SAN JOSE B 2015-03-19

SARRERA

Senideok, San Joseren eguna ospatzen dugu gaur. Jesusen eta Mariaren «aingeru guardakoa». Gizon zintzoa. Hala dio latinezko mezako sarrerak, eta laurogeita hamaikagarren salmoko ezaugarri hau leporatu dio: «Jaunaren etxean haziko eta ugalduko da, adar asko dituen palmondoa edo arbola bezala».
Hitz gutxikoa. Prestasun handia eskaini dio Jainkoaren deiari. Eta konfiantza ere bai beraren duda-mudei Jainkoak eman dien hitzaren aurrean.
Andre Mariarekin batean, Jesusen ardura izan du; Jainkoak bere egitekoa eskaini eta Josek onartu arretatsu. Ardura handi hori, bokazio hori, munduan harro eta putz agertu gabe bete du Josek; isilik eta nabarmenkeriarik gabe.
Pio IX.a aita santuak, Eliza katolikoaren Zaindari deklaratu zuen Jose santua. Tradizioz, heriotzako ordurako laguntzaile berezitzat hartu izan da. Eska diezaiogun Jaunari, Joseren bitartez, alde batetik apaltasuna eta bestetik ardura, geure bizitza Jesusen bideari jarraituz egin ahal izateko.

LEHENENGO IRAKURGAIA Samuelen bigarren liburutik (7,4-5a.12-14a.16)

David erregeak tenplu egin nahi izan dio Yahveri, Jainkoari. Baina David erregea bekatari handia izan delako, Jainkoak ez dio onartu tenpluri. Halaz guztiz, Davidek, bere bekatuak eta guzti, fedeari sendo eutsi diolako, promes hau egin dio Yahvek: bere ondorengoa handia izango dela. Tenplua, berriz, Davidek berak ez, baizik Salomon haren semeak eraikiko duela. Jainkoak, beraz, bedeinkatu egin du David, fededun izan delako. Jose, Andre Mariaren senarra, Daviden ondorengoa da, Daviden familiakoa. Odolez baino gehiago agertu duen fedeaz.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik 4,13.16-18.22)

Abraham fede-eredua da, eta esperantza-eredua. Sendo eutsi dio hark Jainkoarekiko fedeari, eta esperantza izan du esperantza izateko itxurarik ikusi ez duen arren. Horregatik, elkargoa egin du Jainkoak harekin, eta jende-multzo handi baten arbaso bihurtu. Abrahamen fede eta esperantza hauek Joseren fedea eta esperantza dakarzkigute gogora. Baita Joseren ondradutasuna ere.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (1,16.18-21.24a)

Mariaren eta Joseren seme bezala baino gehiago, Jainkoaren Seme bezala agertu nahi digu Jesus Mateok, bere ebanjelioaren hasieran.
Bai Mateoren ustean, bai Lukasen ustean, Jainko Aita da Jesusi izena ezarri diona. Bi ebanjelio horietan, aingeruak esaten die zein izen ezarri: Lukasen kasuan, aingerua Mariari mintzo zaio; Mateoren kasuan, berriz, Joseri: Jesus izena ezarriko diozu.
Bada beste parekotasun bat ere Mariaren eta Joseren artean: Lukasen ebanjelioan Mariak aingeruari esan dio: «Gerta bekit zuk diozun bezala». Mateoren ebanjelioan, berriz, hau dator: «Josek, esnatu zenean, Jaunaren aingeruak agindu ziona egin zuen». Biek esan diote Jainkoaren deiari «bai» handia. Mariak eta Josek, biek hartu dute Jesusekiko ardura. Eta ondo asko bete duten biek ala biek ere egiteko hori.
Senideok, har dezagun Jose geure eredutzat geure bokazioa, geure egitekoa, mundu honetan betetzeko: zintzotasuna, ondradutasuna, fedea, konfiantza, esperantza. MAITASUNA.

JAINKOAREN HERRIAREN ESKARIAK

1.-Kristau guztien alde: munduak eskaintzen duen segurtasunean baino gehiago, konfiantza Jainkoaren hitzean jar dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Une batean baino gehiagotan Jose santuak nekoso ikusi zuen bere egitekoa; gaur egun, askotan, bizitza ilun eta beltz ikusten dugun guztion alde; argitasuna nork bere burua besteen zerbitzura jartzeak dakarrela konbentzi gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-. Gure artean eta munduan Jose izena duten guztien alde: izen horrek Jose santua bizikiago ikustera eraman ditzan. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Munduan zuzentasuna eta bakea eragingo dituen jendea sor dadin. Eska diezaiogun Jaunari.