MENDEKOSTE IGANDEA B (2012-05-27)

SARRERA

Senideok, Espiritu Santuaren etorrera ospatzen dugu. Pazkoaldiko jai handi bat da Mendekoste. Are gehiago, pazkoaldi guztiaren gailurra da. Lehen kristau-elkarteek garbi eta argi zuten hau: alegia, beren artean gertatzen ari zena Espirituaren lana zela. Espirituak Jesusengan egin zuen guztia, kristau haietako bakoitzean ari zen egiten momentu hartan. Jesusen bidez, Espiritua egiten ari den lan ikusgarriaren sinboloa da Mendekoste.
Espirituaren presentzia gugan aurkitzea esan nahi du Pazkoa ospatzeak. Jesusengan eta lehen kristauengan egin zuen gauza hura bera egiten ari da orain gutako bakoitzarengan.
Juduen aspaldiko jaia da, jatorriz, Mendekoste. Egiptotik ihes egin ondoren, Sinai mendian Jainkoak eta herriak egindako elkargoa gogoratzen zuten: Legearen elkargoa. Pazko ondorengo berrogeita hamargarren egunean ospatzen zuten. Guk Pazkoa egunetik berrogeita hamargarren egunean ospatzen dugu Mendekoste, hau da, Espiritu Santuaren etorrera. Adierazi nahi dugu, Kristo ondoko elkarte berriaren oinarria ez da Legea, baizik Espiritua.
Antzinako kultura askotan arnasa bizitzaren seinalea zen. Ruah hitza erabili ohi zuten arnasa esateko. Adibidez, Jainkoak gizakiari, buztinez eratu ondoren, sudurrean ruah arnastu zion: biziaren arnasa ufatu zion. Gaurko ebanjelioan, Jesusek bere arnasa ufatzen die ikasleei, Espiritua emateko. Hau da, bizi-arnasa emateko. Zatoz, Espiritu Santua, eta bete gure bihotza jainkozko biziaz.

LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (2,1-11)

Entzutera goazen Lukasen testuak «Eliza lehertzearen» hasiera dakarkigu. Lehertze-momentu hura arte, fededunen elkartea bere baitan bildurik bizi zen, Jaunaren oroipena eginez. Baina, momentu hartatik aurrera, elkarte misiolari bihurtuko da, Jesusen Espiritua dela medio.
Entzungo ditugun sinboloek ez dute inportantzia handirik: haizea, suzko mihi edo mingainak; ageriko seinale huts dira, espirituaren presentzia eta mezua unibertsala dela adierazten dute. Gertatu zen hura da gauza ziurra eta inporta duena; alegia, Jesusen jarraitzaile gutxi eta beldurti haiek, Espirituaren eraginez, apostolu eta profeta bihurtu ziren, eta Jesus berpiztuaren berria ematera jo zuten mundu osora.
Jesus gurutzean hiltzean, ikasleen fedeak egundoko erroka jasan zuen; pazko-esperientziarekin piztu eta bizkortu egin zen fede hura, eta azkenean, Espirituaren eraginez, bete-betera iritsi zen. Hala, Jesusen espirituaren lekuko, misiolari eta zabaltzaile bihurtu ziren. Horixe da Elizaren jaiotza: Jesusengan sinesteaz eta haren oroipena egiteaz gain, Jesusen espirituaren testigu bizi egin dira.

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen gutunetik (12,3b-7.12-13)

Korintoarrei egindako gutuneko pasarte hau ulertzeko, kontuan hartu behar da testuingurua, hau da, zergatik idatzi zien.
Zehazki, korintoarren liturgi ospakizunetan gertatzen zen jendearen zatiketaz ari da Paulo. Horren aurrean, Paulok azpimarratzen die: Jauna bat bakarra dela, Espiritua bat bakarra dela, Jainkoa bat bakarra dela. Ondorioz, bakoitzak eta guztiek egiten dutena guztien onerako behar du izan. Eta horretan guztiz garrantzizkoa da Jesusen Espiritua gogoan izatea. Besteak beste, Espirituak ematen digu Jainkoari «Abba, Aita» fedez esan ahal izatea. Espirituak Kristogan txertatzen gaitu. Kristoren baitan bakoitzak bere egitekoa du, baina guztien batasunerako izatekotan.

EBANJELIOA San Joanen arabera (20,19-23)

Hona entzungo dugun ebanjelioaren laburpena: «Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet nik zuek. Hartzazue Espiritu Santua».
Senideok, gaur ez dugu ospatzen Espiritu Santuaren jaia. Espiritu Santuaren etorrera ospatzen dugu. Bi gauza desberdin dira.
Espiritu Santuaren jaia ospatuko bagenu, Espiritu Santua zer den argitzen saiatu beharko genuke. Baina ez da hori. Gaur, etorreraz ari gara. Guk geure egitekoa bete ahal dezagun etorri da Espiritua, hau da, mundu guztiari Jesus berpiztuaren berri eman ahal izateko. Horretarako, bizia ematen digu Espirituak, bizi-arnasa ematen digu; ahalmena ematen digu alferkeria, lotsa, beldurra alde batera uzteko. Zatoz, Espiritu Santua, eta emaiozu astindu eder bat gure bihotz lokartuari.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Mendekosteko Espirituak etengabe jarrai dezan Elizako kide guztiak eta bakoitza animatzen: Jesusen espiritua bizi dezaten eta zabaldu. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gure mundu honentzat, hainbat tokitan gerran bizi den honentzat: herri guztietan ari de Jainkoaren Espirituak pixkana eraman gaitzan Babelgo dorreko nahasmendua gainditzera, eta Bakearen bidean lehiatzera. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Pobreen alde, premian bizi direnen alde: Jainkoaren Espirituak, «pobreen aitak», gauzak ondo ikusteko argia eta munduan askatasuna eragiteko adorea eman diezaien. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Duela bi mila urteko Mendekoste hartan bezala, gaur egun ere herri guztiek uler dezaten maitasunaren eta elkartasunaren hizkuntza, herri batek beste bat mendean hartu gabe. Eska diezaiogun Jaunari.