San Markosen ebanjelioa (2023-10-26)
Jose Antonio Pagolaren
«Jesusen Berri Ona San Markosi entzunez, 2023-2024»
liburuaren AURKEZPENA

Gauza jakina da: urte liturgikoan, igandeetan, hiru ebanjelio sinoptikoak txandaka irakurtzen dira: A urtean Mateo; B urtean Markos; C urtean Lukas. San Joanen ebanjelioak tartekatu egiten da hiru urte horietan.

Datorren urte liturgikoa (abendualditik abendualdira), 2023-2024koa, B urtea da. San Markosena irakurriko, entzungo, biziko dugu, nagusiki.

Askotan idatzi izan da, gure liturgian ebanjelioa irakurtzeko modua ez dela batere pedagogikoa: igandero testu labur bat; batere testuingururik gabe; soil-soil.

Horren erremedioa norberak edo kristau-elkarteak bilatu beharko. Ni aurkezpen honetan, ikuspegi orokor bat agertu nahi nuke Markosen ebanjelioaz. Jakina, berau ere oso nola-halakoa izango da. Zerbait izango ahal da, halere.

***

San Markosen ebanjelioa, teologikoa da, beste ebanjelioen antzera. Ez da historia bat, gaur egunean historia ulertzen dugun moduan. Baditu datu historikoak, baina teologikoa da nagusiki: hau da, Jesusen beraren, Jesusen hitz eta egitateen, interpretazioa da.

Interpretazioa. Teologikoa. Hala ere, Markosen ebanjelioa da Jesus historikoari gehienik hurbiltzen zaiona. San Joanen ebanjelioa aski beranduagokoa da; berak du teologia landuena, beste hiru ebanjelioekin konparatuz; baditu berak ere, ordea, datu historiko batzuk.

Jesusek berak ez du esan agerian, Markosi gagozkiola, bera Mesias, bera Jainkoaren Seme dela. Nahiz eta Markosek aitorpen hori ipini duen beraren ahoan atxiloturik juduen Biltzar Nagusiaren aurrean (14,62). Bere jarraitzaileei utzi die berarekin bizirik, berari entzunik, bera jokatzen ikusirik, beraren izaera ezagut dezaten: Mesias dela, Jainkoaren Semea dela atera dezaten. Oso harrigarria da, Jesusek nekaldia eta gurutzea nola bizi dituen ikusita, Jesus hil berri dela, ehuntariaren aitorpena: «Zinez, gizon hau Jainkoaren Semea zen»,

Dena dela, bera Mesias izanik, Jainkoaren Herria eratu nahi du. Eta horretarako oinarriak jarri ditu:
●lehen lau apostoluei dei egin die, eta, berariaz esan gabe, bere portaera eta jokabideaz bere burua AGERTU du (ikus1,16—3,6an, fariseuekin izan dituen eztabaidak): bost eztabaida izan ditu, eta bukaeran juduek Jesus garbitzeko erabakia hartu dute.
●3,13—5,43: Jesusek bere herriko zein diren agertu du. Hamabi apostoluak aukeratu ditu, Jainkoaren Erreinuari hasiera emateko; fariseuek esaten dute deabrua duela; ikasleak dira Jesusen familia berria: hauei parabola bidez argitzen dizkie Erreinuko sekretuak; odol-familiakoek ere ezin onartu dute: burutik egina dela uste dute; kontatzen duena ez da odoleko familiakoa izatea, baizik beragan konfiantza izatea.

Judu-agintariek bera hiltzea erabaki dutenean (Mk 3,6), HERRI BERRIA biltzen hasi da Jesus. Bere ondoan bizi eta Erreinuari buruzko mezua entzun, aditu eta ikasirik, Erreinu hori Berri On bezala munduan zabal dezaten aukeratu ditu.

Jesus bera da, beti, TALDEAREN ERDIGUNE. Baina ez du jardun nahi berak bakarrik. Jende xumearekin partekatu nahi du bere zeregina

Hamabiak eta beste ikasleak aukeratzearekin, gu geu ere aukeratu gaitu, nor bere izenaz. Isaias profetarena bere eginez: «Nik, Jaunak, dei egin dizut zeure izenaz, eskutik hartu zaitut ELKARGO izan zaitezen eta nazioen argi» (Is 42,6). Eta Jesusek ez du atzera egingo: «Gu berarekin leial ez bagara, berak leial jarraituko du» (2 Tm 2,13).

