San Joseren Festaburua. Eliza osoaren Zaindaria. Matxoaren 19a.
Ebanjelioen arabera, Daviden ondorengotzat eman ohi dugu Jose, Jesus jaio zen Daviden leinukotzat… .(Ik. Mat 1,80; 13,55).
Batez ere, ordea, bere fedeagatik dugu Jose gogoan, bere leialtasunagatik eta, zailena eta sinesgaitzena zirudienean ere, Jainkoaren nahia betetzeko agertu zuen zaletasunagatik.
Zer izan zen Joseren bizitza, Jesusekin bat etorri eta bat egitea baizik? Haren santutasuna bere bihotzean txertatu nahi izatea baizik?
Ebanjelioak gizon zintzoa deitzen dio Jose santuari (Mt 1,19).
Barne-bizitza sumaezina bizi duen gizona da, zeinetatik baitatorkio arima xume eta garbien indarra, erabaki handietarako ausardia; esaterako, bere askatasuna bat-batean Jainkoaren asmoen eskura jarri ahal izateko. (Paulo VI.a, 1969).
Hitz gutxikoa da Jose, baina egintza bizikoa. Etsenplu erakargarria eskaini digu: Jainkoaren deiaren aurrean prestasuna, nolanahiko gertaeren aurrean lasaitasuna eta konfiantza betea, bere fede- eta otoitz-bizitzaren fruitu dena. (ik. Joan XXIIIa, 1963).
Nazareteko Familiaren bizitzan, lana da maitasunaren etengabeko ezaugarria. Nazareteko etxean Jesusek bizi izan duen esanekotasuna Joseren lanean parte hartze bezala hartu izan da.
Lanak, eskulanak, Ebanjelioan, esanahi berezia du. Josek «salbamenaren misteriora» hurbildu egin du gizakiaren lana. (ik. Joan Paulo II.a, Redemp. custos).
Jainkoak bere grazia nori berea eman ohi dio: bakoitza zertarako den hartarakoa. Josek ere bere egitekorako grazia hartu zuen Jainkoagandik, salbamenaren historian bakarra eta errepikaezina den egitekorako grazia.
Pio IX.ak Eliza Katoliko osoaren Zaindari deklaratu zuen Jose patriarka santua. Pio XII.ak, berriz, Jose Langile Santuaren jaia eraiki zuen, maiatzaren 1ean ospatzekoa, langileen eredu emanez.
GAURKO OTOITZA
KANTARI DUT ENE BIHOTZA ESKER ONEZ
Jauna, bor-bor dut bihotza esker onez
zuk eman hainbat dohain eta bedeinkazioengatik.
Ez nuke ezertarako bihotzaren eta ezpainen kantua,
izango ez banu ene bizitza zure zerbitzari,
ene egintzen testigantza zuri eskaintzeko.
Esker ona zuri, gorespena zuri.
Ezerezetik nauzu atera Zuk eta zure aukerako egin,
zoriontsu nauzu egin zeure maitasunaz eta presentziaz.
Ez zaitut ondo ezagutzen,
neure premiak berak ez ditut ezagutzen eta.
Baina Zuk, Aita, Zuk goitik behera gaituzu ezagutzen.
Ezin maite dut neure burua ere Zuk maite nauzun bezala.
Zuk, Jauna, bihotz bakarra didazu eman,
zuretzat izan dadin, soilik zuretzat.
Jauna, zure aurrean egotea: gauza atseginagorik ez.
Zeure aurrean nauzu orain.
Onar nazazu nahi duzun unean eta moduan.
Egin nazazu Zeuk nahi bezalako.
Neurea zaitut eta zeurea nauzu.
Zeure irudira nauzu sortu, hauts apur batetik,
eta zeure seme / alaba bihurtu.
Ospe, aintza, gorespen zuri,
menderen mendetan. Amen.