BUZTINA ESPIRITUAK ARNASTUA (Joan 20,19-23)
Pazkoaldiko 8. ig. A Mendekoste 2020-05-31

Joanek asko zaindu nahi izan du Jesusek ikasleei gomendatutako misioa dakarren eszena. Garbi utzi nahi du zer den funtsezkoa. Jesus elkartearen erdian dago, denei bakea eta poza ematen. Baina ikasleei eginkizun bat dagokie, misio bat. Jesusek ez ditu deitu berarekin goza dezaten bakarrik, baizik eta bera munduan presente egin dezaten.

Jesusek «bidali egin ditu». Ez die esan zehazki norengana joan behar duten, zer egin behar duten edota nola jokatu behar duten: «Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet nik zuek». Beren egitekoa Jesusena bera dute. Ez dute besterik: Jesusek Aitagandik hartu duena bera. Bera izan dena izan behar dute berak munduan.

Ikusi dute norengana hurbildu izan den, nolako tratua eman izan dien ahulenei, nola eraman duen aurrera bizitza gizatiartzeko bere egitasmoa, nola erein izan dituen askapen eta barkazio-keinuak. Beraren eskuetako eta saihetseko zauriek bere guztizko buru-eskaintza dakarkiete gogora. Jesusek jendearen artean beraren presentzia «berregin» dezaten bidaltzen ditu orain.

Alabaina, badaki beraren ikasle horiek hauskor direla. Behin baino gehiagotan geratu izan da ahozabalik haien «fede koxkorra» ikustean. Beraren Espirituaren beharra dute beren misioa beteko badute. Horregatik, keinu berezi bat egitera doa beraiekin. Ez dizkie ezarriko bere eskuak, ez ditu bedeinkatuko, gaixoekin eta txikiekin egin ohi zuenez: «Bere arnasa ufatu die gainera, eta esan die: Har ezazue Espiritu Santua».

Jesusen keinu honek askotan ezin atzeman izaten dugun indarra du. Biblia-tradizioaren arabera, Jainkoak «buztinez» moldatu zuen Adam; ondoren, bere «bizi-arnasa» ufatu zuen haren gainera, eta buztinki hura «bizidun» bihurtu zen. Horixe da gizakia: buztin-puska bat Jesusen Espirituak arnastua.

Fededun hauskor eta fede koxkorreko: buztineko kristau, buztineko teologo, buztinezko apaiz eta gotzain, buztineko elkarte… Jesusen Espirituak bakarrik bihurtzen gaitu Eliza bizi. Haren Espiritua onartzen ez duten eremuak «hilik» geratzen dira. Guztioi egiten digute kalte, haren presentzia bizia gure artean eguneratzea eragozten baitigute.

Jende askok ezin atzeman ditu gugan Kristok eraberritutako bakea, poza eta bizitza. Ez dugu inor bataiatu behar urez bakarrik, baizik eta Jesusen Espiritua isuri behar diogu. Ez dugu egin behar maitasunez hitz egin bakarrik, baizik eta jendea maitatu egin behar dugu Jesusek bezala.

Jose Antonio Pagola