Jesusen aurka bekatu egitea, Espirituaren kontra egitea da. Baina Jesusen jarduera hain berezia da, bere odol-familiakoek berek ere ezin baitiote ulertu. Badirudi, Jesusen familiartekoek Jerusalemen moldatu nahi zuten kristau-elkarte nazionalistaren kontra, kristau-elkarte unibertsala duela Markosek gogoan. Bat zela, bestea zela, zigor latza sufritu behar izan zuen Jesusek bere bizitzan, nekaldia alde batera utzirik ere: judu-agintarien etsaigoa, familiartekoen ezin ulertua, ikasleen ezin ulertua…

Jesusen Espirituan ez sinesteak ESPIRITUAREN HERRIKO ez izatea dakar. Espirituak egiten du pertsona bat Jesusen Herriko. Esana zuen Jainkoak aspaldi batean Ezekiel profetaren bidez: «Neure espiritua ezarriko dut zuen baitan eta nire erabakiak bete ditzazuen egin du hark» (Ez 34,16).

Ikasleak dira Jesusen FAMILIA berria. Jesus maite duen oro da haren ama eta anai-arreba.

Jendearen jarrera

Markosek asko azpimarratu du apostoluen egitekoa. Baina herriaren jarrera ere nabarmendu du:
–mirari bila dabil, eta nor bere probetxu bila
–magiazalea da: gainera zetorkion jendea, bera ukitu nahiz (3,10)
— beldurra bizi du: espiritu likitsen testigantzari uko egin dio Jesusek, beldurraren testigantza da haiena

Familiartekoak (3,40-45), ama tarteko, bila etorri zaizkio. Jendeak dio burutik egina dagoela. Mariak hala uste izan al du? Markosek ez du argitu. Beste ebanjelioek diote, Maria Jainkoaren nahia egiteaz nabarmendu dela.

Parabolak

Jesusek argitu du Jainkoaren Erreinua bere betera iritsiko dela. Eginkizun horretan, Jainkoa izango da beti protagonista. Gogoratu, adibidez, ereilearen parabola (4,1-20): «ereileak mezua ereiten du». Gizakia «lo nahiz iratzarririk egon, gau eta egun, hazia erne eta hazi egiten da, hark nola ez dakiela» (4,27): mezuk berez ematen du fruitua Jainkoaren eskuz. Baina beste batean esan du: «kontu izan nola entzuten duzuen!» (4,24). Gauza bertsua adierazten du mostaza haziaren parabolaz. Parabolak esperantza bizitzeko gonbita ditugu; salbamen-historia gauza erreala dela adierazten digute: Jainkoak den-denak bere helburura jo dezan egiten du. Era ezkutuan bada ere. Era misteriotsuan dihardu Jainkoak. Zer esan nahi duen «era misteriotsuan» horrek? Har dezagun adibide xume bat: esaten dugu, familiak batek etxe berria egin duela; etxe horretaz ari garela, era bertsuan esaten dugu: halako arkitektoak egin du etxe hori; etxe horretaz ari garela, era bertsuan esaten dugu: halako kontratistak egin du etxe hori; halaber, Fededun batek esan lezake: Jainkoak egin du etxe hori. Lau kasuetan «egin» aditza edo hitza erabili dugu. Esan nahi bera al du lau kasuetan? Ez. Bistan da. Lauretako bakoitzak bere modura jokatu du. Jainkoak ere, beraz, bere modura. Nolabait esan behar-eta «era misteriotsuan» esaten dugu, era metafisikoan, hau da, ez ikusteko edo ukitzeko moduan, baina benetan. Dena da Jainkoa egintza. Baina gure lankidetza behar du, gu garen neurrikoa, eta ez Jainkoaren neurrikoa.

Mirariak (seinaleak, zeinuak)

●Jesusek naturaren gaineko indarra eta ahalmena agertu dit: ekaitza baretu du (4,35-41). Ikasleak harriturik gelditu da.

● Deabruduna sendatu du (5.1-20). Bide batez: gizona bat hartua zuen deabru-talde batek. Jesusek gizonagandik bota egin nahi du deabru-taldea, eta irtetean txerrietan sartzeko aukera eman die, eta txerriak urean ito dira. Txerri-jabeek ez diote erreparatu gizon bat sendatu izan ari, baizik eta txerriak galdu izanari, eta handik alde egiteko eskatu diote Jesusi. Egoismoak gaina hartu die Jesusenganako konfiantzari eta esker onari.

