Mendekoste igandea A (2020-05-31)

Mezako liturgiak ez dio eman tratu batere onik Espiritu Santuari. Aintza-n, Aitaz eta Semeaz luze aritu ondoren, azkenean, kasik beharturik bezala, hona zen gehitu duen: «Espiritu Santuarekin, Jainko Aitaren argitan». Eta Credo-an, «Jauna eta bizi-emailea» aitortzen duen arren, garrantzi handiagoa ematen dio jainkozko beste bi pertsonekin duen erlazioari («Aitagandik eta Semeagandik dena») eta Itun Zaharrera mugatzen du beraren egintza («profeten ahoz hitz egin zuena»). Zorionez, testu biblikoek irudi askoz aberatsagoa eskaintzen digute. Baina nahasiagoa ere bai; Lukasek eta Joanek Espiritu Santuaren dohainak bi bertsio desberdin eskaini digute, nork bere mezu partikularra eman nahi dutelako. Baina hobe dugu testurik zaharrenetik hasi, Korintoarrei egindako lehen gutunetik (51. urte inguruan idatzi zenetik).

Espirituaren garrantzia (2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 12,3b-7.12-13)

Espiritua kristau guztiengan egiten ari denaz mintzo da Paulo pasarte honetan. Espirituari esker aitortzen dugu Jesus Jaun (eta hori aitortzeagatik bizitza jartzen zuten jokoan, zeren eta Erromatarrek Zesar baitzuten beren Jauna). Espirituari esker dituzte kristau-elkartean askotariko ministerioak eta zereginak (kleroak ia guztiak monopolizatu baino lehen). Eta, Espirituari esker, kristau-elkartean ez da erlijioak eragindako alderik (ez judu eta ez greko), ezta klase sozialik ere (ez esklabo eta ez aske). Galaziarrei egindako gutunean, Paulok dio, galduak direla generoan (gizonezko eta emakume) oinarrituriko aldeak ere. Azken batean, kristauok garen eta dugun guztia Espirituaren fruitu da, hori baita Jesus berpiztua gure artean egotearen modua.

Lukasen bertsioa (lehen irakurgaia: Apostoluen Eginak 2,1-11)

Maila indibidualean, bataioan ematen da Espiritua. Baina Lukasek, Eginak liburuan, sartu nahi digu buruan, Espirituaren etorrera ez dela esperientzia pertsonal eta pribatu hutsa, baizik eta elkarte osoarena. Iragarria zuen hori jada Joel profetak, esan zuenean, Jaunak bere espiritua bidaliko zuela israeldarren gainera, inolako genero (seme eta alaba) bereizterik gabe, adin (adin handiko eta gazte) bereizterik gabe, klase sozial (jopu eta aske) bereizterik gabe. Horregatik dator Espiritua bertaratu guztien gainera, zeinak, duela gutxi esan duenaren arabera, ehun eta hogei lagun baitziren (kopuru sinbolikoa: 12 bider 10). Aldi berean, Espiritua ematea hertsiki uztartu du apostolutzarekin. Espiritua ez dator elkartea barnez elkartzera bakarrik, baizik eta «Jainkoaren miresgarriak» hots egitera eragiten dio elkarteari, bertan diren juduek, azkenean, aitortu dutenez.
Eszena honen errepresentazio piktorikorik famatuena El Greco-ren koadroa da, El Prado museoan jasoa. Badu xehetasun bat, oharkabe gerta litekeena: Andre Mariaren ondoan Maria Magdalena dago. Ondorioz, Espiritu Santua ez da jaitsi Hamabien (gotzainek ordezkatzen dituzten haien) gainera bakarrik, baita Andre Mariagana ere (horretarako bide ematen zaio, Jesusen ama delako) eta baita iragan nolabaitekoa duen sekular baten gainera ere (XVI. mendearen akaberan, Maria Magdalenak ez zuen gaur egungo feministen artean duena bezain fama onik). El Greco-k ezin pintatu zuen ehun eta hogei lagunen elkarte bat, baina dohainaren askotarikotasuna eta osotasuna iradoki ditu Magdalena bitarteko dela.

