SAN JOSE (2019-03-19)

SARRERA

Gaur Nazareteko Joseren jaia ospatzen dugu. Gizon jatorra eta zintzoa. Zerbitzari leiala. Jesusen eta Mariaren «aingeru guardakoa». Jose, haren etsenplua, haren xumetasuna, haren apaltasuna: geure bizitzarako etsenplu eta jarraibide izan beharko genituzke. Pozez bete beharko gintuzke ezaugarri horiek gu bezalako pertsona batek bizi izanak. Jesusez eta Mariaz arduratu zen bezalaxe arduratzen da gaur gutako bakoitzaz, zerutik, Aitaren altzotik. Ospakizun honek berotu dezala gure bihotza eta bete gaitzala esperantzaz.
Gaur, bestalde, gogora gaitezen geure seminarioaz. Izan dezagun gogoan Jesusek esana: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Erregutu, bada uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara».

LEHENENGO IRAKURGAIA: Samuelen bigarren liburutik (7,4-5a.12-14a.16)

Natan profeta Jainkoaren eta David erregearen arteko bitartekoa izan zen. Natanen bidez, Jainkoak Davidi ondorengo berezi bat izango zuela agindu zion. Itun Berriko liburuen arabera, Jesus da Daviden ondorengo berezi hori; adibidez, Erromatarrei egindako gutunean, hau dator Jesu Kristoz: «Daviden leinukoa; Espiritu Santuaren bidez, Jainkoaren Seme egina, hildakoen artetik piztuz ahalmen osoa duena» (Erm 1,3-4). Halere, kontuan izan behar da, Paulok gaurko bigarren irakurgaian esaten digun bezala, promes hori betetzea benetako fedea izateari lotua dagoela. Kristo izan da fedea benetan bizi izan duena. Eta Jose ere agertu du fede sendo bat.

BIGARREN IRAKURGAIA: Erromatarrei egindako gutunetik (4,13.16-18.22)

Paulo, Abrahamen adibideaz baliatu da, salbamen-historiaz duen ikusmoldea azaltzeko. Paulo jabetu da, ezen bere fedeari esker jaso zuela Abrahamek Jainkoak agindu edo promestu zion ondarea. Esperantza guztien kontra eta gainetik sinetsi zuen Abrahamek. Espero izateko inolako zirrizturik ez zegoenean, sinetsi egin zuen Abrahamek. Eta ondorio hau atera du Paulok: Abrahami Jainkoak eman dion bedeinkazioa, guri ere emango digula, baldin eta hildakoen artetik piztu den harengan sinesten badugu; hau da, Kristogan eta haren irakaspenean sinesten badugu.
Abraham bezala, Jose ere adibide bizi eta handia dugu fedea bizitzeari dagokionez.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (1,16.18-21.24a)

Mateok dakarren Jesusen jatorri-zerrendan, hau dio: «Jakobek Jose sortu zuen, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zen Jesus». Beraz, Joseren semetzat ematen da Jesus; horrela, Jose tarteko dela, David erregearen ondorengoa da Jesus. Ebanjelioak Josez hitz egiten jarraitzen du: Espiritu Santuak Joseri ametsetan hitz egin diola, hau da, bere kontzientzian hitz egin diola, esateko, nola jokatu behar duen Mariarekin eta Jesusekin. Eta Jose guztiz leial izan da Espirituak esandako horietan.

HERRIAREN ESKARIAK

1.-Elizarentzat. Eliza osatzen dugun guztiok pozik bizi gaitezen, Jainkoa aitatzat eta amatzat dugulako, eta geure artean senide garela senti dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Gazteentzat. Beti bihotza irekirik izan dezaten Espiritu Santuak barruan esaten diena entzun eta betetzeko, Jose Santuak egin zuen bezala. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Mundu osoko aita eta ama guztientzat. Aita eta ama izatea nolako duintasuna den kontura daitezen, eta horren arabera bizi. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Euskal Herrian eta mundu osoan Jesusen uztarako, bihotz handiko langileak sor daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.