● Emakumea odol-jarioduna sendatu du (5,21-42). Emakumea magia-jarrerak-edo eraginda jardun da: Jesusen soineko-ertza ukitze hutsak sendatuko duela uste du. Jesusek, ordea, fede edo konfiantza pertsonalera pasatzen lagundu dio: «Ene alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza».

Ikasleak
Jesusen jardueraren lekuko dira Kafarnaumgo sinagogan (1,21-28).
Konbentziturik daude Jesusek ahalmen berezia duela, eta Pedroren amaginarrebaren alde eskatu diote (1,30).
Jesusen mirarien lekuko dira (1,40—3,5), eta beraren entzule.
Jesusek beren fede / konfiantza arina leporatu die behin eta berriz. Bat aipatzeko, ogien lehen ugaltzea egin ondoren, txalupan doazela ekaitza sortu denean: «ez baitzitzaien ogiena buruan sartu, adimena itsu zeukaten eta» (6,52).
Jendeari gutxiago emanik, ikasleak sendoago formatzeari emango dio Jesusek ordudanik.
Jesus, funtsean, misiolari da, eta ikasleak ere misiolari bidali ditu (6,7): «espiritu gaiztoak botatzeko ahalmena eman ziela».
Misiolari bidali aurretik, nolako jarrera izan adierazi die: jaten eta janzten modukoak izatea, beharko dutenaz ez arduratzea, konfiantza izatea jendeagan (6,6-11)

Jesus otoitzean
Pedroren amaginarreba sendaturik (1,31), ilunabarra jende asko sendatzen eman zuen, eta goizean goiz, inori ezer esan gabe, bakardade batera joan zen, eta han aurkitu zuten otoitzean (1,36). Markosek hiru aipatu du Jesus otoitz egiten; hirugarrena, Getsemanin.

Ogiaren pasadizoak
Jende askok jarraitzen dio hasiera batean (6,33). Jaten eman dio leku bakarti batean lehen aldiz (6,39-44)
Baina bere mezua doitzen eta zehazten doan heinean, askok utzi dio berari jarraitzeari.
Ikasleek, ordea, berari jarraitzea erabaki dute.
Ogiarena Markosek bi txandatan eman du. Biak antzekoak dira: deskantsurako gonbita egin die Jesusek ikasleei, baina jendetza bildu da, Jesusei entzuteko: ardiak artzainik gabe bezala ikusi du jende hori, eta irakatsi eta jaten eman dio.
Ogien ugaltzea bigarrenez (8,1-26).

Eztabaida fariseuekin (7,1-23)
TORA: oinarrizkoa legea zuten juduek Tora hori: testu idatzia, sakratua, aldaezina.
Baina INTERPRETAZIOA eskatzen du, beste edozein legedik bezala.
Interpretazio hori ahoz aho eskualdatzen zuten.
Denetik zegoen interpretazio horretan, batzuk abusiboak; jatorrizkoa desegiten zutenak ere bai: hauetaz ariko da Jesus gogor: ikasleek eskuak garbitzen ez dituztelako (7,1-5), laugarren agindua gutxiesten dutelako (nahiago dute dirua tenpluan utzi, beharrean dituzten gurasoei lagundu baino), (7,9-13), etab.
Eskuak garbitzearen kontua ez diote ulertu ikasleek ere, eta etxean argitu behar izan die: kanpotik sartzen denak ez, baizik barnetik irteten denak du kutsatzen gizakia; ez dago janaririk arrazoi erlijiosoengatik debekatua denik (7,14-23).

Emakume arrotz baten fedea / konfiantza
Judu-agintariek ez bezala, ikasleen fede / konfiantza arina ez bezala, emakume siriar-feniziarraren fedeak Jesus bera ebanjelizatu du: «Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte seme-alaben ogi-apurrak mahai azpian» (7,28).

Esan bezala, horrela jardun da Jesus Familia Berria, Herri Berria, eratu nahian. Bigarren zatian, jendeak eta ikasleek beraiek uste zutenaren kontra, Mesias nolako den adieraziko die.

BIGARREN ZATIA: Mesias nolakoa den.

