. Apostoluek bizi izan zuten esperientzia pribilegiatura hurbiltzen gaitu: Jesusekin bizi-harremanak izatearen esperientziara. Gure fedeak Jesus du sostengu, zuzeneko lehen aitorpen haiek bitarteko direla.

6.-Jesusi jarraitu zioten lehen lauetakoa da Santiago: Santiago eta Joan anaiak, eta Andre eta Pedro anaiak. Bokazioak bi gauza zituen berekin: batetik, Jesusi jarraitzea; bestetik, prestatzea Jesusen arrimuan, besteei Berri Ona eramateko.

7.-Santiagogan bi alde hauek nabari dira, argiro: batetik, gogo biziz onartu du Jesusen deia; bestetik, denbora asko kostatu zaio Jesusi ulertzea, Jesusen egitekoa zer den ikustea.

8.-Jesusi jarraitzeak bere familia eta bere lana uztea eskatu dio. Abentura handi bat. Erakartzeko Jesusek nolako indarra duen adierazten du horrek. Jesus maisua eta judu-maisuak ez dira parekoak. Hauen kasuan, ikaslearena da ekimena; ikasleak aukeratzen du maisua; gainera, kontua ez da maisuari jarraitzea, baizik irakaspen-sistema bati lortzea.

9.-Santiagoren eta gainerako ikasleen kasuan, Jesusena da ekimena. Jesusek egiten du deia. Gainera, Jesusek ez du dei egiten egia-sail bat, doktrina bat, lege batzuk onartzera. Berari jarraitzeko eskatzen dio Jesusek ikasleari, bera pertsona bizi denez. Gauza bera, bai orduan, bai gaur egun. Kristauaren bokazioa bizi den Jesusi jarraitzea da.

10.-Gogo biziz lotu zitzaion Santiago Jesusi. Baina ez zuen ezagutu lehenengo egunean. Denbora asko behar izan zuen Jesusen biziera eta eginkizuna bere egiteko. Gainerako apostoluek ere denbora asko behar izan zuten Jesusen munduan sartzeko. Gauza bera gaurko egungo ikasleen kasuan ere.

11.-Santiago eta Joanek argi utzi ziguten ikasleak ez duela lortzen egiazko jarrera bat-batean edo gauetik goizera; ibilbide luze baten fruitu izaten dela. Ebanjelioetan, Santiagoren kasuan, bi pasadizo negatibo ageri dira.

12.-Behin batean, Jesus eta ikasleak, Galileatik Jerusalemera bidean, Samariako herri batean gelditu ziren ostatu eske. Herrikoek ez zieten eman nahi izan. Santiagok eta Joanek, «trumoiaren semeek», esan zioten Jesusi: «eroraraziko al dugu tximista, herri hau suntsi dezan?»

13.-Santiagoren eta Joanen gogoa, Samariako herri hura suntsitzea, aspaldi batean Eliasek egin zuenaren antzeko zen: sua jaitsarazi zuen Akab erregeak bidalitakoen gainera (2 Erg 1,10). Mendekua zen. Jesusen bidea Eliasena ez bezalakoa da: Jesusek sufrimena jasaten du, baina ez du eragiten. Bi ikasleek ez dute ulertu artean Jesusen jarrera errukia dela, eta ez inor hondatzea.

14.-Beste pasadizo negatiboa, Mateoren ebanjelioan, Jesusek bere nekaldia hirugarren aldiz iragarri ondoren dator. Bien amak Erreinuko lehen postuak eskatu zizkion Jesusi bi semeentzat. Nekaldiaz hitz egin dien arren, Jesusen bidea ulertu ezinik jarraitzen dute biek. Ez dute ikusi artean Jesusen Erreinua ez dela mundu honetako erreinuak bezalakoa. Halere, Jesusen galderari gogotik esan die baietz: «Gai al zarete nik edan behar dudan kaliza garratzetik edateko?»

15.-Nabarmena eta deigarria da kontrastea: Jesusek apostoluei gomendatu zien ministerioaren duintasunaren eta hartarako aukeratu zituen giza tresnen ahuldadearen artekoa.

16.-Santiagok, Pedro eta Joanekin batean, Jesus Antzaldatzearen esperientzia bizi izan zuen. Hartan, une batez azaldu eta agertu egin zaie Jesusen misterioa. Antzaldatze hau, segur aski, Jesus berpiztuak egin zituen agertze asko haietatik bat izan zen. Azkenean, Jesus berpiztuaz izandako esperientziari esker, behin batean Jesusi agindutako hura bete zuen Santiagok: Jesusen kaliza garratzetik edan zuen, martiri hiltzea onartuz.

17.-Kristauaren bizitzan ere bi aldi izaten dira: batzuetan iluna, Jainkoa ez balitz bezala; beste batzuetan, argia, Jainkoa begi fisikoz ere ikusiko balitz bezala. Arazoa, Jesusen Espirituari argia eskatzea da; bizitzako seinale baikorrak ikusteko, ezkorretan nahastu gabe; botila erdi beterik ikustea, erdi hutsa ikustea baztertuz.

18.-Jesus Jauna, Santiagoren eta gainerako apostoluen erreguari esker, emaguzu laguntza kaliza garratzetik edateko, zuk zeuk hain bihotz-handi edan zenuen beretik. Amen.