Joanen ebanjelioaren bertsioa (20,19-23)

Pasarte hau irakurri genuen jada Pazkoa ondoko bigarren igandean. Orduko neure iruzkinean gai desberdinak nabarmendu nituen: ikasleen beldurra, Jesusen agurra, eskuen eta saihetsaren froga, Espiritua bidaltzea eta beronen dohaina. Gogora dezadan azken gai honetaz esan nuena, funtsezkoa gaurko gai honetan.
Markosen eta Mateoren ebanjelioek ez diote ezer dohain honetaz, eta Lukasek Mendekoste egunerako gorde du. Laugarren ebanjelioak une honetan kokatu du, bekatuak barkatzeko edo ukatzeko ahalmenarekin loturik. Nola interpretatu behar dugu ahalmen hori? Ez du ematen sakramentu-aitortzaz ari denik, geroagoko jarduera baita hori. Gainerako beste ebanjelio guztietan, ikasleen misio edo eginkizuna hertsiki erlazionaturik dago bataioarekin. Ematen du, Joanengan, bekatuak barkatzeak edo ez barkatzeak zentzu hau duela: bataiora onartzea edo ez onartzea, eskatzen duenaren prestaera eta jarrera nolakoak diren.

Konklusioa

Ideia gutxi hauek argi jartzen dute Espirituak izan zuen funtsezko garrantzia kristau bakoitzaren eta Elizaren bizitzan. Teologiaren geroko hizkuntzak, misterioan sakondu nahirik, kristau-herriari oinarrizko esperientzia horretatik aldentzera eragin dio. Aitzitik, gaurko Mezako sekuentzia hura berreskuratzeko laguntza izan daiteke.

Hizkuntzen dohaina

«Eta hizkuntza desberdinetan hitz egiten hasi ziren, Espirituak nola adierazi ematen zienez». Lehen arazoa, jakitea da, ea munduko beste alde batzuetan hitz egiten ziren hizkuntzak ziren ala hizkuntza arraroak, misteriotsuak, inork ezagutzen ez zituenak. Kontakizun honetan, garbi dago, beste leku batzuetan hitz egindako hizkuntzak zirela. Bertan diren juduek diote, «nork bere jatorrizko hizkuntzan hitz egiten entzuten diela». Baina interpretazio honek ez du balio Kornelio ehuntariaren eta Efesoko ikasleen geroagoko kasuentzat. Zenbait autorek bi fenomenoak bereizteari uko egiten dion arren, ematen du bi gertaera desberdin ditugula begi aurrean: batetik, hizkuntza arrotzez hitz egitea; bestetik, «hizkuntza arraroz» (Paulok «aingeruen hizkuntzak deituko ditu) hitz egitea.
Lehen kasua erraz da arrazoitzea. Lehen kristau misiolariek problema bati aurre egin behar izan zioten, historian barna beste hainbat eta hainbatek egin behar izan dioten berari: hizkuntza ezezagunak ikasteari, Jesusen mezua eskualdatzeko. Ematen du, gertaera hau deigarri gertatu zaiola Lukasi: beti zaila izanik, are zailagoa gramatikarik ez denean, ezta hizkuntza-eskolarik ere, eta Espirituaren dohain berezitzat jaso nahi izan duela, ahalegin handi baten fruitu izan zena hasierako miraritzat emanez.
Bigarrena gauza korapilatsuagoa da. Paulok korintoarrei egindako lehen gutunaren bidez ezagutu dugu. Elkarte hartan, berak fundatu zituenetan exotikoena, dohain hau zuten batzuek, beste edozein dohain baino handiagotzat ematen zutena. Fenomeno honen oinarrian, kontzientzia hau egon bide zegoen: edozein hizkuntza guztiz eskasa dela Jainkoaz hitz egiteko eta bera goresteko. Hitzak falta dira. Eta soinu arraroetara jotzen dute, gainerakoentzat ulertezinak, sentimendurik hondokoenak adierazi nahiz, esperientzia mistiko baten ildotik. Horregatik, edukia itzuliko, ulergarri egingo duen norbaiten beharra dute, Korinton gertatzen zenez. (Uste dut, fenomeno hau, Grezian hain juxtu bere testigantza duena, Delfoseko orakuluaren tradizioarekin erlaziona genezakeela, han Pitia hizkuntza ulertezin batez mintzo baitzen, «profeta» batek interpretatzen zuelarik).
Halaz guztiz, ez dago argi, hain teologikoa eta sakona den interpretazio hau posible den bakarra izatea. Gaur egungo zenbait talde karismatikotan badira «hizkuntzatan mintzo diren» pertsonak; behatzaile inpartzial batek adierazi dit soinu arraroen emisio hustzat ematen dutela guztia, inolako edukirik gabekotzat. Honek nahasmendu huts bihurtzeko arriskua izango luke, Paulok korintoarrei esan dien bezala. Bertakoek ez dute ezertako on, eta fededun ez den bat etorriko balitz, denak zoraturik daudela pentsatuko luke.

José Luis Sicre