NEKALDIAZ KATEKESIA (8,31—10,52)
Mesias sufrimendu bidean ageri da.
Pedroren aitorpena: Pedrok, Feliperen Zesarean, aitortu dio Jesusi, Mesias dela bera (8,29).

Hiru aldiz iragarri hilko dutela
Jesus orduan sakonago irakasten hasi zitzaien. Hiru aldiz adieraziko die lege-maisuek etab, gaizki tratatuko dutela bera eta hil egingo dutela.
Pedrok ezin ulertu du hori. Jesusek aditzera emango die ikasleei: bera ez dela Mesias erlijioso nazionalista bat, baizik eta Mesias zerbitzaria dela, munduaren salbaziorako bere burua ematen dakiena. Baina piztuko dela.

Heriotza iragarri 3. aldiz (10,12-14). Eta harrigarria. Segidan, Zebedeoren bi semeen eskaria: egizu zure eskuinean eta ezkerrean eser gaitezen. Artean ez dakite zer-nolako Erreinua hots egiten duen.

Jesusi jarraitzea.
Eta jarraitzaileek zer jarrera izan behar duten esaten die: nork bere burua ukatu, haurrak bezalako bihurtu, handinahiari uko egin, Jesusen gurutzea hartu.

Antzaldatzea
Bere irakaspen gogor hori baiesteko, antzaldatu egingo da hiru irakasleren aurrean. Piztuera aurreratzea bezala izan da, Markosen arabera. Badira Antzaldatze hori Pazko ondokoa izan dela. Baina Marcos katekista da, bere taldea eta irakurlea aldez aurretik animatu nahi du; bihotz eman nahi dio.

Testuinguru honetan, deabrudun bat sendatu du; ikasleek galdegin diote: Eta guk zergatik ezin bota izan dugu deabru hori? Horretarako fedea /konfiantza eta otoitza behar dituzte.

Eta Jesus kexu da jendearen eta ikasleen konfiantza-faltaz, eta fedearen indarra azpimarratu du.
Mutil bat ekarri diote sendatzeko, ikasleek ezin sendatu izan dutelako. Eta Jesusek: «Hau gizaldi sinesgogorra! Noiz egon behar ote dut zuen artean… Ekarri mutila» (9,19). Mutilaren aitak: «Sinetsi nahi dut. Lagundu sinesgabe honi» (9,24). Unamunoren aitorpena ekarri dit gogora: Unamumo 1936ko abenduaren 31n hil zen. Bere hilobian epitafio hau jartzeko eskatua zuen: «Sar nazazu, Aita betikoa, zeure bularrean, sukalde misteriotsu horretan, hor egingo dut lo, zeren eta lur jota bainator hain kinka gogorra pasatu behar izatetik. Hau soilik eskatzen diot Jainkoari: izan dezala errukia ateo honen arimarentzat». Eta beste hura:

«Aita, handitu atea,
ezin naiz igaro-eta,
haurrentzat egin zenuen,
ni hazi egin naiz gogoz kontra.
Handitzen ez badidazu atea,
bihur nazazu neu txiki, mesedez;
itzul nazazu adin bedeinkatura
zeinetan bizitzea amets egitea baita.
Eskerrak, aita, sentitzen baitut jada
badoala nire nerabezaroa;
arrosa-egunetara ari naiz itzultzen
zeinetan seme ez gehiago.
Seme, neure semeen seme orain
eta maskulinotarik gabe
sentitzen baitut neure altzoan jaiotzen
amatasun birjinala».
(Unamuno)

Ondoren ikasleei esango die: «Gisa honetako espirituak botatzeko bide bakarra otoitza da» (9,29)

Erreinuak aldaketa iraultzailea dakar
Burubide mundutarrarentzat, aberastasunak Jainkoaren bedeinkazioaren seinale dira (Itun Zaharrean ere askotan ageri da uste hori). Jesusentzat bedeinkazioa haurrarengan dago: haurrak bezalako egitean; ondasunak eta norbera dena bera ere partekatzean. (Ikus gazte aberatsaren pasadizoa 10,17-22.) (Txikiak onartzeaz ikusi 9,33-37: ikasleak nor handiago izango ari dira; Jesusek haur besoetan hartu)

JAINKOAREN ERREGETZA JERUSALEMEN HOTS EGIN (11—13 kap.)

