Joan Bataiatzailea (2017-06-24)
HOMILIA

Aspalditik, IV. menditik, ospatzen da gure Eliza guztiz maitean Joan Bataiatzailearen jaia. Gainera, oso santu gutxiri eskaini ohi dizkiogu bi jai; horietako bat dugu Joan Bataiatzailea: gaur jaiotza; abuztuaren 29an martiritza.

Frantzisko aita santuarekin bat eginez, hiru bokazio azpimarratuko ditut Joanengan: «Batetik, Jesus Jaunaren etorrera prestatu; bigarren, Jesus Jaunari antzeman, Jesus Jauna zein den bereizi, alegia; hirugarren, bere burua beheratu, Jesus Jauna haz dadin».

Lehenik eta behin, Jesusi bidea prestatu dio Joanek. Ez du ezer hartu beretzat. Gizon inportantea da Joan: haren bila dabil jendea, harengana doa, haren hitza sendoa delako; bihotzera iristen den hitza du; tentazioa izan du handia dela uste izateko, baina ez da tentazioan erori; lege-maisuek nor den galdetu diotenean, «ni ez naiz Mesias» erantzun du; haren ahotsa naiz, ahotsa bakarrik; Jaunari bidea prestatzera etorri naiz; herriaren bihotza prestatzera, Jaunari harrera ona egin diezaion.

Bigarren. Zein da Jesus Jauna? Hauxe da Joanen bigarren bokazioa. Hainbat jende onaren artean Jauna zein den bereizten jakin du. Jaunari antzematen jakin du. Jakina, Espirituak argitu du, eta bera gai izan da erabaki handi bat hartzeko. Guri gauza normala iruditzen zaigu hori. Baina ausardia behar zen, egin duen baieztapena egiteko. Etorriko zitzaion duda bat-edo: hau ote da benetan Mesias? Eta berak bai: hau da Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kenduko duena. Ni baino duinago da, mila bider. Honek esan nahi du, bihotza irekirik zuela, bera bezalako gizon bat onartzeko, Mesiastzat hartzeko.

Eta hirugarren bokazioa. Bere burua beheratu du, Jesus bere lekuan ipintzeko. Eta, jakina, unerik zailena izan du hau Joanek. Izan ere, berea ez bezalako bidea erakusten hasi da Jesus. Ez ote dut oker hitz egin?, galdetu dio bere buruari. Pentsa! Kartzelan dagoela, bere ikasle batzuk bidali dizkio Jesusi, galdetzera: zu al zara Mesias? Duda horrekin bukatu du lur honetako bizitzaldia.

Gogorra izan du bere hiltze fisikoa. Une arin batean, emakume jeloskor baten gorrotoa, neskatxa dantzari baten saria, edana dagoen gizon baten lelokeria… jasan behar izan ditu; odolezko heriotza mingarria. Agian, ordea, mingarriagoa, bihotzean azken egunetan jasan duen ilunaldia Jesus dela eta ez dela. Egia ote Jesus dela Mesias? Beste jokabide bat izango zuela uste nuen. Nondik nora, bekatariak hain arin berekin hartze hori? Nondik nora bizitza hain arin jartze hori? Nondik nora barauak eta beste indarrik gabeko uzte hori?

Joan Bataiatzailea, muga-mugakoa izan da Itun Zaharraren eta Itun Berriaren artean. «Ez da amaren semerik sortu Joan Bataiatzailea baino handiagorik; hala ere, Jainkoaren erreinuko txikiena ere hura baino handiagoa da», esan digu Jesusek (Mt 11,11). Esan nahi du: Joan handia izan arren, Jesusi jarraituz Jainkoaren erreinuan sartu direnak handiagoak dira.

Senideok, aukera ederra dugu nork bere bokazioaz gogoeta egiteko. Zer bokazioa zuen pentsatua niretzat Jainkoak ni neure amaren erraietan erne baino? Nola ari naiz erantzuten? Baita gure Eliza maitearen jarreraz eta jokabideaz gogoeta egiteko. Zer pena ematen duen ikusteak, badela eliztarren artean jenderik, azken aldi honetan Espiritu Santuak eraginik eliztar askok proposatzen dizkigun berritasunei bihotza ixten dionik.

Alabaina, dena dela nire bokazioa, dena dela nire erantzuna, dela dela Elizaren miseria, izan dezagun gogoan Aita Santuak aste honetan berean esan diguna: «Jesusen lekuko edo testiguen egundoko saila dugu geurekin, Jesusekin batean; Andre Maria tarteko, eta gaur bereziki Joan Bataiatzailea.

DIONISIO AMUNDARAIN