MENDEKOSTE IGANDEA ABC (2015-05-24)

Greco-rentzat, Maria Magdalenak ehun eta zazpi ordezkatzen ditu

Mendekosteren pintura sonatuan, El Greco-k margotuan, orain Prado museoan gordean, bada xehetasun bat, oharkapean gera litekeena: Andre Mariaren ondoan Maria Magdalena dator. Ondorioz, Espiritu Santua ez da jaitsi Hamabiengana (gotzainen ordezkariengana) bakarrik; baita Andre Mariagana ere (Jesusen ama izateagatik onartzen zaio) eta iragan dudagarriko emakume sekular batengana ere (XVI. mendearen azken aldera, Maria Magdalenak ez zuen gaur egungo feministen artean bezain izen onik). El Greco Eginak liburuko kontakizunean inspiratu denez gero, non ehun eta hogei lagun aipatzen baitira, konkludi genezake Magdalenak ehun eta zazpi ordezkatzen dituela. Nola lotu hau, gaur irakurriko dugun Joanen ebanjelioko kontakizunarekin, non, ematen baitu, Jesusek Hamaikei bakarrik ematen diela Espiritu Santua? Beste behin, bi kontakizun desberdin ditugu aurrean, komunikatu nahi den mezuaren arabera. Alabaina, hobe dugu testurik antzinakoenarekin hasi, korintoarrei egindako gutunekoarekin (K.o. 51. urte inguruan idatzia).

Espirituaren garrantzia (1 korintoarrei 12,3b-7.12-13)

Pasarte honetan, kristau guztiengan Espirituak ari duen ekintzaz mintzo da Paulo. Espirituari esker aitortzen dugu Jesus Jauntzat (eta hori aitortzeagatik, arriskuan jartzen zuten bizia; izan ere, erromatarrek uste zuten Zesar zela Jauna). Espirituari esker dira kristau-elkartean askotariko ministerio eta zereginak (guztiak kleroak monopolizatu aurretik). Eta Espirituari esker, kristau-elkartean ez da erlijioak eragindako desberdintasunik (ez judu, ez greko), ezta klase sozialik ere (ez esklabo, ez aske). Galaziarrei egindako gutunean, Paulok esango du generoan (gizonezko eta emakume) oinarritutako desberdintasunak ere galdu egin direla. Azken batean, kristauok garena eta duguna Espirituaren fruitu da, zeren Jesus berpiztuak gure artean izateko duen modua baita.

Lukasen bertsioa (Apostoluen Eginak liburua 2,1-11)

Norbanakoaren mailan, bataioan komunikatzen zaigu Espiritua. Baina Lukasek, Eginak liburuan, buruan sartu nahi digu, ezen Espirituaren etorrera ez dela esperientzia pertsonala eta pribatua bakarrik, baizik eta elkarte osoarena dela. Horregatik dator bertan diren guztien gainera; lehen esana dugunez, ehun eta hogei inguru ziren (kantitate sinbolikoa: 12 bider 10). Aldi berean, oso estu kateatzen du Espirituaren dohaina apostolutzarekin; hain juxtu, Espiritua ez dator elkartea bere baitan batzera bakarrik, orobat eragiten dio kanpora, «Jainkoaren gauza eta egintza harrigarriak» aireratzera, bertan diren juduek azkenean aitortu dutenez.

Joanen bertsioa 20,19-23

Joanen ebanjelioak, Pauloren antzeko bidetik, Espirituaz mintzo denean, ministerio edo eginkizun jakin batekin lotzen du; hasiera batean Hamabiei bakarrik zegokien eginkizunarekin: norbait onartu ala ez kristau-elkartean (bekatuak barkatu ala gorde).
Ideia labur hauek argi uzten dute kristau bakoitzaren bizitzan eta Elizan Espirituak zuen funtsezko garrantzia. Teologiaren geroko hizkuntzak, misterioa sakondu nahian, kristau-herria oinarrizko esperientzia horretatik urruntzea ekarri du. Alabaina, Mendekoste eguneko Sekuentzia ederrak hasierako hura berreskuratzen lagundu diezaguke.

Hizkuntzen dohaina

«Eta hizkuntza desberdinetan hitz egiten hasi ziren, Espirituak esaten ziena adierazteko». Lehenengo arazoa: munduko beste parajeetan hitz egiten ziren hizkuntzak al ziren?, ala inork ezagutzen ez zituen hizkuntza arraroak, misteriotsuak? Kontakizun honetan argi dago, ezen beste paraje batzuetan hitz egiten ziren hizkuntzez ari dela idazlea. Bertan diren juduek diote, «bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan entzuten diela hitz egiten». Baina interpretazio honek ez du balio geroagoko beste kasu batzuetarako: Kornelio ehuntariaren eta Efesoko ikasleen kasurako. Autore batzuek bi fenomeno bereizteari uko egiten badiote ere, badirudi bi kasu desberdinen aurrean aurkitzen garela: hizkuntza arrotzetan hitz egin eta «hizkuntza arrarotan» hitz egin (Paulok «aingeruen hizkuntzak» deitzen dituenetan).
Lehenengo kasua erraz arrazoitu daiteke. Lehen kristau-misiolari haiek, historian barna beste hainbat eta hainbat misiolarik aurre egin behar izan dioten arazo berarekin topo egin zuten: hizkuntza ezezagunak ikasi beharra Jesusen mezua hots egiteko. Gertaera hau beti izan da zaila, batez ere gramatikarik eta hizkuntza-akademiarik ez zenean; horregatik, modu berezian eragin dio Lukasi fenomeno horrek, ematen duenez, eta Espirituaren dohain berezi bezala jaso nahi izan du emaitza; hain juxtu, hasiera hartako mirari bezala aurkeztu digu Lukasek, ahalegin handi baten fruitu izango zen hura.
Bigarren arazoa nahasiagoa da: hizkuntza arraroena, alegia. Paulok korintoarrei egindako lehen gutunean jaso dugu horren berri. Elkarte hartan, Paulok fundatuetako exotikoena zen hartan, dohain hori zuten lagun batzuek, eta beste edozein dohain baino handiagotzat ematen zuten. Fenomeno honen oinarrian uste hau legoke: edozein hizkuntza dela oso pobrea Jainkoaz hitz egiteko eta hura goratzeko. Hitzak falta dira. Horregatik, soinu arraroetara jotzen dute, gainerakoek ulertzen ez dituztenetara; sentimendurik hondokoenak agertu nahi izaten dituzte, esperientzia mistiko baten harira. Jakina, soinu horiek itzuliko dituen norbaiten beharra izaten dute, Korinton gertatzen zenez. (Uste dut, fenomeno hau –gauza kuriosa, Grezian badu testigantzarik– Delfosko orakuluaren tradizioarekin erlaziona litekeela; han, Pitia-k hizkuntza ulertezinean hitz egiten du, eta «profeta» batek interpretatzen).
Halaz guztiz, ez dago argi hain teologikoa eta sakona den interpretazio hau posibleetan bakarra den. Gaur egungo talde karismatiko batzuetan, badira «hizkuntzetan hitz egiten jarraitzen dutenak»; behatzaile inpartzial batek jakitera eman dit, ezen soinu arraroak jaulkitze hustzat ematen dutela guztia, inolako edukirik gabekotzat. Benetako nahasmendu bihurtzeko arriskua du honek, Paulok korintoarrei esaten dienez. Bertan direnei ez die ezertako balio, eta, fedegabe bat bertaratuko balitz, denak zoraturik direla pentsatuko luke.

JOSÉ LUIS SICRE