Orain arte Galilean jardun da Jesus. Orain Jerusalemen hots egin nahi du Jainkoaren Erreinua.
Beste mundu bat da Jerusalem: han dago Jainkoaren Tenplua, han daude ordezkari ofizialak, han dago Sanedrina, han dago Apaiz nagusia.

Mesias bezala egin du sarrera. Tenplura doa. Desengainua. Deskalifikatu egin du Tenplua. Kanpora bota ditu merkatariak. Otoitz-etxe da Tenplua eta lapur-zulo bihurtu duzue zuek. Tenpluarekiko jokabide hau eta auzikoan bere burua Mesias aitortu izana: bi hauek izango dituzte judu buruzagiek Jesus heriotzara kondenatzeko arrazoi nagusi.

Iluntzean Betaniara joan da. Han emakume batek, perfume baliotsu batez oinak gantzutu dizkio. Jende batzuk horren kontra: zergatik alferrik galdu? Jesusek, bere heriotza iragarri die: utz ezazue bakean emakumea, perfume horrekin hilobirako gantzutu du nire gorputza

Biharamunean pikondo bat ikusi du, fruiturik gabe, eta madarikatu egin du. Israel herriaren irudi da pikondoa: hainbat eta hainbat profeta bidali dizkio Jainkoak, baina herriak kasurik ez; bere burua hondatu du.

Jerusalemen hainbat eta hainbat eztabaida izan dtu fariseu, saduzear etabarrekin. Besteak beste, saduzearren sofisma desegin du. Saduzearrek, fariseuek ez bezala, ez dute sinesten gizakiaren piztueran. Honetan, Jesusi galdetzen diote: emakume bat, hurrenez hurren, zazpi anaiaren emazte izan zen; bera ere hiltzean, zazpi haietako zeinen emazte izango da zuk diozun Erreinu horretan? Eta Jesusek erantzun die: batetik, Jainkoaren Erreinuan, piztean, jendea ez da ezkonduko, ez da biziko hemen lurrean bezala, denak aingeruak bezala izango dira; bestetik, ez duzuela jendearen piztueran sinesten? Ba, zeuek ere onartzen duzuen Tora edo Legean hau dator: «Ni, Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa naiz. Ez da, beraz, hildakoen Jainkoa, biziena baizik. Oker zaude oso» (12,26-27). Horra Jesusen baiespena: Jainkoak gizakia bizitzeko egin du, eta ez denboraldi baterako. Fede hori Jainkoaren dohaina da. Baina dohaina ez da bat-batean onartzen: orain argi-izpi bat, gero beste bat, hurrena beste bat… Harik eta fedea ARGI BIZI bihurtu arte.

Markosen ebanjelioko zati honetakoak (11—13 kap.) dira beste hainbat pasadizo: apaizburuen, lege-maisuen eta zaharren galdera tenpluan egin duena ikustean: zein aginpidez jokatzen duzu horrela? / Nekazari hiltzaileen parabola / Zesarri Zesarrena / Agindurik nagusiena / Diskurtso eskatologikoa deitu ohi dena: berak ere ez daki azken ordua noiz izango den.

HIRUGARREN ZATIA (14-15 kap.) JESUSEK BERE HERIOTZA ETA PIZTUERA IRAGARRI

Jesusek bere heriotza eta piztuera iragarri (14—15 kap.)

Gai hau da Markosen ebanjelioaren gailurra.
Lehen zatia (1,1—8,30): Mesias bezala agertu du Markosek Jesus. Ikasleek bakarrik “sinetsi” diot. Fariseuek eta herodestarrek Jesus hiltzea erabaki dute. Herriak uko egin dio. Familiartekoek ezin ulertu diote.

Bigarren zatia (8,31—13,): Markosek katekesi bat eman digu heriotzaz eta piztueraz. Eta 11—13 kap. Jerusalemen Erreinua hots egiten ageri da Jesus.

Pasadizo askotan ageri da Jesusen “porrota”:
● Eukaristia buru-eskaintza da: Jesusek abandonua bizi izan du,
● Getsemanin lur jota ageri da.
● Ordu hartatik libra dezala eskatu dio Aitari
● Arerioak bila datozkio.
● Sanedrinaren aurrean Mesias dela aitortu du: «Bai, neu naiz [Mesias], eta Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita eta zeruko hodei artean etortzen ikusiko duzue» (14,62). Eta haiek burla egin diote.
● Pilatoren aurrean salatu dute.
● Pilatok aitortu du ez diola errurik ikusten. Halere, hiltzera kondenatu du.
● Jendeak Barrabas lehenetsi du.
● Jesus abandonatua sentitu da. Ikasleek beraiek ere ihes egin dute. Eta Pedrok ukatu.

Bi gai nagusi erabili dituzte heriotzara galtzeko arrazoitzat; Tenpluan izan duen jokabidea eta bere burua Jainkoaren Semetzat eman izana.

Hil denean, bi zeinu ageri dira Markosen ebanjelioan: batetik, Tenpluko oihala urratu eta lurrera erori da: adierazten du Jesus hila dela Tenplu berria (15,38); bestetik, ehuntariak, judu ere ez denak, Jainkoaren Semea dela aitortu du (15,39).

Beste pasadizo batzuk:
● Heriotzaren prestaera bezala, hiru pasadizo dakartza Markosek:
-Apaizburu eta lege-maisuak Jesus nola atxilotu dabiltza
-Judas prest agertu zaie buruzagi erlijiosoei Jesus beraien esku jartzeko
-Aurreko bi egintza horien kontra, maitasun-egintza: Emakume batek Jesus gantzutu egin du ukendu garesti batez. Batzuek horren kontra. Jesusek: utzi ezazu bakean emakumea: «nire gorputza ukenduz igurtzi du aldez aurretik hilobirako» (14,8). Gainera datorkion heriotzaren harian ipini du Jesusek emakumearen maitasun-egintza hau. Jesusen ebanjelizazio-egintza bezala hartu du: Jesusen heriotza iragarri du. Hilekiko juduen usadioetako bat zen.
● Azken afaria (14,12-25): prestaketa, ikasleetako batek salduko duela iragarri du Jesusek; afaria bera: «Hartzazue, hau nire gorputza da», «Hau nire odola da, Jainkoarekiko ituna berrituko duena». Misterio handia da, errebelazio argia: lehen kristauek gertakizun honetan Jesusen, Mesiasen, bizitzaren eta heriotzaren zentzua sumatu zuten. Orain Elizak garbi uler dezake ogiak ugaltzearen zentzua: Jesus bera da ogia, Jainkoaren herria elikatzen duen ogia. Gainera, Jesus da Jainkoak munduaz duen behin betiko konpromisoa. Markosentzat, Jesusek bere burua gorputz zatitu bezala eta isuritako edalontzi bezala eskaini du, hau da, gurutzearen zeinu misteriotsu bezala.
● Afaldu ondoren, hilko dutela iragarri die Jesusek beste behin. Pedrori, fedezko aho beroa eta guzti, uko egingo diola esan dio
● Getsemaniko otoitz larria. Getsemaniko otoitza, Markosek dakarren hirugarrena da. Pedro, Santiago eta Joan aparte hartu ditu. Baina hauek ere lo aurkitu ditu, hiru aldiz, bera otoitz egitetik itzultzean. Eta azkenekoan, hona: «badator salduko nauena» (14,42).

Jesus giza eskuetan (14,43—15)

Getsemanin atxilotu, eta judu-biltzarrera daramate. Ikasleek ihes egin dute. Gezurrezko testigantza asko aurka. Apaiz nagusiak galdetu dio: «Zu al zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?» Eta Jesusek: «Bai, neu naiz, eta Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita eta zeruko hodei artean etortzen ikusiko duzue». Heriotza merezi du, dio Apaiz nagusiak.

Pedrok hiru bider ukatu, oilarrak bigarren aldiz jo, eta Pedrok negarrari eman (14,66-72).

Jesus Pilatoren aurrera eraman, eta Pilatok, errurik ikusten ez diolarik ere, heriotzara galdu. Eta gurutzean josi beste biren artean. Eta batzuek eta besteek iseka.(15,1-36).

Jesusek uko egin dio soldatu batek eskaini dion ozpina, narkotikoa izan zitekeena, edateari. Jesus hil denean, Tenpluko oihala urratu; Tenplu berria Jesus hila eta piztua izango da. Erromatar ehuntariak: «Zinez, gizon hau Jainkoaren Semea zen», judua ere ez den baten aitorpena da. Baziren han emakume batzuk, Galileatik Jesusi jarraika etorriak (15,29-41). Markos Jesusen historia gailurra izango denera prestatzen saiatu da ebanjelio guztian: «Gurutziltzatu egin zuten». Markosentzat, Paulorentzat eta lehen kristauentzat bezala, oinarrizko garrantzia zuen gurutzeko heriotzat. Batez ere, fedearentzat duen garrantzia azpimarratu nahi du Markosek. Jendeak eskatzen dio salba dezala bere burua, gai baldin bada. Beste modu batean, horixe bera eskatu izan diote bere bizitzan ikasleek. Jesus abandonatua sentitu da beti: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?» (15,34). Markosen ebanjelioa, Jesusek bizitza guztian sentitu du abandonua: beraren familiarena, fariseu eta beste areriorena, ikasle beraiena. Eta deiadar handi bat eginez, azken arnasa eman zuen.

Jesus hilobiratu (15,42-47)

Jesusek, familia biologikoaren ordez familia berria aldarrikatu zuenetik, ez dugu ezer jakin, Markosen ebanjelioan, beraren amaz, beraren anai-arrebez (6,3). Normalki beraiek jo behar izango zuten Pilatogana Jesusen gorpua eskatzera. Ikasleek ere huts egin dute. Sanedrineko bati egokitu zaio hori: Arimateako Joseri. Judu jainkozalea eta isilka Jesusen isilka ote? «Jainkoaren erregetza noiz iritsi zain zegoen», dio Markosek (15,43); besterik ez. Bera joan zen Pilatogana, eta berak hilobiratu zuen Jesus.

AZKENA

Hilobia hutsik: «Piztu da» (16,1-20)

Larunbatean, emakumeak hilobira joan dira gorpua gantzutzera. Harrigarria: harria kendurik ikusi dute, eta gorpua falta. Gazte bat azaldu zaie: Ez izutu. Gurutziltzatua piztua da. Zoazte. Esan Pedrori bereziki Galileara joan behar dutela.
Emakumeek alde egin zuten beldurrez, eta ez zioten inori ezer esan.
Funtsezko lau elementu ageri dira pasarte honetan: batetik, Jesus piztu da; bestetik, Kristo berpiztu hori Jesus gurutziltzatua bera da; hirugarren, Jesusek birgaitu egin du Hamabien talde apostolikoa: zoazte Galileara; laugarren, Jesus berpiztua giza historiaren aldi eta leku jakinetan agertuko da. Jesusek agindu zien ikasleei 14,28an, Galilean bilduko zela beraiekin piztu ondoren; hemen, 16,7an, berritu egin du promes hura.

Honela bukatu du Markosek bere ebanjelioa. Baina norbaitek 16,9-20 zatia gehitu dio. Jesus berpiztuaren agerraldi batzuk kontatzen ditu, Eta Jesus berpiztuaren azken aginduaz bukatu: «Zoazte mundu guztian zehar eta hots egin Berri Ona izaki guztiei».

Piztu dela sinetsi
Piztuera sinetsi, Jainkoak errebelaturik eta fedeaz bakarrik sinets daiteke. Eta ez hilobiko harria kendurik ikusteagatik, ezta hilobia hutsik ikusteagatik ere. Bi horiek egintza anbiguo dira; kasu honetan Jainkoaren ahalmena azpimarratzen dute.

ERANSKINA

Markosen ebanjelioan barna ikusi dugu giza errealitatea: ikasleek ezin benetan sinetsi Jesusengan; etxekoek berek ezin ulertu Jesusi; herria, bapo, Jesusek jaten ematen dion bitartean, gaixoak sendatzen dituen bitartean; egiaz, ordea, Jesus uko; judu buruzagi erlijiosoek: ikusten ari direna ez ikusi nahi; Pilato, politikoetan politikoena: edozer gauza egiteko gai bere karguari eustekotan.

Ez ote dugu hori guztia gure, betiko eta gaurko gizartearen argazki? Hori begi-bistan dugula, Pagolaren homiliak atentzioa emateko eta esnatzeko bide egoki-egokiak: igandero-igandero, gizarteko arazo bat mahai gainean ipini, idazkera xinple eta lauaz, eta azkenean ebanjelioaren argiaz argitu. Ikusi nahi duenarentzat ikusgai.

Lazkao, 2023-10-23
DIONISIO AMUNDARAIN